Iruñeko Udalak ingurumen hezkuntza herritarrengana zabalduko du, haiei eta eskola-komunitateari zuzendutako 10 programa abian jarrita. Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak 2018rako prestatu dituen lan-programek duela urtebete onetsitako plan estrategikoari eutsiko diote. Ingurumen Hezkuntzako Museoa Udalaren eskuetara itzuli zela urtebete igaro den honetan, hain zuzen, zerbitzuko datuek aditzera ematen dute hirian duen eraginak eta herritarren parte-hartzeak % 10,3 egin dutela gora: 2017an 10.352 lagunek parte hartu zuten, 2016an zenbatutako 9.103 lagunen aldean.
Hiri Ekologia eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak, Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuko koordinatzaile Ana María Domínguezek eta udal-teknikari Maria Sotok prentsaurrekoan azaldu dituzte 2018ko jarduketa-ildoak, eta 2017ko balantzea ere egin dute. Esandakoaren arabera, zerbitzua berriz udalekotu osteko lehen urte honetan, xede izan dute ikasle zein herritarrei zuzendutako jarduerak eskaintzea hala Museoan bertan nola kalean; hori horrela, jarduerak Errotazar kaleko udal-zerbitzuaren egoitzan zentralizatu beharrean, kalera atera dituzte jarduera zenbait, herritarrek haiekin topo egin dezaten. Alorreko arduradunek adierazi dutenez, egindako balantzea positiboa da, zerbitzua herritar gehiagorengana iristen delako eta munta handiagoko esku-hartzeak egin direlako.
2018ko ildoak
Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak 2018rako ezarritako lan-ildoek 3 ardatz dituzte oinarri: Udala, hezkuntza-komunitatea eta herritarrak, eta ingurumen hezkuntza hiru ardatz horietan txertatzea da asmoa.
Ingurumen hezkuntza txertatzeko hezkuntza-komunitatean, Haur zein Lehen Hezkuntzako ikastetxeetara eta Haur Eskoletara zuzendutako eskola-baratze ekologikoen programa zabalduko da aurten. 2017an Rochapea eta Sanduzelai ikastetxe publikoetan abiatutako proba pilotuaren ostean, eskola-baratzeen programa zabalduko da, eta eskola-baratzeendako diru-laguntza lerro bat irekiko da. Halaber, programa berriak abiatuko dira, besteak beste, Mendillorriko Aintziraren inguruko hezkuntza-programa bat sortuko da, auzoko ikastetxeei zuzenduta, eta Ecozine Jaialdian atal gazte bat abiatuko da Iruñean, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeendako. Gainera, aldian-aldiko jardueren programa mantenduko da, zeina hezkuntza-etapa guztietara zuzendu eta museoaren instalazioetan egiten baita.
Herritarrei zuzendutako ingurumen hezkuntza beste ekimen batzuen bitartez lantzen denaren barruan dago: Jasangarritasunaren Eskolaren programa, Museoa zeureganatu! ekimena, Hiri Ekologiako Foroa, ingurumen arloko boluntariotza, edalontzi berrerabilgarriaren kanpaina, Ecozine Jaialdia eta oporraldietako ingurumen-lantegiak. Funtsean, helburua da herritarrendako hezkuntza-eskaintza handitzea eta dibertsifikatzea, eta aldaketak eragiten dituzten dinamikak sortzea, indartzea eta laguntzea.
Ingurumen hezkuntza Udalean bertan txertatzeko udal-langileak prestatu eta sentsibilizatzeko ekintzak aurreikusi dira beren lan-esparruetan ingurumenaren aldeko praktika onak ezagutu ditzaten, eta horrez gain, Udalaren alor eta zerbitzuen arteko elkarlana eta koordinazioa landuko da, ingurumen hezkuntzaz bezainbatean.
Lan-ildo horiez gain, beste ekintza batzuk aurreikusi dira: webgune bat sortzea, Ingurumen Hezkuntzako Museoko instalazioak hobetzea eta jarduerak garatzeko hezkuntza-materialak erostea.
Jarduketen balantzea
2017an zehar, Ingurumen Hezkuntza Zerbitzuak plan estrategiko bat abiatu zuen kontzeptu eta lan-ildo berriei heltzeko Udalaren eskuetara itzuli ostean. Ezarritako konpromisoek erabateko aldaketa eragin zuten ingurumen hezkuntzaren arloan Udalak ordura arte egindako lanean. Orduz geroztik eragin handiago dauka hirian, hiriari zabalik dago, eta 2017an eragin hori eta herritarren parte hartzea % 10 inguru handitu zela kalkulatzen da.
Hirian eragin handiagoa duten eta herritarrei zabalik dauden esku-hartzeei dagokienez, edalontzi berrerabilgarriaren inguruko komunikazio-kanpaina eta 2017-2018 ikasturteko eskola-baratzeen programa pilotua azpimarratu behar dira, eta Jasangarritasunaren Eskolako programari emandako bultzada. Herritarrei zabalik egoteko asmoari dagokionez, Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak hogei bat kolektibo eta zazpi entitate publikorekin lankidetzan aritu da, elkarri eraginez (Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua, Lursarea, etab), eta lan horren fruitu izan dira 2017an gauzatu diren zenbait ekintza, eta 2018rako aurreikusi diren beste batzuk.
Izandako eraginean eta herritarren parte-hartzean gertatu den gorakadari dagokionez, 2016an 9.103 bisitari zenbatu zituen Ingurumen Hezkuntzako Museoak bere instalazioetan egindako jarduera askotarikoetan. 2017an Ingurumen Hezkuntzako Museoak 9.053 bisitari zenbatu zituen instalazioetan. Datu horri gehitu behar zaizkio beste 1.299 parte-hartzaile, museoko instalazioetatik kanpo Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak egindako beste jardueretan. Jarduera horiek zuzenduta zeuden ikastetxeei (928 parte-hartzaile); herritarrei, oro har,(249); eta Udaleko langileei (122). Beraz, jarduerak 10.352 lagunengana iritsi dira, eta horrek esan nahi du iazko ekitaldiarekin alderatuta % 10,3 ko gorakada izan dela.