IrriSarri Land asteburuan irekiko dute hainbat berrikuntzarekin

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 15a, 08:58

IrrisarriLand-en bosgarren denboraldiaren aurkezpena, atzo. Arg: erran.eus

Jarduera eta hobekuntza berriak nahiz instalazio handiagoak eta ekitaldi berriak dira nagusi 2018ko denboraldiaren hasiera honetan, Igantziko IrriSarri Land resort eta abentura parkearen bosgarrenean.

Jarduera eta hobekuntza berriak nahiz instalazio handiagoak eta ekitaldi berriak dira nagusi 2018ko denboraldiaren hasiera honetan, Igantziko IrriSarri Land resort eta abentura parkearen bosgarrenean, ateak berriro zabalduko baititu ostiral honetan, martxoaren 16an. Joan den denboraldian, instalazioek 60.000tik gora lagunen bisitaldia jaso zuten. 

Jarduerak

Jardueretan, arborismo jarduera berri bat abian jarri izana da gauza berririk aipagarriena; 45 erronka dira bi kokapenetan, barnekoa eta kanpokoa. Segurtasun-sistema berria dakar; bizi-lerro jarraitua erraten zaiona.

Kanpoaldean, instalazioak erabat ordezkatu du aurreko abentura-bidea, eta orain, 30 jolas eskaintzen ditu, 3 zirkuitutan banatuta, guztiak ere parkeko zuhaitzen gainean; zenbaitetan, altuera 15 metrokoa da. Zirkuituetan bizi-lerro jarraitua izeneko kable bat dago. Erabiltzailea kable horri lotuta joaten da ibilbidearen hasieratik bukaeraraino, eta ezin da askatu amaierara iritsi arte. Gainera, horri esker, 1,10 cm-tik gorako haur guztiek erabil dezakete jarduera; gogoratuko dugu, joan den denboraldian, gutxienez 1,40 cm-ko garaiera behar zela.

Ibilbide horren osagarri, badira bi via ferrata eta altuera-ibilbide bat, Jolastokian egin daitekeena; azken horretan ere bizi-lerro jarraitua paratu da. 12 urtetik behekoek heldu batek lagunduta joan beharko dute, jarduera horietan aritzeko.

Bi instalazioak etengabe daude monitoreen begiradapean, eta biak erabiltzeko, aurrez prestakuntza txiki bat egin beharko da Jolastokiaren barnean.

Bestalde, bike-jaitsiera bideak berritu eta hobetu dira; orain badira irteerako arrapalak eta helmugako arkuak. Alokairuan, bizikleta flota berritu da eta bizikleta espezializatuagoak eskaintzen dira.

Segurtasuna

Segurtasuna beti izan da IrriSarri landen lehentasuna. Horregatik, langileek urtero prestakuntza jasotzen dute tirolinen eta penduluaren erabileraz, eta erreskate tekniketan ere irakasten zaie. Instalazio guztiei, gainera, segurtasun arloko auditoria zorrotza egiten zaie, arlo honetan ezarrita dauden arauek agindutakoa baino zorrotzagoa. Parkea zabalik egon den lau denboraldietan ez da istripu larririk batere izan.

Gainera, beste gauza berri bat aipatu behar da, desfibrilatzaile bat erosi eta harrera-eremuan paratu baita, bihotzeko larrialdiak artatzeko. Taldean dauden gehienek prestakuntza jaso dute tresna nola erabili jakiteko.

Sarrerak

Denboraldiak bertzelako berritasuna ere ekarri du; hots, parkean sartzeko modua. Izan ere, lau sarrera mota jarriko dira salgai; bata, bike jaitsieretarako, eta beste hiru, gainerako instalazioetarako.

Baxiko Natura sarrerak 10 euro balio du 3tik 12 urtera bitarteko haurrentzat, eta 12 euro, helduentzat, eta hau guztia dago barne: Jolastokiaren erabilera (arnesik gabe), Zubi Tibetarra, Disko-Golfa, Ikatz Museoa, uretako jolasak eta ibilbideak: Baxiren Bila, Paisaia, Mitologikoa, Abentura (arborismorik gabe) eta Natura.

Baxiko Abenturak (22 eta 24 euro) hauxe dauka barne: arestian aipatutako jarduerez gain, kanpoko zein barneko arborismo bideak, eta 160 nahiz 370 metroko tirolinak.

Azkenik, Baxiko Abentura Plus sarrerak, aipatutako guztiez gain, beste hiru tirolina ere barnebiltzen ditu, 200, 215 eta 900 metrokoak, hain zuzen.

Esperientziaren osagarri, gainerako jarduerak banaka kontratatu daitezke: tirolinak, pendulua, IrriSarri Expres trena, Via Ferrata, Arborismoa, Laser Tag, Segwaya eta hipika.

Resorteko hiru ostatuetako edozeinetan ostatu harturik dauden guztiek Baxiko Natura sarrera dute barnebildua, eta % 15eko deskontua jarduera soltetan.

Baxiko Bikek 22 euro balio du, Baxiko Natura sarrera dauka barnebildua, eta era berean, bike parkeko eguneroko fort faita, pistetarako igoera, bizikletak garbitzeko mangera eta konponketa txikietarako tailerra. Bost egun ezberdinetan pertsona berberarentzat sarrera erosten dituzten bikerrek beste sarrera bat izanen dute opari, beste egun batean itzultzeko.

Aurreko denboraldietan bezala, Baztan–Bidasoaldeko herrietako bizilaguna % 50eko deskontua dute oinarrizko sarreran. Bertze talde batzuek ere deskontuak dituzte.

Udalekuak

Bertzalde, parkeko udalekuetan ere gauza berri nabarmenak izanen dira aurten. Iaz, gure udalekuetan, 600 haurrek parte hartu zuten. Zehazki, egonaldi gehiago izanen dira; horrela, lehen txanda ekainaren 17tik 22ra eginen da, eta azkena, berriz, irailaren 2tik 7ra.

6na eguneko bost udaleku antolatu dira. Guztietan ere parkearen berezko jarduerak eginen dira, bai eta gaueko jarduerak ere, eta arloz arloko pertsona adituek zuzenduko dituzte.

Jarduera-anitzeko udalekuan abentura jarduerak dira ardatz, bai eta naturan ikasteko jarduerak ere.

Borja Rodríguez parkeko monitorea bikeko udalekuaren zuzendaria da. Aproposa da bizikleta gainean trebeziak ikasteko, IrriSarri Landeko jaitsiera-pistak eta dirt parkea baliatuta.

Zo-Zongo taldeak perkusioko udalekuaren zuzendaritza darama, eta mugimendua, entzumena eta erritmoa lantzen dituzte.

Beste udaleku baten ardatza hiri-dantzak dira. Parte-hartzaileek, beraz, hainbat estilotako nozioak ikasiko dituzte: hip-hopa, new style, break dance, gimnasia akrobatikoak, dance-lirical, Freestyle, etab. Rebeca Aranzadik -akademia bateko zuzendariak- darama haren zuzendaritzaren eta garapenaren ardura.

Azkenik, pintura lantzeko udalekuan, Iciar Mikelperizena arituko da arduradun. Berako pintorea da.  

Udalekuetan aritzen diren haur guztiei Baxiko Naturako txartel bat emanen zaie, eta horri esker, doan sartuko dira parkean denboraldiaren gainerako egunetan.

Ikastetxeak

Eta hezkuntza-jarduerak alde batera utzi gabe, heldu den astean ikastetxe eta eskolen bisitaldiak hasiko dira. Joan den denboraldian, 30 ikastetxe etorri ziren bisitan, Nafarroa, EAE, Aragoi, Errioxa, Katalunia eta Iparraldekoak, hain zuzen ere.

Ordutegiak

Resorta berriz ere zabalik egonen da asteburuetan: ostiraletan, jarduerak 14:00etatik 18:00etara, eta Jolastokia, afaldu ondorengo ordura arte; larunbat eta igandeetan, berriz, goizeko 10etatik aitzina. Aste Santuko eskola-oporraldietan, martxoaren 23tik aurrera egonen da zabalik apirilaren 8ra arte. Halaber, maiatzeko zubi guztian egonen da zabalik, bai eta hil horren 4tik 13ra ere, aste horretan Frantzian hainbat jaiegun dituztelakoz. Udan eta Eguberrietan ere egunero dago irekita. 

Albistea ERRAN.EUS webgunetik hartua. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!