Abiadura Handiko Trenari, planteamendu berria Foru Gobernutik

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 13a, 11:24

Euskal Autonomia Erkidegoko Y-arekin lotura nola egin aztertzerakoan bi aukera daude nagusiki mahai gainean: Gasteiztik egitea lotura edota Ezkio-Itsasotik. Nafarroak bien arteko "fusioa" jarri du mahai gainean.

Gasteizko loturak izan ditzakeen onurak eta Ezkio-Itsasok ematen ahal dizkionak batuta beste aukera bat jarri du mahai gainean Nafarroako Gobernuak Abiadura Handiko Trenari dagokionez. Orain arte Espainiako Sustapen Ministroarekin izandakoetan argi geratu dena izan da bi aukera aztertzen ari direla batez ere: Nafarroako AHTaren lotura Euskal Autonomia Erkidegoko Y-arekin egiterakoan Gasteizko bidea erabiltzea edota, lotunea Ezkio-Itsasotik egitea. Hirugarren proposamen bat jarri du Nafarroak mahai gainean: bi aukera horiek "fusionatuko" lituzkeen aukera dela nabarmendu du Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako presidenteordearen departamentuak. 

Planteamendu berria, Nafarroatik

Gasteizko aukera erabiliko lukete Iruñetik Bakairura. Eta Bakaikun, lotura eginen lukete Ezkio-Itsasoko aukerarekin. "Aukera hori bere garaian kontuan hartu zen, ahalmena baduelako, irizpideak betetzen dituelako eta malda malkartsuegirik ez duelako", azaldu du Aierdik. Beharrezkoa litzatekeen tunela laburragoa izanen litzatekeela ere azpimarratu du: "Bi kilometro txikiagoa litzateke". 

Gasteiz eta Bergaran gertatuko denarekin, zalantzati

Garapen Ekonomikorako departamentutik atzo bertan zalantzak zituztela onartu zuten, batez ere, bi azpiegituretan: Gasteizen izanen duen "edukierarekin" eta Bergaran sortuko den "korapiloarekin". Eusko Jaurlaritzak egindako analisiarekin kezkatuta daudela onartu dute: "Gasteizko aukeraren aldeko apustua eginen balitz eta etorkizunera begira aurreikusitakoa den erabilera betetzen bada saturazioa gehiegizkoa litzateke", azaldu du Aierdik. Hala eskatu du errebisatu ditzatela edukiera, inbertsioa, ingurumen kalteak eta errentagarritasuna bezalako irizpideak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!