That´s English programarekin jaio zen Iruñeko Urrutiko Hizkuntz Eskola 1993. urtean. Ordutik, asko izan dira eskolak hartzera pasatako herritarrak. Ingelesa ikasteaz gainera hizkuntza gehiagotan barneratzeko aukera ere ematen dute. Ingeleseko programa horretan 61.777 matrikula egin dira urteotan, 28.541 egin dituzte euskaran (2000. urtetik eskaintzen da), 19.715 frantsesean (1994. urtean eskaintzen hasi ziren) eta 1.525 alemanieran (2008. urtean eskaintzen hasi ziren).
Une hauetan aukera bat baino gehiago ditu Urrutiko Hizkuntz Eskolak eta arrakastatsuenen artean dago Bigarren Hezkuntzako ikasleekin egiten duten elkarlana. Hizkuntzen titulazioa lortzeko asko dira eskola horretan izen ematen duten ikasleak: orain 5.500 ikasle ari dira 81 ikastetxe desberdinetakoak. That´s English programak ere jende asko erakartzen du: ingelesa ikasten ahal da eskolak hartuz noizean behin eta etxean norberak bere kasa ikasiz. Modu horretan ari dira egun 1.100 ikasle. Irakasleei bereziki eskaintzen zaizkie ere eskolak: 225 plaza eskaintzen ditu horretarako.
Iruñean dago kokatua Urrutiko Hizkuntz Eskola. Baina beste 37 herritan ere eskaintzen dituzte eskolak: Altsastun, Agotzen, Azagran, Etxarri Aranatzen, Mendabian, Tafallan, Tuteran edota Erronkarin. Egun 14 irakasle ari dira lanean bertan: 3 euskara eskolak emanez, 2 frantsesean, 1 alemanieran eta 8 ingelesean.
Ekitaldi ofiziala 25 urteak ospatzeko
Martxoaren 23an ospatuko ditu Urrutiko Hizkuntz Eskolak 25 urteak. Horretarako Nafarroako Lehendakaria izanen da bertan, Uxue Barkos eta baita beste hainbat kide ere: Santiago Arellano, Hezkuntza kontseilaria zena eskolak ateak ireki zituenean eta egungo eskolako zuzendari Garbiñe Urrezti. Ezpeleta Jauregian eginen dute ekitaldia.