Ana Beltranen enegarren showa, euskararen inguruan polemika sortze aldera

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 9a, 13:17

> Nafarroako parlamentuan euskaraz hitz egiteagatik, nafar gehienekiko errespetu falta eta min egiteko gogoa egotzi die Soziolingustika Klusterreko ordezkariei.
> Klusterreko ordezkarien erantzuna entzun gabe alde egin du Euskararen Legearen Aldaketari buruzko batzordetik PPko parlamentariak.
> Euskarazko azpitituuak ikusteko, sakatu azpitituluen ikurra.

Azken aldi honetan, Nafarroako eskuin politikoarentzat zein mediatikoarentzat edozein aitzakiak balio du euskararen inguruan polemika pizten saiatzeko, eta polemika horri etekin elektoralista ateratzen ahalegintzeko. Gero eta gertakari txikiagoengatik gero eta espantu handiagoak egiten dituzte. PPko parlamentari Ana Beltranek gaur egindakoa, horren adibide ezin hobea.

Soziolinguistika Klusterreko ordezkariak Nafarroako Parlamentuan izan dira, Euskararen Legearen aldaketari buruzko batzordean, foru erkidegoko azken datu soziolinguistikoen berri ematen. Eta Beltran andereak sekulakoak eta bi esan dizkie ordezkarioi eta batzordetik alde egin du, , Beltranek berak azaldu duenez, agerraldi horretan euskaraz mintzatu direlako eta Hego Euskal Herria terminoa erabili dutelako.

“Zuek ezin duzue Nafarroako Parlamentura etorri nafar gehienei eta zuek ongi ezagutzen duzuen Nafarroaren errealitate instituzionalari errespetu falta egitera, Nafarroa ez baita Hego Euskal Herria”, esan du PPko parlamentariak. “Hona etorri zarete zirikatzera eta min ematera, hitzaldi osoa euskaraz eginez, jakinda euskara hemen ez dela hizkuntza ofiziala”, gaineratu du. “Eta banoa zuen azalpenak entzun gabe, hau errespetu falta bat delako, eta hori delako nafar gehienek uste dutena”, azaldu du, azkenik, altxatu eta alde egin aurretik.

Klusterreko ordezkariek azaldu dute Euskal Herria darabiltenean, “euskara erabiltzen den lurraldeez” ari direla, eta “termino etnografiko eta kulturala” dela. Gehiengoei doakienez, egun, PPk bi parlamentari ditu Nafarroako Parlamentuan. Aldaketaren aldeko indarrek, aldiz, 26; hau da, gehiengo osoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!