Biktima guztien aitortza eskatu dio parlamentuak Espainiari

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 6a, 07:42

ETAren biktimak, GALenak eta beste talde armatuen biktimak aitortzeko eta erreparatzeko beharraz ohartarazi du parlamentuak adierazpen baten bidez. 

Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdiek aurkeztu dute adierazpena. Agiriak sei puntu ditu guztira, eta beharrezkotzat jotzen du erakundeek neurriak hartzea aitortzaren bidetik. Agirian nabarmendu dute lehenik ETAren eta beste talde armatuen biktimei, baita GALenak ere, egia, justizia eta erreparazioa osorik jaso ahal izateko eskubidea bermatu behar zaiela.

Hurrengo hiru puntuetan, aintzat hartu dituzte tortura eta tratu txarrak jaso dituztenak. Parlamentuak azpimarratu du torturatuek ere egia, justizia eta erreparazioa jasotzea ziurtatu behar zaiela: "Terrorismoaren aurkako borrokaren testuinguruan tortura jasan dutenei aitortza publikoa egiteko eskatzen zaie erakunde zentralei eta nafarrei". Parlamentuak erakundeei eta epaitegiei galdegiten die, azken hamarkadetan izandako giza eskubideen aurkako eraso larrien eta urraketen harira, oraindik argitu gabeko ikerketak egin ditzatela eta horretan lagundu dezatela.

Era berean, parlamentuak eskatu du 1960tik 2011ra izandako giza eskubideen urraketen inguruan egon daitekeen "informazio guztiaren sistematizazioan aurrera" jarrai dezatela. "Gobernu zentralari galdegiten diogu egindako urraketa eta abusu guztien datu ofizial zehatzak eta xehatuak biltzea eta argitaratzea".

Parlamentuak era berean dei egiten dio Espainiako Gobernuari Zigor Kodea eta Zigor Prozeduraren legea berrikustera, "nazioarteko giza eskubideen irizpideetara egokitu dadin eta inkomunikazioa amaitzeko asmoz". Azkenik, legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatu dio presoek euren zigorra etxetik gertu egongo den espetxe batean bete dezatela. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!