Sustrai Erakuntza taldeak erabaki du Mugikortasunaren inguruko batzordera. Nafarroako Parlamentuak Sustrai Erakuntza gonbidatu du egiten ari omen diren saio batean parte hartzeko. Sustrai Erakuntzak adierazi du ez duela parte hartuko aipatutako Batzorde horretan. Izan ere Fundazioak uste du, dagoeneko hartuak dauden erabakien aurrean daudela, eta ez duela inolako zentzurik halako batzordeak. Helbururik gabeko tramite hutsak baino ez direla uste du Sustrai Erakuntzak. Alegia, publikoki esaten dutenaren eta pribatuan hartzen dituzten erabakien aurrean, paripe hutsa dela batzorde hori.
Legegintzaldi honen hastapenetan, 2015eko uda aldera, Nafarroan behar duen tren ereduaren inguruko Akordio Programatikoaren zehaztugabetasuna ikusita, Sustrai Erakuntzak ahaleginak egin zituen Parlamentuan martxan jartzeko “Batzorde Txostengile bat tren ereduari buruz”. Asmoa ondokoa zen: Batzorde hori tresna tekniko, politiko eta soziala bihurtzea alde batetik, egungo tren ereduaren diagnostikoa egiteko eta bestetik, aukera eta alternatiben inguruan hausnartzeko, egungo eredua eraginkortasunez hobetzeko.
Batzordea onartu egin zen eta ofizialki eratu, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu) presidente izendatuz. Sustrai Erakuntza Fundazioak alderdi politiko ezberdinei helerazi zien bide orri baterako proposamen bat hainbat gai eta perspektiba jorratzeko. Harrezkeroztik hilabeteak joan dira eta Mugikortasunerako Batzordea geldirik egon omen da. Fundamenturik gabeko egoera hau gertatu bitartean, egungo Nafarroako Gobernuak jarraitu egin du aurrerapausoak ematen, batzuentzat Abiadura Handiko Trena eta besteentzat Prestazio Handiko Tren bera, bultzatzeko.
Ostiralean, Sustapenerako Ministro Iñigo de la Sernak eta Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Aierdik iragarri zuten “ekimenen uholde bat” Nafarroan AHTren inguruan hemendik udara bitartean.
Une honetan Nafarroako Gobernuak burokratikoki abian ditu AHT zati guztiak. Etxabakoitzeko geltokia falta da, garapen urbanistikoarekin edo gabe. Behar izanez gero, tren konbentzionalerako geltokia eginen dute, eta gero, iritsiko da abiadura handikoarena. Mugimendu guzti horien erdian Mugikortasunerako Batzordea jarri da martxan. Sustrai ez da joanen Parlamentuaren Mugikortasunerako Batzordera. Konklusioak idatzita daude. Eta bitartean, euren lana egiten segituko dute. Alegia, Abiadura Handiko Trena astakeria dela ohartaraziz eta tren sozialaren aldeko lana sustatuz.