Emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortze bidean, elkarlanean hainbat udal

Euskalerria Irratia 2018ko mar. 2a, 07:51

Laura Berro eta Zaloa Basabe.

Martxoaren 8ari begira hainbat konpromiso jasotzen ditu Udalak: berdintasun-politikak sustatzea;emakumeen errealitate zehatzak ikusaraztea eta egun indarrean jarraitzen duten desberdintasun-adierazpen guztiei dagokien neurria ematen jarraitzea.

Iruñeko Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du bihar, martxoaren 2an, ostiralarekin, hasiko den programa batekin, hain zuzen ere bihar inauguratuko baita María Carroren Beste begirada... pintura-erakusketa. Bidezko merkataritzako kooperatibetako emakumeak ikusarazteko dastatze bat ere egingo da programaren barruan, Emakume boteretsuak, emakumeak borrokan mahai-ingurua, Iruña, molde femeninoan argazki-lehiaketako erakusketa, eta dokumental bat proiektatuko da, zeinean Nepal, Haiti, Etiopia, India, Egipto, Peru, Kanbodia, Sierra Leona eta Afganistango neskak izango baitira protagonista. Berdintasuneko eta LGTBIko zinegotzi ordezkari Laura Berrok eta Berdintasuneko teknikari Zaloa Basabek ekimenaren xehetasun guztien berri eman dute prentsaurrekoan gaur goizean. Programa, gainera, bidezko merkataritzako produktuen dastatze batekin eta IrriZikloko euskarazko umorezko antzezlan batekin osatuko da.

Beste begirada... erakusketa bihar irekiko da, 17:00etan, Kondestablearen jauregian. María Carro pintorearen 34 obra biltzen ditu. Olio-pinturak dira mihise gainean, emakumeen erretratuak, zeinek haien banakotasunetik eta ezarritako edertasun-kanonetatik ihes eginda aniztasun kolektiboaren irudi boteretsu bat proiektatzen baitute. Martxoaren 31ra arte egongo da ikusgai.

Jarduerak martxoaren 6tik 16ra

Hurrengo astean, martxoaren 6an, asteartearekin, bidezko merkataritzako produktuen erakustaldi-dastatze bat antolatu da, SETEMekin elkarlanean, Gaztediaren Etxean, 18:30ean. Bidezko merkataritzako kooperatibetako emakumeen lana ikusaraztea du helburu. Biharamunean, martxoaren 7an, Iruñeko Udalak antolatu duen Emakume boteretsuak, emakumeak borrokan mahai-ingurua izango da, 18:30ean, Kondestable Civivoxean. Honako 

hauek izango dira parte-hartzaileak: Loli Esparza (Caprabo, Iruña), Ángela Muñoz (Las Kellys, Madril) eta Yoli Montero (zahar-etxeko langilea, Bizkaia). Iratxe Álvarez arituko da moderatzaile.

Martxoaren 8rako, ostegunarekin, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, mugimendu feministak mobilizazioak deitu ditu 12:00etan eta 20:00etan. Udalaren programaren barruan bigarren erakusketa bat ere inauguratuko da, Iruña, molde femeninoan argazki-lehiaketarena, alegia, zeina martxoaren 9an inauguratuko baita, 19:00etan, sari-banaketarekin batera. Erakusketa Kondestable Civivoxean ikusgai egongo da, martxoaren 25era arte.

Euskarazko umorezko IrriZiklo antzerki-zikloak bat egingo du ospakizunarekin, Beatriz Egizabal eta Ane Labakaren antzezlanarekin, martxoaren 14an, asteazkenarekin. Erradikalak gara taularatuko dute, eta haien kontraesanak agertuko dituzte bertsoak eta monologoak baliatuta, “erraietatik, umorez, sustrairaino heldu nahian” egindako antzezlanaren bidez. Ana Labaka bertsolaria eta bertsolaritza irakaslea da; eta Beatriz Egizabal, ipuin-kontalaria eta klowna. Emanaldia 20:00etan izango da, Nafarroako Antzerki Eskolan, eta sarrerak hiru euro balio du.

Emakumeen Nazioarteko Eguneko programazioari buru emateko, martxoaren 16an, ostiralarekin, Nepal, Haiti, Etiopia, India, Egipto, Peru, Kanbodia, Sierra Leona eta Afganistango neskak protagonista dituen Girl rising dokumentala proiektatuko da. Munduko bederatzi leku ezberdinetako bederatzi neskatoren esperientzia erakusten du, zeinek kontatzen baitute nola egiten dieten aurre hezkuntzara sartzeko dituzten oztopo sozial eta kulturalei. 2013an filmatutako zinta ikusi ondoren solasaldia egongo da. Jarduera 19:00etan izango da, Iturramako Civivoxean.

Nafarroako Udalen adierazpena

Prentsaurrekoan ere ezagutzera eman da gaur arratsaldean Iruñeko Udaleko Osoko Bilkuran aurkeztuko den adierazpena, Nafarroako beste Udal batzuek onetsitakoaren antzekoa, martxoaren 8aren karietara. Denbora bizitza baldin bada, zenbateko bizitza du zure egunak? izenburupean, hainbat konpromiso jasotzen ditu: berdintasun-politikak sustatzen jarraitzea tokiko erakundeetatik; gure udalerrietako emakumeen errealitate zehatzak ikusarazten eta egun indarrean jarraitzen duten desberdintasun-adierazpen guztiei dagokien neurria ematen jarraitzea; emakume eta gizonen arteko ezberdintasun-egoera guztiak gainditzeko jarduketak ezartzea; eta Mugimendu feministari laguntzea bere borroka eta eskaeretan.

 

Martxoak 8. Emakumeen Nazioarteko Eguna

  • IRUÑEKO UDALAREN PROGRAMAZIOA
  • Beste begirada... pintura-erakusketaren inaugurazio-ekitaldia
  • María Carro Echeverríaren lanak
  • Martxoak 2, ostirala. 17:00. Kondestable Civivoxa
  • Martxoaren 31ra bitarte ikusgai. Bisita-ordutegia: 09:00 –14:00 eta 17:00 – 21:00
  • Bidezko merkataritzaren produktuen erakusketa eta dastatzea
  • Bidezko merkataritzako kooperatibetako emakumeen ikusarazpena
  • SETEMekin elkarlanean
  • Martxoak 6, asteartea. 18:30. Gaztediaren Etxea
  • Mahai-ingurua. Emakume boteretsuak, emakumeak borrokan
  • Parte-hartzaileak: Loli Esparza (Caprabo, Iruña), Ángela Muñoz (Las Kellys, Madril) eta Yoli Montero (zahar-etxeko langilea, Bizkaia). Moderatzailea: Iratxe Álvarez
  • Martxoak 7, asteazkena. 18:30 – 20:30. Kondestable Civivoxa
  • Emakumeen Nazioarteko Eguna
  • Mugimendu feministak deitutako mobilizazioak
  • Martxoak 8, osteguna. 12:00 eta 20:00
  • Iruña, molde femeninoan lehiaketaren sari-banaketa eta argazki-erakusketaren inaugurazio-ekitaldia
  • Martxoak 9, ostirala. 19:00. Kondestable Civivoxa
  • Martxoaren 25era bitarte ikusgai. Bisita-ordutegia:
  • Antzerkia, euskaraz. IrriZiklo: Erradikalak gara.
  • Beatriz Egizabal eta Ane Labakaren eskutik
  • Martxoak 14, asteazkena. 20:00. Nafarroako Antzerki Eskola. Sarrerak: 3 euro.
  • Dokumental emanaldia eta solasaldia. Girl rising
  • Nepal, Haiti, Etiopia, India, Egipto, Peru, Kanbodia, Sierra Leona eta Afganistango neskak dira protagonista.
  • Martxoak 16, ostirala. 19:00 – 21:00. Iturramako Civivoxa
  • ADIERAZPENA: DENBORA BIZITZA BALDIN BADA, ZENBATEKO BIZITZA DU ZURE EGUNAK?

Urtero bezala, Martxoaren 8ak herritarrak, gizarte eragileak eta instituzioak behartzen gaitu emakume eta gizonen arteko benetako berdintasunaren ispiluaren aurrean paratzera, eta aztertzera horrek ematen digun irudia, askotan ez baita behar bezain atsegina.

Mugimendu feministak eta emakumeen mugimenduak mendez mende borrokan aritu dira, zailtasun, ukazio eta erresistentzien aurrean eta, azkeneko hamarkadetan, administrazio askok ere jardun dute emakume eta gizonen arteko eskubide, tratu eta aukera berdintasuna erdiesteko, eta orain lortutako aurrerapenen balantzea egin behar dugu. Baina gelditu nahi dugu, baita ere, aurreratzen lagundu beharrean moteltze- eta are atzeratze-prozesuetan sartzen gaituzten alderdi horietan, eta baita ere gizarte demokratiko eta berdinagoen alde lan egiten dugunontzat oraindik lortu gabeko erronka eta konpromiso saihestezin direnak. Azken horien artean aurkitzen dugu sistematikoki ikusezin egiten direla, emakumeen bizitza osoan, horiei loturiko egoerak eta baldintzak, emakumeek emakume izate hutsagatik dituztenak. Zertaz ari gara? Lan munduko sexuaren araberako banaketaren ondorioez eta eraginez.

2018an banaketa hori ikusten da etxeko eta zaintzako ordaindu gabeko lanetan emakumeek gizonen aldean ematen duten denboran dagoen berdintasun faltan  (datu bat emate aldera, Nafarroan emakumeek 4 ordu eta 10 minutu ematen dituzte egunean, eta gizonek 2 ordu eta 36 minutu, azkeneko zifra ofizialekin bat), bai eta lan jardueraren tasa txikiagoan (ia % 10 gutxiago), soldata-arrakalan (emakumeek gizonek baino % 28,4 gutxiago kobratzen dute), eta lan-merkatuko bereizketa horizontal eta bertikalean ere, besteak beste. Fenomeno hori, erraz ikustekoa bada ere, askotan ikusezin bilakatzen da herritarren eta administrazioen begietan, eta horren ondorioz ezberdinkeria-adierazpen hori naturalizatu eta erreproduzitu egiten da, eta horrela mugatzen dira hala emakumeek bizitzeko eta lanerako ditugun aukerak nola gure autonomia ekonomiko eta pertsonala.

Emakumeak, diru-sarrerei loturiko pobrezia gehien sufritzen dutenak izateaz gain, badira, baita ere, denboraren pobrezia gehien sufritzen dutenak. Horrek zer esan nahi du? Emakumeek gizonek baino askoz denbora gehiago ematen dutela etxeko eta zaintzako lanak egiten, eta horrek galera esanguratsua ekartzen dietela beraientzako denboran, atsedenean, aisialdian zein prestakuntzan ematen ahalko luketen aldian. Denbora ongizatearen adierazleetako bat da, eta denbora-faltari buruz hitz egiten duen kontzeptu honek desberdintasun-arrakala markatzen du, emakume eta gizonen artean, denbora erabiltzerakoan.

Ezinbestekoa da agerian uztea eta dagokion dimentsioa ematea fenomeno horri, baldin eta gaurko egunean eta horrelakoetan aldarrikatzen dugun berdintasuna errealitate izatea nahi badugu. Gizonak zaintza-lanak zuzen banatzera bultzatzeak badakar berekin maskulinitatearen mandatu kulturala kolokan jartzea. Izan ere, ezin diogu uko egin esku-hartzeari sexuaren araberako lanaren banaketa hori —eta ondorioz emakumeen denbora librea (eta ez gizonena), haien baldintza ekonomikoak eta lan-aukerak murriztea— iraunaraztera eramaten gaituzten sozializazio-prozesuetan, baldin eta eragile aktibo eta arduratsuak izan nahi badugu gure gizarteak justizia eta ekitatea lortze aldera aurrera egin dezan.

Horregatik guztiagatik, toki-erakunde garen aldetik, honako konpromiso hauek adierazi nahi ditugu:

  • Berdintasun-politikak sustatzen jarraitzea tokiko erakundeetatik.
  • Gure hiriko emakumeen behar zehatzak ikusarazten eta egun indarrean jarraitzen duten desberdintasun adierazpen guztiei dagokien neurria ematen jarraitzea.
  • Emakume eta gizonen arteko ezberdintasun egoera guztiak gainditzeko jarduketak ezartzea.
  • Mugimendu feministari laguntzea bere borroka eta eskaeretan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!