Nafarroako Gobernuak Blanca Fernández Viguera ikertzaile sozialari 2018ko Berdinna saria ematea erabaki du gaurko saioan, “emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko Nafarroan egin duen zalantzarik gabeko ekarpenagatik”. Saria emateko ekitaldia martxoaren 7an egitea aurreikusi da.
Blanca Fernándezi buruz, Exekutiboak nabarmendu du, “generoari buruzko ezagutza eta azterlanak garatzeko ikerketa eta irakaskuntza esparruetan egin duen lanarekin uztartuta, aktibismo feminista sendoa landu duela, publikotasuna eta pribatutasuna batuz berdintasunaren alde emandako bizitza osoan”.
Gogoan izan behar da, Foru Exekutiboak urtarrilean eratutako golardo honen bitartez, Nafarroan emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzearen aldeko ekintzak, lanak edo proiektuak egin dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak saritu nahi dituela, esparru honetan egindako bizi edo lan ibilbideagatik aintzatespen hau merezi dezaketenak barne harturik.
Hautagaitza IPES Elkarteak (Instituto de Promoción de Estudios Sociales/Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea) proposatu zuen, Nafarroako, estatuko zein nazioarteko pertsona ospetsuek igorritako sustenguzko 26 gutunen babespean, eta honek, Exekutiboaren iritziz, ezin hobeto islatzen du, batetik, berdintasunean aurrera egiteko egin duen lana, eta bestetik, ekarpen horretaz herritarrek zein hainbat esparrutako adituek duten pertzepzioa”.
Ikertzaile soziala eta mugimendu feministen aitzindaria
Blanca Fernándezen merituen artean, Gobernuak garrantzitsuenetakotzat jo ditu “beraren aktibismoa, sindikalismoa eta militantzia feminista, aintzindaria izan baitzen mugimendu feministen militantzian zein emakumeen eskubideen defentsan”. Gainera, IPES Elkartearen sortzailekide izanik, “erakunde honen genero-ildoa bultzatzeko” egin duen lana nabarmendu du Exekutiboak. “Teoria feministak eta genero-teoriak nahiz emakumeen historia ikertu eta zabaltzeko, edota emakumeek zientziari, arteei eta kulturari egindako ekarpenak bistaratu eta hedatzeko egin duen lana eta genero-ikuspegia duten lehendabiziko ikerketa-ildoak jorratu izana” ere nabarmendu du.
Gainera, Gobernuak kontuan hartu du “Familia eta Taldeekiko Esku-hartze Sozialeko Masterrean generoa bultzatzeko nahiz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Generoko Espezializazio-Diplomako titulu propioa sustatzeko” egin duen lana. Unibertsitate-zentro honetan, ikasleak prestatzen laguntzeaz gain, eguneroko jardunean emakumeen eta gizonen arteko funtsezko berdintasuna lortzen laguntzen duten profesionalen prestakuntzan ere lagundu du”.
Azkenik, saria esleitzerakoan, berariaz baloratu du “egindako ikerketa-lana eta Nazio Batuek Beijingen (Txina, 1995) antolatutako Emakumeei buruzko Munduko IV. Biltzarrean UPNAren ordezkari izendatu izana”.