AHTaren aurkako 2.734 alegazio aurkeztu ditu Sakana Trenaren Alde plataformak

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 27a, 12:34

Argazkia: Gaur goizean aurkeztu dituzte alegazioak. / Sustai Erakuntza

Egungo trena molda dezaten eskatu dute, tren sozialagoa sortzeko, "merkeagoa, ekologikoagoa, iraunkorragoa eta bateragarriagoa". "Tren suntsitzailerik" ez dutela nahi adierazi dute plataformako ordezkariek.

AHTaren aurkako 2.734 alegazio aurkeztu ditu Sakanako Trenaren Aldeko plataformak eta Sustrai Erakuntzak. Abiadura handiko trenaren proiektua "ez eskualdearentzat, ez Nafarroarentzat, ez Espainiako estatuarentzat" nahi ez dutela adierazi dute, eta egungo trena molda dezaten eskatu, "merkeagoa, ekologikoagoa, iraunkorragoa eta bateragarriagoa" izan dadin. 

Sakana eta Izaren artean, 2.749 alegazio eraman dituzte; Araban, AHTrik ez! plataformak aurkeztutakoak gehituta -8.000 alegazio-, herritar mordoa azaldu da kaltetutako inguruetan abiadura handiko trenaren kontra: "Esaten ahal dugu ukitutako eskualdeetako 11.000 pertsonek baino gehiagok proiektu honi gaitzespen zuzena eman diotela".

Egungo trena "bikaintzea"

Indarrean dagoen trena "bikaintzeko" galdegin dute, berria eraiki beharrean: "Argi utzi nahi baitugu ez direla aztertu egungo trenak bikaintzeko ematen dituen aukerak estandar europarrera moldatzeko, bidaiarien eta merkantzien garraioari prestazio handiko erantzun egokia emanez. (errail bikoitza, hirugarren erraila, trazaduraren hobekuntza, …). Kontuan hartu behar da egungo trazaduraren zatirik handiena bikoizketarako prestaturik dagoela. Alternatiba hau merkeagoa, ekologikoagoa, iraunkorragoa eta bateragarriagoa izanen litzateke Sakanako eta trena pasatzen den lurraldeetako herritarren bizitza kalitatearekin eta beren beharrekin". AHT eraikitzeak "eragin sozial, ekonomiko eta ekologiko larria" izanen lukeela salatu dute, halaber.

Eskariak egin dituzte, bide beretik. "Etorkizuneko trenaren parte izan nahi dugu. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuko alderdi politikoei eskatzen diegu aintzat har dezaten Sakanako errealitatea eta bertako bizitzaren alde egin dezaten egungo trenaren eta trazaduraren bikaintasunaren aldeko apustua eginez. Eta Sustapen Ministerioari eta Estatuko Gobernuari eskatzen diegu gelditu dezatela proiektu hau gure ibarretan eta gainontzeko lurraldean, eta bertan bizi garen herritarron beharretara egokiago moldatzen diren azpiegiturak planifikatzen has daitezen". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!