Aurrezki kutxen porrota ikertzen duen batzordean izanen da Nafarroako Kutxako presidente ohia

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 27a, 08:18

Finantza krisia, bankuen erreskatea eta aurrezki kutxen porrota aztertzen duen ikerketa batzordea osatua dago Madrilgo diputatuen kongresuan. Gaur, zenbait aurrezki kutxetako presidente eta arduradunak izanen dira azalpenak ematen, tartean, Nafarroako Kutxako Enrique Goñi. 

Diputatuen kongresuan ere aztertzen ari dira zer gertatu zen finantza krisia izateko, bankuen erreskatea egin behar izateko edota zenbait aurrezki kutxaren porrota jasan behar izateko. Ikerketa batzordea egiten ari dira eta informazioa biltzeaz gainera ardura izan zezaketen kideen agerraldiak ere izaten ari dira. Erreskatea behar izan zuten aurrezki kutxetako arduradunak izanen dira: Nafarroako Kutxakoa eta Cajasolekoa alde batetik, Banca Civicak irentsitako bi dira horiek, gero La Caixak bereganatutakoak. Eta bestetik, Caja Avila eta Caja Segoviako arduradunak, BFA-Bankiaren barruan anaitu zuten bi entitateetako arduradunak ere bai. 

Gaurko agerraldian Enrique Goñi Nafarroako Kutxako presidente izandakoak azalpenak eman beharko ditu aurrezki kutxa horren desagerketaren inguruan. Zehazki, zenbait eragiketa konkreturen inguruan galdetuko diote. Banca Civicaren parte izan zen Nafarroako Kutxa. Krisia hasi zenean "fusio hotz" izenarekin ezagutzen den "mugimendua" egin zuten, azkenik Caixabankek irentsita amaitzeko. Banca Civicaren porrota iritsi zen gero eta hori gertatu eta denbora gutxira, bere kargua utzi zuen Goñik. 

Auzitegi Nazionalak ikertu egin zuen Goñiren jokaera. "Fiso hotz" horri dagokionez, irregulartasunak egin ote zituzten aztertu zuen auzitegiak. Horrez gain, Nafarroako Kutxako "dieten auzian" ere izan da ikertua. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!