Artxibo Administratiboa, Nafarroako Museoa eta Nafarroako Liburutegia eraberrituko dituzte aurten

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 26a, 19:59

Nafarroako Museoa

Antzerki Sarearekiko hitzarmenari esker, arte eszenikoen zirkuitua jarriko da martxan eta Javier Ziga margolariaren lanen erakusketa jarriko dute Bertizko Jauregian.

2018rako Kultura planak zeintzuk izanen diren iragarri dute gaur. Joan den urtearen ildotik segituko dute: Erriberriko dantza eta musika jaialdia, Ikuspuntu Jaialdia edota 948 Merkatua. Berrikuntzen artean eta udaberri-udan Kultura herrietara eramaten duen programa izanen da, eta erakusketa bakarrarekin: Bertizko Jauregian jarriko dutelako Javier Zigaren lana ikusgai.

Bestalde, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak esku hartu asmo du, 2018an, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren menpeko eraikin garrantzitsuetan, hala nola Artxibo Administratiboa dagoen eraikinean, Nafarroako Museoan eta Nafarroako Liburutegian, herritarrei zerbitzu hobea emateko eta haiei kultur jarduera irisgarriago egiteko.

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak urte honetarako dituen ekintza-planek sormenezko eta kultur industrien alde egiten jarraitzen dute; izan ere, beste behin egingo da 948 Merkatua, eta bultzada emango zaie arte eszenikoei. Nafarroako Antzerki Sarearekin sinatutako hitzarmen bati esker, Sareak kudeatzen duen zirkuitu bat jarriko da martxan aurten.

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilari Ana Herrerak eta Kulturako zuzendari nagusi Fernando Pérezek ekintza-planak aurkeztu dituzte, gaur goizean, hedabideekin egindako topaketa batean. Han, bost zerbitzu-zuzendariek (Dori López, Kultur Ekintzakoa; Carlos Martínez Álava, Ondare Historikokoa; Joaquim Llansó, Artxiboak eta Dokumentu Ondarekoa; Susana Irigaray, Museoetakoa; eta Asun Maestro, Liburutegietakoa) eta Baliabide eta Garapen Estrategikoko atalburu María Camino Barcenillak urte honetarako aurreikusitako ekintzak xehatu dituzte.

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak 2018rako dituen ekintza-planek Nafarroako Kulturako 2017-2023rako Plan Estrategikoak ezarritako ildoei jarraitzen diete. Plan Estrategiko horretan sartzen da Kulturaren Nafarroako Behatokia martxan jartzea, lehen mailako informazio-iturriak lortzeko eta sektorea balioesteko asmoz.

Kultur Ekintza

Kultur Ekintzaren Zerbitzuak zazpi programatan ardaztu du 2018rako duen estrategia: arte eszenikoak eta musikalak, ikus-entzunezkoen sektorea, arte plastikoak eta bisualak, toki-erakundeen kultur ekintza, kultur sektorearen trebakuntza eta profesionalizazioa, herri-kultura, eta Nafarroako sormenezko eta kultur industriak komertzializatzea eta sustatzea.

Urte honetarako aurreikusitako ekintzen artean, nabarmentzekoa da, Antzerkia eta Dantza Bultzatzeko Planaren baitan, Nafarroako Antzerki Sarearekiko hitzarmena, Sareak kudeatuko duen arte eszenikoetako zirkuitu bat martxan jartzeko.

Halaber, Nafarroako Ikus Entzunezkoen Sektoreari Laguntzeko Programako berritasun gisa, 2018an, deialdi bakar batean elkartuko dira garapenera, fikziozko, dokumentuzko edo animaziozko film luzeen proiektuak ekoiztera eta film laburrak ekoiztera bideratutako laguntzak.

2018an, Nafarroako toki-erakundeen Kultur Ekintzari Laguntzeko Programak berriro izango ditu oinarritzat bi laguntza-deialdi, eta aipagarria da, orobat, Landarte programa, 2017an abiarazia landa-eremuko herrietan herritarren eta artisten arteko baterako proiektuak sustatzeko.

Nafarroako sormenezko eta kultur industriak komertzializatzen eta sustatzen laguntzeko programari dagokionez, ekintzarik aipagarriena 948 Merkatua da —2018an, azaroaren 21ean, 22an eta 23an izango da—.

Ondare historikoa

Ondare Historikoaren arloan, 2018ko ekintza-plana lau lan-ildotan ardazten da: erregistroa eta inbentarioa, kontserbazioa (babesa/ikerketa), zaharberritzea eta hedapena/dinamizazioa.

Kontserbazioaren eta ikerketaren arloan, aurtengo berezitasunak arkeologiaren urteko plana eta beirate-plana dira.

Zaharberritze-lanen barruan, ekintza aipagarriak egingo dira arkitektura-ondarearen arloan; izan ere, aurreikusita dago Iruritako Dorrean, Leitzako Ibero dorrean, Erriberriko gazteluan, Ablitaseko gazteluan eta Cortesko gazteluan esku hartzea.

Ondare industrialean, berriz, Orbaitzetako arma-fabrikan esku hartzea aurreikusita dago.

Nabarmentzekoa da, halaber, aurreikusita dagoela 2018an Iruñeko eta Tuterako katedraletan esku hartzea.

Horrez gain, esku hartuko da kultur intereseko beste ondasun batzuetan —haietako batzuk Nafarroako Gobernuaren jabetzekoak dira—; adibidez, Iratxeko abade-elizaren barrualdea zaharberritzeko lehenengo fasea egingo da, igogailu bat eraikiko da Lizarrako Errege Jauregian, eta esku-hartzeak aurreikusten dira Leireko Monasterioan. Esku hartuko da, halaber, toki-erakundeen jabetzeko beste ondasun batzuetan ere, hala nola Caparrosoko Kristoaren hondarretako dorrean.

Ondare arkeologikoan, esku-hartzeak aurreikusita daude Ablitasen, Los Cascajosen, Sakanako galtzada erromatarrean eta Eugiko arma-fabrikan.

Era berean, kontserbazio- eta hedapen-lanak aurreikusten dira Alkerdiko leizeetan, Iruñeko Luis Hutin gazteluko aurkikuntzen inguruan eta Mendabiako El Castillar aztarnategian.

Artxiboak

Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren Ekintza Planean hiru lan-ildo nagusitzen dira: artxiboak herritarrentzako irekiak izatea, zerbitzuaren konpromisoa eta hedapenerako orientazio erabakitzailea.

Ildo horretan, 2018. urtean, Musikaren eta Arte Eszenikoen Nafarroako Artxiboaren aldeko apustua egiten jarraituko da; horrela, musika-funtsen inguruko metodologia ezarriko da, dantza eta antzerki artxiboen prestakuntzarako metodologia ezarriko da, eta Nafarroarako interesgarriak diren funtsen inbentarioa sakonduko da. Aldi berean, ikerketarako laguntza-deialdia egingo da.

Bestalde, Administrazioaren Artxiboa kokatzen den eraikina berritzea aurreikusten da, bertako langileek nahiz erabiltzaileek espazio egokia izan dezaten.

Dokumentu-ondarea hedatzeko eta horri balioa emateko estrategiak 2018rako ekintza-planean nabarmen agertzen dira, eta Fabrikak proiektuaren aldeko apustua egingo da: paisaia berriak, begirada berriak, Nafarroan jarduera industrialarekin zerikusia duten dokumentuei balioa ematearren.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak aldizkako erakusketak egiten jarraituko du, eta, hedapenari dagokionean, fototekan aurreikusitako lana ere nabarmendu behar da, aurten herritarren eskura jarri nahi baita 1960. urte aurreko argazki historiko guztia, deskribatuta eta digitalizatuta. 

Baliabide eta Garapen Estrategikoaren Atala

Kulturaren Plan Estrategikoarekin bat etorriz, 2018. urteari begira, Kulturaren Nafarroako Behatokia sortzea funtsezkoa izango da. Horren bitartez, kultura eta sormen mailako errealitatea oso-osorik ezagutu nahi da, lehen mailako informazio-iturriak lortu eta kulturari balioa eman enplegu kultural, berrikuntza eta aztarnategi sortzaile bezala.

Garapen Estrategikoari erreparatuta, 2018an aipatzekoa da baita ere Eskubide Kulturalen Foru Legearen proiektua onartzea, Parlamentura igorri nahi dena, onar dezan.

Aurtengo urterako nabarmendu daitezkeen bestelako ekintzen artean aurkitzen dira Sormen Fabrikak, erreferente bihurtu nahi direnak, honako hauetan oinarritutako eduki berriak sortzeko: dibertsitatea, garapen artistikoa, kalitatea eta berrikuntza arteetan, kulturan eta sormenean.

Halaber, batera eta norberak kudeatutako sormen-espazio ereduak lantzen jarraituko da, Espazio Sortzaileen eta Kulturalen inguruan aurrez egindako azterketa erreferente nagusi bezala hartuta.

Era berean, 2018. urtean nabarmentzekoa da Nafarroa Kultura think tank esperientzia kulturalen foroa; prestakuntza-tailerrak eskainiko zaizkie artista eta agente kulturalei beren gaitasunak hobetzeko. Horrez gain, industria kulturalen eta sortzaileen esparrua aipatu behar da. 

Museoak

Museoen 2018ko Planean ondorengoak jasotzen dira: foru titulartasuneko museoak kudeatzea; museoko bildumak kontserbatzea, ikertzea, erakustea eta hedatzea sustatzea; eta Nafarroako museo-sektorearen plangintza eta aholkularitza. Oinarri hori kontuan hartuta, aurten Nafarroako Museoko bildumak DOMUS-ean digitalizatzen jarraituko da.

Bestalde, Nafarroako Museoko erakusketa iraunkorra eguneratu da: “Arte guztia garaikidea da”; asmoa da arte garaikidea berritzea Museoko erakusketa iraunkorrean, pieza, irakurketa eta eduki berriak sartuta. Halaber, Karlismoaren Museoko erakusketa iraunkorra berritu eta handituko da.

Nafarroako Museoari dagokionez, egoitza hobetzeko eta egokitzeko lanen bitartez, leku atseginagoa, egungoagoa eta nabariagoa lortu nahi da, museoaren eraginkortasuna eta ingurumen-baldintzak mantentzea eta hobetzea lortzearekin batera.

Bestalde, museoen eremu honetan, 2018an itxiko da aurre-inbentarioa baliozkotzeko prozesua, berrikuspen zientifikoarekin; era berean, Nafarroako Ondare Kultural Materiagabea osatzen duten ondasunen inbentarioa egiteko lehen faseari hasiera emango zaio. 

Liburutegiak

Liburutegien zerbitzuak 2018an aintzat hartu nahi ditu batez ere errealitate txikienak, hots, landa-inguruneko liburutegiak eta, handiena, Nafarroako Liburutegia.

Landa-inguruneetan sarearen eragina handitzeko helburuarekin, 2018an azterketa bat egin nahi da landa-inguruneko liburutegi eta kultur zerbitzuen gainean. Ildo berean, ibilgailu bat erostea aurreikusten da Aurizberrin liburutegi-zerbitzua zabaltzeko. Halaber, katalogoan bildumak sartzea aurreikusten da, epe ertainera liburutegiko funtsa guztiak ikus daitezen Internet bidez sartzeko aukera emango duen funts bakar batean, erabiltzeko gaitasuna era esponentzialean gehituaz. Ildo horretan, liburutegi arteko mailegua finkatu eta hedatuko da.

Lanerako beste ildoetariko bat Nafarroako Liburutegian aurreikusita dauden jardueretan oinarrituko da; izan ere, espazioak egokitu eta bildumak dibertsifikatu nahi dira, jardueren plana jorratzearekin batera. Ondare-aberastasunari dagokionez, Nafarroako liburutegi digitala antolatuko da, eta ondare bibliografikoaren katalogazioa eta ondare filmografikoaren antolaketa burutuko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!