Iruñeak martxoan egingo ditu Erorien monumentuaren eraikineko guneari eta inguruneari buruzko hausnarketa-jardunaldi batzuk, Erorien monumentuaren eta ingurunearen etorkizunari buruzko nazioarteko ideia-lehiaketa deitu aurreko urrats gisa, lehiaketa hori apirilean abiatzea aurreikusi baita. Elkar hartuta hausnartzeko jardunaldia izango da, martxoaren 10ean, larunbatarekin, zeinak hainbat arloko nazioko zein nazioarteko adituak ekarriko baititu hirira, haien gogoetak Iruñeko herritarrekin partekatu ditzaten. Jardunaldia baino lehen, sormen artistikoko zenbait lan gauzatuko dira eraikinean bertan, ardatz hartuta tokiko hamar artistak duten ikuspegi pertsonal eta kolektiboa guneari, inguruneari eta esanahiari buruz, betiere memoria historikoa abiapuntu hartuta.
Hiri Bizigarri eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak gaur goizeko prentsaurrekoan aurkeztu ditu ekimen horiek, zeinen bitartez Iruñeko Udalak herritarrek hiriko gune horri buruzko hausnarketa-prozesuan parte har dezaten nahi baitu. Izan ere, Udalak bisita gidatuak antolatuko ditu Erorien monumentuaren eraikinera eta artisten erakusketara, zeina ikusgai egongo baita jardunaldia noiz eta data horren inguruan, eta institutuendako berariazko bisitak ere prestatuko ditu.
Sei hausnarketa
Jardunaldi nagusia martxoaren 10ean izango da, larunbatarekin. Udalak parte hartuko duten aditu guztiei eskatu die gogoeta egin dezatela gunearen eta horren hiri-ingurunearen gainean, bai eta memoria historikoaren arloan erreferente gisa eraikinak duen garrantziari buruz ere. Jardunaldiak erakusketa eta hausnarketa horiek izango ditu ardatz, zeinak elkarren artean berrikusiko baitira bertaratutakoen arteko solasaldien bitartez, hots, jardunaldietako hizlari eta parte-hartzaileen artean.
Hizlari guztiak erreferenteak dira, zein bere arloan, estatuan edo nazioartean: arkitektura-esparruko profesionalak, magistraturakoak, irakaskuntzakoak, artekoak eta hiri-proiekziokoak.
Honako hauek dira: Jordi Guixé, Bartzelonako Unibertsitateko Elkartasun Fundazioko Memorien Behatoki Europarreko zuzendaria (EUROM); José Antonio Martín Pallín, Auzitegi Goreneko epaile emeritua; Oriol Bohigas, Bartzelonako MBM estudioko arkitektoa; Álvaro Sevilla, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Arkitektura, Hirigintza eta Jasangarritasuneko Ikerketa Taldeko kide; Carlos Sambricio, Arkitektura eta Hirigintzaren Historiako katedratikoa Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Goi Mailako Arkitektura Eskolan (ETSA); Olivia Muñoz-Rojas, ikertzaile independentea, Soziologian doktorea London School of Economics delakoan, Giza Zientzia eta Gizarte Pentsamenduan masterduna New York Universityn eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna Unibertsitate Konplutentsean; Horst Hoheisel, memoria historikoan espezializatutako artista alemaniarra; eta y Rodrigo Yanes, artista txiletarra.
Iruñeko alkate Joseba Asironek harrera egingo die hizlari guztiei martxoaren 9an, ostiralarekin, 18:00etan, eta haiekin batera bisita egingo du Erorien monumentura. Larunbatean, martxoak 10, jardunaldia egingo da eraikinaren barruan, 09:30etik 14:00etara. Hizlari bakoitzak bere gogoetak azalduko ditu, eta gero haien artean solastuko dira, ikusle gisa joaten direnek ere parte hartzeko aukera izango dutelarik. Jardunaldia, beraz, irekia izango da, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Hitzaldiak grabatu eta argitaratu egingo dira, jardunaldiaren akta bezala.
Aldez aurretiko programa: erakusketa eta bisita gidatuak
Jardunaldi-eguna baino lehen, Udala gogoeta bultzatzen ari da tokiko hamar bat artista zein muralgileren artean, eraikinean bertan. Eraikinaren erakusketa-aretoko alboetan dagoen panel-azpiegitura baliatuta, aretoa artisten banaka zein taldekako hausnarketen ondorio diren lanekin dekoratuko da, betiere lanen ardatz izan beharko dutelarik eraikina bera, horren ingurunea, esanahia, erreferentzialtasuna, adierazgarritasuna eta memoria historikoarekin duen lotura.
Eraikinaren barrualdea eta erakusketa Udalak antolatutako doako bisita gidatuetan ikusi ahal izango da, martxoaren 7tik 14ra. Egunero bi bisita egongo dira, 18:00etan eta 19:00etan, eta bisitak gaztelaniaz zein euskaraz eskainiko dira. Bisitetan izena emateko epea datorren otsailaren 26an hasiko da, astelehenarekin, udal-webgunean (www.pamplona.es) edo 010 herritarrendako arreta telefonoan (948 420 100 Iruñeaz kanpotik, mugikorrarekin eta tarifa lauaren barruan deituz gero).
Horrez gain, Udalak hiriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoak eta itunduak gonbidatu ditu eraikinera bisitak egitera, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleek ezagutu ditzaten hala eraikinaren historia nola barruko erakusketa artelanez hornitu duten artisten gogoetak.
Ekitaldi-sorta horrek amaiera joko du martxoaren 15ean, ostegunarekin, mahai-inguru batekin, non memoriaren aldeko Nafarroako hainbat elkartek parte hartuko baitute: Nafarroako fusilatuen senitartekoen elkartea (AFNA), Memoriaren autobusa, Bideko Mitxingorria, ZER kolektiboa eta Txinparta Elkartea.
Jarduketa horiek egiteko guztizko gastua 30.000 euro izango dela aurreikusi da.
Nazioarteko ideia-lehiaketa, apirilean
Hausnarketarako prozesu partizipatibo hori Erorien monumentua eta horren ingurunea eraldatzeko Udalak apirilean deituko duen nazioarteko ideia-lehiaketaren aurrekaria da. Lehiaketak aukera mota guztietara irekita dago: monumentuaren desagerpenetik hasi eta mantentze zein eraldatzeraino, betiere aukera horiek indarrean den memoria historikoari buruzko legearekin bat badatoz. Epaimahai tekniko batek baloratuko ditu proposamenak, eta 25.000 euroko 5 sari aurreikusi dira baloraziorik onena lortzen dutenendako, nahiz eta ez diren lotesleak izango etorkizunean hirigintzari dagokionez erabakitzen denarekin.
Lehiaketa honekin Iruñeko Udalaren asmoa da gunea eraldatzeko ahalik eta proposamen gehien biltzea. Jomuga monumentuarendako zein inguruko eremuarendako proposamenak lortzea da. Monumentuari dagokienez, jarduketa-proposamena librea da, eta, beraz, ekarpenek monumentua desagerraraztea, mantentzea edo eraldatzea proposatu dezakete, betiere erabaki horiek arrazoituta. Mantentzea edo kontserbatzea proposatzen bada, beharrezkoa izango litzateke gizalegezko balio berriez hornitzea, zeinek bateragarriak izan beharko duten egungo memoria historikoari buruzko legeen printzipioekin. Proposatu daitezkeen erabilera berriez bezainbatean, askatasuna dago ideiak planteatzeko, nahiz eta bereziki kontuan hartuko diren eraikinaren eta horren ingurunearen erabilera jarraitua eta eraginkorra sustatzen dutenak.
Inguruko hiri-eremuari dagokionez, lehiaketak bide publikoa birmoldatu nahi du, erabilera eta irisgarritasuna errazteko, txertatuta egon dadin jada finkatuta dagoen hirian, eta parte hartu dezan, baita ere, hegoaldean gauzatuko diren hiri-garapen berrietan. Edonola ere, eta lehiaketaren esparruan aurreikusitako jarduketa guztietan, aurkeztutako proposamenek ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak direla egiaztatu beharko dute.
Lehiaketaren esparru fisikoari dagokionez, hots, ideien jarduketa-eremuari dagokionez, monumentuak berak, Askatasun plazak, monumentuaren atzealdeko lorategiek (Serapio Esparza plaza) eta ondoko kaleek osatuko dute. Ezinbestekoa da plaza azpiko lurpeko aparkalekua eta horren sarbideak mantentzea, bai eta bide-egitura ere, bereziki Iturralde y Suit kalekoa –Askatasun plazarekiko zeharkakoa, iparraldean– eta Agoitz kalekoa, hegoaldeko aldean.