Pobrezia arriskuan dauden pertsonen kopurua %22 murriztu da bi urtean Nafarroan

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 22a, 19:52

Diru-sarrera txikiak dituzten Nafarroako langabetuen % 85 enplegu bat onartzeko prest egonen litzateke 15 eguneko epean.

2016an landu eta gaur argitaratu den Behar Sozialen eta Gizarteratzearen Inkestako (BSZI) datuen arabera, 2016an gutxiago ziren diru-sarrera txikiak (10.279 euro/urtean) zituzten pertsonak 2014an baino. Zehazki %22 gutxiago.

2014an 768 inkesta egin ziren eta horietatik ondorioztatu zuten Nafarroan 58.340 etxe zeudela, 165.083 pertsona, pobrezia arriskuan. Hori zen populazio osoaren %24,2.

Bestalde, diru-sarrera txikiak dituzten eta azken urtean lan-eskaintzarik izan ez duten Nafarroako langabetuen % 85ek enplegu bat onartuko luke 15 eguneko epean eskaintzaren bat jasotzekotan.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta NASTATen arteko akordioaren ondorioz landutako inkesta honen bitartez, bertatik bertara ezagutu nahi dira pobrezia arriskuan dauden pertsonen eta etxeen beharrak eta arazoak, balizko profilak eta kasuistikak identifikatuz. Haue izan ziren aztertutako esparruak: Hezkuntza eta ikasketak, Enplegua eta Langabezia, Diru-sarrerak eta etxeko gastuak, Osasuna, beraien kabuz baliatzeko gaitasuna eta gizarteratzeko behar espezifikoak, Etxebizitza eta ingurunea, Gizarte Zerbitzuak, Harreman sozialak eta parte-hartze zibikoa eta politikoa, Haurtzaroa eta Lehengo Bizimodua (Pobreziaren belaunaldi arteko transmisioa).

Inkestak ikerketa estatistiko mistoa eragin izana da gaur aurkeztutako azterlan honen berezigarria. Horrela, bildutako emaitzak 2016an erregistratutako datu-baseekin erkatu dira (Erregistratutako langabezia, Gizarteratzeko Errenta Bermatuaren Jasotzaileak, Baloratutako desgaitasun-maila eta Gizarte-Segurantzako altak), eta antzeko datuak edo datu osagarriak eskaintzen dituzten beste inkesta batzuekin konparatu dira: Biztanleria Aktiboaren Inkesta (BAI), Nafarroako Gizarte eta Bizi-Baldintzen Inkesta (GBBI) eta Bizi-Baldintzen Inkesta (BBI).

Inkestak argitu duenez, elkarrizketetara bildutako diru-sarrera txikiko langabetuen % 31k lan-eskaintzaren bat jaso dute azken 12 hilabetotan. Eskaintza horien % 57k kontratazioa ekarri zuen. Gainerakoetan, hautaketa-prozesuan baztertuta gelditzea izan zen lan-eskaintza gauzatu ez izanaren arrazoi nagusia (kontrataziorik ekarri ez zuten kasuen % 31,1).

Lan estatistikoak sakonago aztertu ditu prestakuntza-profilak eta diru-sarrera txikiak dituzten pertsonen bestelako inguruabarrak. Horren harria, biztanleria osoarekin alderatuta, lehen mailako ikasketak amaitu gabe eta lehen mailako ikasketak besterik ez dituzten biztanleen portzentaje handia nabarmendu behar da. Biztanleria-sektore honen % 17,6k lehen mailako hezkuntza amaitu gabe edo hori baino hezkuntza txikiagoa du (lan egiteko adinean dagoen biztanleria osoaren % 3,9aren aldean); % 31,4k lehen mailako hezkuntza du (biztanleria osoaren % 15,8aren aldean); % 8,1ek Lanbide-Heziketako gradu ertaina du (LH1); % 14,5 LHIIan edo Goi-Mailako Graduan titulatuta dago, eta % 11,6k goi-mailako titulazioak ditu. Gainera, datuek azaldu dutenez, pertsona hauen % 36,6k behar baino lehenago ikasteari utzi zioten, baina % 22,1ek ikasteari berriz ere ekiteko interesa adierazi du.

Sexuen arabera, diru-sarrerak txikian dituzten etxeetako bizilagunen % 53 emakumeak dira; % 24k 18 urte baino gutxiago ditu; % 20,4k ez du Espainiako jatorrizko nazionalitaterik eta % 7,2k mugapen-motaren bat dauka.

Langabezia, diru-sarrerarik ezaren arrazoi nagusia

% 43,8tan inork ez du enplegurik. Nabarmendu behar da, pertsona hauen langabezia-tasa (BAIaren irizpideen arabera) % 24,9koa da, Nafarroako biztanleria osoaren gainean kalkulatutakoa (% 10) baino dexente handiagoa.

Beste faktore bat da, etxe horietako bizilagunen bati atxikitako mugapenak, zenbatutako kasuen % 17ri dagozkionak; etxeen % 16tan 80 urtetik gorako pertsonak daude, eta kasuen % 10etan adin txikiko seme-alabak dituzten guraso bakarreko etxeak dira.

Lana izanda diru-sarrera txikiak dituzten biztanleen sektorean sartuta daudenei dagokienez, % 25,6 beraien kontura lan egiten dute eta % 64,4k beste norbaiten kontura. Hala ere, enpleguen prekariotasuna da ohiko bereizgarria. Adibidez, soldatapeko langileen % 36,8k zatikako lanaldia dut (horien % 32,2, borondatez kontra). Kontratazioari dagokionez, Nafarroa osoko aldi bateko kontratazioa % 24,9koa izanik, portzentaje hori % 50,6koa da diru-sarrera txikiak dituzten pertsonen artean. Halaber, % 1,5ek kontraturik gabe lan egiten duela adierazi du.

Laneko inguruabarrek partikularzki eta diru-sarrera txikiek oro har etxe horien % 58,4tan urtean astebeteko oporraldirik hartzeko aukerarik ez izatea eragiten dute; kasuen % 49,8tan ezin diote aurre egin ezusteko gastu bati; % 15,2k ezin du neguan etxea tenperatura egokian mantendu, eta % 16,9k zailtasun handiak ditu hilaren bukaerara iristeko.

Osasuna eta etxebizitza

Aurkeztutako ikerketak osasun-egoera eta etxebizitzaren inguruko egoera bezalako funtsezko faktoreak ere aztertu ditu. Hartara, Estatuko oinarrizko araudiaren Nafarroako hobekuntzak osasun-asistentziaren unibertsalizazioa azaltzen du. Diru-sarrera txikiak dituzten pertsonen estaldura-maila % 99,6koa da. Hala ere, biztanleria osoak baino portzentaje handixeagoak dituzte osasun egoera ‘ertaina’ edo ‘txarra’ dutela azaltzerakoan, eta % 13k ezein hortz-tratamendu eskuratzeko aukerarik ez duela adierazin du, horren beharra izan arren.

Hala ere, pertsona hauen % 67,9k beraien osasunari buruzko pertzepzio positiboa dute, eta osasun txarra dutela uste dutenen % 25,3k desgaitasunen bat du.

Etxebizitza da pertsona hauek gizarteratzeko giltzarrizko beste faktore bat. Inkestatuen % 5,7k atzerapenak izan ditu etxebizitzari lotutako ordainketetan inkestari atxikitako azken urtean. Kopuru hau Nafarroako biztanleria osoarena baino handiagoa da, honen portzentajea % 3,2koa baita.

Etxebizitzaren edukitze-araubideak ere datu adierazkorrak eman ditu. Espainia osoan, alokatutako etxebizitzaren pisua % 28,8koa da, eta % 13,3koa Nafarroan, Foru Komunitatean estatuko batez bestekoaren aldean dagoen erosteko ahalmen hobearen seinale. Errenta Bermatua (lehengo GE) jasotzen duten pertsonen artean, alokatutako etxebizitzaren portzentajea % 58,2koa da, etxebizitzara iristeko araubide hau diru-sarrera eskaseko sektoreentzat giltzarrizkoa dela iradokiz.

Etxearen barnean ere, zenbait kontsumo-ondasunen gabezia nabarmendu behar da; hala nola, ontzi-garbigailua (% 50,6), Interneterako konexioa (% 39,7) edo ordenagailua (% 36,4), azken bi hauek enplegua lortzeko nahitaezko tresnak izanik, etxe hauetako kalteberatasun-egoera areagotuz.

Bada beste alderdi bat inkestan kontuan hartu dena, alegia, kasu askotan zailtasun-egoerei aurre egiten laguntzen duten harreman-sareena. Inkestatutako pertsonen % 82,5ek badu norengana jo estu-estu ibiliz gero. 2013an Nafarroako gainerako biztanleen artean egindako datu honen neurketan, laguntza-sare hau % 97,3ra hedatzen zen.

Krisialdiko urterik latzenek gizarte-harremanak pitzatu dituzte. Hartara, inkestatutako pertsonek % 16,3k adierazi du krisialdian beraren harremanak okertu direla. Biztanleria-sektore honen elkartegintza ere ez da batere sendoa: parte-hartzeari buruzko ehunekorik handiena kulturgintzako elkarteetan ematen da. Horiexei atxikita dago elkarrizketatuko pertsonen % 7,4.

16 urtetik beherako adingabeak bizi diren etxeetan zailtasun handiagoak omen dituzte hilaren bukaerara iristeko. Horien % 75,2k arazoak dituela aitortu du, baina ehuneko hori % 69,9ra murrizten da adingabekorik ez dagoen etxeetan.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eginkizun garrantzitsua dute biztanleria-segmentu honi laguntzeko. Diru-sarrera txikiak dituzten etxeen % 18,1ek (10.575) Gizarte Zerbitzuetara jo du inkestari atxikitako azken urtean. Eta horren aurretik, etxeen % 21,1ek (12.334) zerbitzu horiek edo bestelako gizarte-erakundeak bisitatu ditu. Gehienek, % 67,5ek, prestazio sozialak tramitatzeko egin dute. Etxe horien % 38,8k hainbat gizarte-erakundetara jo du informazio eta aholkularitza bila.

Inkesta honen alderdirik berritzaileenetakoa, Nafarroan lehendabiziko aldiz aztertu dena, familia-giroa eta etxe horietako haziera ikertzea xede duen blokea da. Familia-giroari dagokionez, inkestatutako pertsonen % 93,8k uste du amak seme-alabak artatzeari eskaintzen dion denbora nahikoa dela, baina bi gurasoek emandako arretaren kasuan portzentaje hori % 73,5ekoa da. Halaber, % 93,1ek uste du ama oso inplikatuta dagoela seme-alabenganako arretan, baina aitaren kasuan portzentajea inkestatutako pertsonen % 75,5era murrizten da (areago, % 12,8ren iritziz, aitaren inplikazioa arras txikia edo ezdeusaren hurrengoa da). Oso alderdi negatibotzat jo behar da, astean behin edo birritan eta are egun-egunero, 3 eta 7 urte bitarteko adingabeak bakar-bakarrik gelditzen diren etxeen portzentajea, % 7koa aipatutako bi egoera horiek barne hartuta.

Azkenik, partzialki positiboa den alderdi gisa, gurasoen aldean izandako ikasketa-mailaren bilakaera nabarmendu behar da. Ikerketaren arabera, % 44,3k aitak baino ikasketa altuagoak dituela adierazi dul, eta % 46,9k amak baino altuagoak. Aitzitik, ez da batere ohikoa aitak baino prestakuntza txikiagoa izatea (%7,4k besterik ez) edo amak baino txikiagoa izatea (% 5,5). Ohikoena, aitaren maila akademiko berbera (% 48,3) edo amaren maila akademiko berbera (% 47,6) izatea da. Alderdi negatibo gisa, % 52k adierazi du aita baino lan-egoera txarragoan dagoela, eta % 18k ama baino lan-egoera kaskarragoan. Datu honek ezin hobeto islatzen du langabeziak krisian izandako inpaktua, bereziki kontuan izanda hezkuntza-mailak hobetu direla.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!