1,4 milioitik gora turista Nafarroan 2017an, 2016an baino % 4 gehiago

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 19a, 20:35
Irati

Apartamentuak dira 2016aren aldean gehien hazi den ostatu-modalitatea, nahiz eta hotelek bidaiari-kopururik handiena biltzen jarraitzen duten.

Nafarroak 1.447.224 bisitari erakarri zituen 2017an, hots, aurreko urtean baino % 4,2 pertsona gehiago. Ostatu-motaren arabera, apartamentuetan ostatu hartu zuten bidaiarien kopurua % 19 hazi zen 2016an bildutako datuen aldean, nahiz eta bisitari hauek nafar establezimenduetan ostatu hartu zuten pertsona guztien % 6 besterik ez izan.

Balantze honen harira, Nafarroako turismoak albiste onak ematen jarraitu du 2017an ere, 2016an aurreko urteen aldean ezarritako marka historikoaren ondoren.

Argi utzi behar da datuak erregulatutako turismo-ostatuei buruzkoak direla, eta Estatistika Institutu Nazionalak (INE) bildu dituela, Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak egindako eta emandako okupazioari buruzko hainbat inkestaren bitartez.

INEk hoteletako, kanpinetako, apartamentuetako, landa-turismoko ostatuetako eta aterpeetako okupazioari buruzko datuak bildu ditu.

Sektorearen hazkundearen erritmoa oro har 2016koa baino moderatuagoa izan bazen ere, adierazleen joerak goranzkoa izaten jarraitzen du. Bisitarien kopuruari, gaualdien kopuruak jarraitu dio, % 5,9ko igoeraz aurreko urtearekin alderatuta, gutira 3.126.199 gaualdi fakturatu zirelarik. Hileko batez besteko egonaldia 2.16 egunekoa izan zen, 2016an erregistratutako 2,13ko egonaldiaren aldean, eta honek % 1,6ko igoera suposatzen du.

Ostatu-kopuruaren eskaintza ere gehitu egin zen. 2017an, hilero, Nafarroak 1.385 ostatu eskaini zituen batez beste, 2016an baino % 1,7 gehiago. Honek 30.083 plazako batez bestekoa suposatzen du hilero.

Ostatu hartzeko modalitateari dagokionez, Nafarroara etortzen diren pertsonek hoteletan lo egiten dute nagusiki (pertsona guztien % 70), eta distantzia handi-handian kokatzen dira landa-ostatuak eta kanpinak, % 11narekin.

Hala, hotelek 1.017.697 bezero izan zituzten (2016an baino % 2 gehiago); kanpinek 164.422 (% 3,4 gehiago); landa-turismoko establezimenduek 151.868 (% 11,5 gehiago); apartamentuek 84.347 (2016an baino % 19,4 gehiago) eta aterpeetan 28.890 pertsonak ostatu hartu zuten (2016an baino % 13,2 gehiagok).

Fakturatutako gaualdi kopuruari dagokionez, gehien hazi zen establezimendu mota aterpeak izan ziren, % 26,4ko egoeraz; jarraian, apartamentuak eta landa-ostatuak kokatu ziren (bi kasuetan igoera % 17,4koa izan zen). Hoteletan egindako gaualdiek % 3,4ko igoera izan zuten, eta kanpinetan % 0,6ko jaitsiera gertatu zen. Hala ere, azken hauek lortu zuten daturik onena batez besteko egonaldiari dagokionez: 3 egun, landa-ostatuek edo apartamentuek bidaiari bakoitzeko lortutako 2,8 gaueko egonaldiaren aldean.

Turisten jatorria

Jatorriari dagokionez, bisitarien % 74 Espainiako egoiliarrak ziren (1.066.757 pertsona guztira, 2016an baino % 4,6 gehiago), eta % 26 ez ziren Espainiako egoiliarrak (380.467 pertsona guztira, aurreko urtean baino % 3,2 gehiago).

Jatorrizko autonomia-erkidegoei dagokienez, Euskadik ohiko lehen postua berreskuratu du, 2016an Madrilen esku utzi ondoren. Guztira, Euskaditik etorritako 231.142 pertsonak bisitatu zuten Nafarroa, % 16,3. Bigarren postuan, Madrildik 198.140 pertsona etorri ziren, bisitarien % 13,97, nahiz eta 2016aren aldean % 7,24ko gertatu den. Nolanahi ere, gaur egun ere, Madril garrantzi handiko turista-nitxoa da Nafarroarentzat, izan ere, Foru Komunitatea bisitatu duten madrildarren kopurua % 37,8 hazi da 2015az geroztik. Katalunia da Nafarroara etortzen diren pertsonen jatorrizko hirugarren autonomia-erkidegoa, 154.688 pertsona guztira, guztizko kopuruaren % 10,9. Gainerako autonomia-erkidegoen artean, Valentziar Komunitatea (63.596 pertsona), Andaluzia (47.874 pertsona) eta Aragoi (47.411 pertsona) nabarmendu behar dira.

Nazioarteko turistei dagokienez, Europar Batasuneko estatu kideetatik etorritako pertsona kopuruak % 1,37ko igoera izan du, 262.832 bidaiari bilduz guztira; 16.474 pertsona Europako gainerako herrialdeetakoak ziren (% 3,72ko igoeraz) eta 91.841 pertsona munduko gainerako herrialdeetakoak, % 4,04ko hazkundeaz.

Egindako gaualdien % 79 jatorri espainiarreko bidaiariei dagokie, % 21 nazioarteko bidaiariei. Azken puntu honetan, nazioarteko bidaiarien gaualdietan izandako % 8,2ko igoera nabarmendu behar da.

Horrekin batera, garrantzitsua da nabarmentzea 2017an 78.634 pertsonaren iritsiera erregistratu zela Noaingo aireportuan, 2016ko epealdi berean baino % 5,87 gehiago. Abenduan, iritsierak % 31,6 hazi ziren aurreko urteko hilabete beraren aldean. Azaroan eta abenduan, Lufthansaren Frankfurt-Iruña hegaldi berriak 2.812 bidaiariren etorrera ekarri zuen Noain-Iruñeko aireportura.

Done Jakue Bidea, webgunea eta baliabide erabilienak

2017an kredentziala Orreagan zigilatu zuten erromesak barne hartuta, guztira, 65.102 pertsona igaro ziren Nafarroan zehar, 2016an baino % 2,3 gutxiago. Erromesen % 92,88k Bidea oinez egiten du. Ikerketak garrantzi handiko beste datu bat ere bildu du: Bide neguan egin ohi duten Koreako 20 eta 30 urte bitarteko pertsonen kopuru handia.

Azterketan bildutako beste datu bat Nafarroako turismo atariaren barruan gehien bisitatu diren webguneen zerrenda izan da. Bisita kopuruaren arabera, zerrendako burua da bidaia antolatzeko orrialdea; honen ondoren, Nafarroako turismoaren webgune ofiziala dago; hirugarrena ostatuen orrialdea eta laugarrena Nafarroako ibilbideena. Bosgarren postuan Iratiko Oihanari buruzko webgunea kokatu da. Webgunerako bisiten % 85,4 Espainiakoak dira eta % 7,47 Frantziakoak.

Nafarroako baliabide turistikoei neurria hartzeko asmoz, Foru Komunitateko monumentu edo aktibo natural nagusien jarraipea egin da. Orohar, zenbatutako 13 baliabide monumental edo natural horietan, 901.377 bisita jaso ziren, 2016an baino % 8 gehiago. Monumenturik bisitatuena Erriberriko Errege Jauregia izan zen, 237.472 bisitarirekin, eta bigarrena Leireko Monasterioa, 140.647 bisitarirekin; hirugarren postuan daude Zugarramurdiko Lezeak, 134.894 bisitarirekin.

Turismo Bulegoetan egindako aurrez aurreko kontsulta-kopurua da sektorearen bilakaera ebaluatzeko erabiltzen diren beste parametroetako bat. 2017an, % 1,12 bisita gehiago egin ziren bulegoen sarera, 463.131 bisita, guztira. Kontsulten % 78 espainiar nazionalitatea zuten pertsonek egindakoa izan zen, eta gainerakoa beste nazionalitate batzuetakoek egindakoa.

Kontsulta gehien artatu zuen Turismo Bulegoa Iruñekoa izan zen, 142.108 kontsultarekin; Erriberriko bulegoak 59.112 kontsulta izan zituen; Orreagakoak 49.748; Tuterakoak 41.405 eta Otsagabikoak 39.514. Beste nazionalitate batzuetako bisitarien kasuan, Iruñeko bulegoa izan zen erabiliena, 52.902 kontsultarekin, eta bigarrena Orreagakoa, 17.519 kontsultarekin.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!