Betelun kokatutako adinekoen egoitza da. 2004an inauguratu zuten. 45 plaza daude eta horietatik 25 itunduta daude. Gainera, beste 10 eguneko plaza ere eskaintzen ditu. Amavir enpresa pribatuak du egoitza horren %67 eta Beteluko Udalak ere parte hartzen du. Egoitza horretan dagoen agure bakoitzak 2.000 euro ordaintzen ditu hilero. Eta gaur, langileek salatu dute, ez dutela behar bezalako arreta jasotzen. Nerea Navarro erizain-laguntzailea da eta nahkoa ez den lan-talde bat ari direla arreta eskaintzen esan du: "Lan zama gehiegizkoa da, lan-jardunak amaitezinak dira eta guri ez dagokigun lana egin behar izaten dugu maiz". Besteak beste, erizainarenak diren zenbait ardura hartu behar izan dituztela adierazi dute, hala nola, erabiltzaileen medikazioa prestatzea.
Amavir enpresak beste zahar egoitza ugari ditu Nafarroan. Beste horietako langileekiko desberdintasunak dituzte Betelukoan: 100 ordu gehiagoko lan-jarduna urtean eta soldatan %13 gutxiago jasotzen dute: 25 langile ari dira egun Amavir Betelun. Horietako bat, Sergio Vicente erizaina. Lan karga handiegia, lan-jardunak bikoiztea eta 18 egunez jarraian lan egitea tokatu zaio berari. Eta baita bere lankideei ere. Egoitzako erabiltzaileek ordaintzen duten guztiarekin, bere lankideek dituzten soldatak iraingarriak dira. Erizain baten lanak egitera iritsi dira erizain-laguntzaileak. Eta nahasmendu larriak ere gertatu direla aitortu du:"Medikazioarekin behar ez bezala kudeatzea eragin du egoera honek".
"Amavirrek ez du ikusten zer nolako gabeziak dauden, pertsonen ordez, zenbakiak baino ez ditu ikusten", kritikatu dute langileek. Amavirrena da egoera jasanezinaren ardura, baina, Beteluko Udalak ere badu egoerari aurre egiteko aukerarik. Egoerak horrela ezin duela jarraitu eta neurriak har ditzaten eskatu dute. Parlamentariei babesa eta euren aldeko lana egin dezatela eskatu dute, eta baita Gobernuari ere.