Transbide sortuko dute, pertsona transexual, transgenero eta intersexualak hobeki artatzeko

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 14a, 13:36

2017ko ekainean onartu zuten LGTBI+ foru legea parlamentuan (Irudia: EITB)

LGTBI+ pertsonen berdintasunerako foru legearen karietara eratuko du unitatea Nafarroako Gobernuak.

Osasun Departamentuak jarriko du abian Transbide. Diziplinarteko unitate teknikoa izanen da, eta arreta integral eta kalitatezkoa eskainiko die pertsona transexual, transgenero eta intersexualei.

2017ko ekainean onartu zuen foru parlamentuak LGTBI+ pertsonen berdintasunerako foru legea, eta hark zehazten du Nafarroako osasun sistema publikoak ez duela pertsona hauen errealitatea tratatuko patologia bat balitz bezala.

Transbideren arreta sistema eredu berria foru agindu baten bidez zehaztu dute, eta identitate sexuala modu askean autodeterminatzeko eskubidea bermatzea du xede.

Gauzak horrela, sentitutako identitate sexuala hobeki garatzeko beharrezkoak diren tratamendu mediku zein kirurgikoak jaso ahal izateko harrera, alreditatze eta balidazio elkarrizketan, autodeklarazioa izanen da ardatza. Jada ez da beharrezkoa izanen psikiatria profesionalek prozesuan esku hartzea.

Tratamenduok eskainiko dira informazio objektiboa eta zientifikoa eskainiz, eta pazienteak eta medikuak horien arabera baloratuz tratamenduaren balizko onurak eta arriskuak.

Unitatean, psikologia kliniko, osasun hezkuntza, endokrinologia pediatria, ginekologia, otorrinolaringologia, logopedia, kirurgia plastiko, kirurgia orokor, osasun mental, urologia, andrologia eta gizarte lan adituak izanen dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!