Hasiak dira Berdintasunerako Nafarroako Institutuan ebaluazioak egiten. Emakumearenganako indarkeriari aurre egiteko bidean zer nolako zerbitzuak eta baliabideak dituen Gobernuak aztertu eta datuak jasotzen ari dira, gero, etorkizunera begira jarri eta hobekuntzak egin ahal izateko. Xedea, esku-hartzean eta koordinazioan hobetzea izanen litzateke.
Institutuko zuzendari nagusiak, Mertxe Leranozek azaldu du iaz zenbait aspektutan aritu zirela ebaluzioa egiten. Arreta Juridikorako Zerbitzua aztertzeko aukera izan zen, eta baita, Harrerarako Baliabideak eta laguntza ekonomikoak ere. Laster emanen dituzte gainera horien inguruan atera dituzten datuak. Horrez gain, iaz egindako zenbait lanen inguruan ere aritu da Leranoz: emakumearen indarkeriari aurre egiteko abian jarritako Ekintza Plana indartzea eta tokian tokiko lana; harrerarako kudeaketa lana eta indarkeria pairatzen duten emakumeenganako lehen mailako arreta.
Espainian ere ari da lanean Nafarroa
Joan den irailean Diputatuen Kongresuan onartu zuten Estatu Mailako Itun gisara genero indarkeriari aurre egiteko beharra. Hamar adar nagusik osatzen dute Itun hori eta guztira 214 neurri barnebiltzen ditu. Hasiak dira lan-talde desberdinetan hamar alor horiek lantzen eta Nafarroak bitan hartuko du parte.