Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bitartez, zuraren legez kanpoko merkataritzari buruzko informazio-kanpaina hasi zuen joan den astean, sektoreari lotutako enpresa eta establezimenduentzat. Nafarroan arazo hau detektatu ez bada ere, ekimenak indarrean dauden arau eta kontrolei buruzko orientazioa ematen du.
Zehazkiago esanda, 500 gutun bidali dira arau horien eraginpean egon litezkeen beste horrenbeste enpresatara, hainbat sektore barne hartuz, hala nola, zura lantzen duten enpresak, zurezko jostailuak saltzen dituzten establezimenduak edota altzarien inportatzaileak. Gutun horietan, indarrean dauden arauak aipatzeaz gain, hainbat agiri-eredu erantsi dira, baldin eta jasotzaileek, eragile gisa, bidezko ardura-sistemaren bat izan eta urtero aitorpen arduratsua aurkeztu behar balute.
Kanpainaren barnean, kontrolak eginen dira, dokumentalak nahiz bertatik bertarakoak, EBeko merkatura zura edo honen deribatuak lehendabiziko aldiz komertzializatzen dituzten eragileen artean. Dibulgazioa Nafarroako Gobernuak eta ADEMANek (Nafarroako Zurgintzako Enpresarien Elkarteak) zuraren produktuen komertzializazioari atxikitako betebeharrak argitzeko elkarrekin landu duten grafiko honekin osatu da.
Nafarroan arazo honen aztarnarik aurkitu ez bada ere, Nafarroako Gobernuak lankidetzan dihardu estatuko eta nazioarteko erakundeekin legez kanpoko jarduera horri aurre egiteko. Horren harira, Europar Batasunak, iruzurrezko merkataritza-mota hau saihesteko asmoz, FLEGT (basogintzako legeak, gobernantza eta merkataritza bideratzeko programa) lizentziei buruzko Erregelamentua garatu eta abiarazi du, baita baso-produktuen merkataritzaren legezkotasunari buruzko EUTR Erregelamentua (European Union Timber Regulation) ere, zuraren legez kanpoko merkataritzaren aurka borrokatzeko. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko urriaren 20ko (UE) 995/2010 Erregelamentua da zuraren eta honen produktuak merkaturatzen dituzten eragileen betebeharrak finkatzen dituen berariazko legeria.
Espainian, araudi hau zuraren eta honen produktuen komertzializazioaren legezkotasuna bermatzea xede duen abenduaren 4ko 1088/2015 Errege Dekretuaren bitartez egituratu da. Nafarroan, Foru Exekutiboko Ingurune Naturalaren Zerbitzuari atxikitako Plangintza Estrategikoko Atala da araudia aplikatzeko agintari eskumenduna.
Nafarroako zuraren % 80 ziurtatuta dago
Nafarroan, 287.121 hektareak baso-kudeaketa iraunkorraren ziurtapena dute, eta ondorioz, mobilizatzen den zuraren % 80 ziurtatuta dago. Honek lehiatzeko abantaila handia ematen dio beste eskualde batzuen aurrean, eta ingurumenaren, ekonomiaren nahiz gizartearen ikuspegitik basoak iraunkortasun-irizpideen arabera kudeatzen direla bermatzen du.
Kudeaketa-mota honi esker, zura baliabide berriztagarria izatea lortzen da, ingurumenaren osasunari eutsiz, karbono atmosferikoa finkatuz, habitatak eta espezieak zainduz eta gizarteari aisialdirako eta gozamenerako esparru egokiak eskainiz.