%62 arte igo dira hezkuntza publikoaren aurrematrikulazio eskaerak

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 13a, 20:14
Bianako Erentzun ikastolako haurrak

D eredua 0,2 puntu igo da Nafarroan, eta bi ikastexe gehiago izango dira eredu honetan, Barasoaineko Martin Azpilikueta eta Peraltako Juan Bautista Irurzun. A eredua da gehien igo dena, 1,5 puntu gehiagorekin.

Maria Solana Hezkuntza kontseilariak, Roberto Pérez, Hezkuntza zuzendari orokorrarekin batera, 3 urteko ikasleek 2018-2019 ikasturterako egindako aurrematrikulazioan bildutako datuak eman ditu ezagutzera. 5.886 eskaera jaso dira, iaz baino gutxieago 6.100 izan baitziren orduan. 3 urtekoen aurrematrikulazioaren %62k aukeratu du hezkuntza publikoa. Lehendabiziko aukera moduan zehaztuta zeuden ikastetxeek martxoaren 5era bitartean izango dituzte argitaratuta behin behineko zerrendak; eskaera orrian osasun txartelaren zenbakia zehaztu zutenek, bide telematikoa erabili ahal izango dute kontsulta egiteko. Berdinketa kasuetan libre dauden plazak banatzeko gaur Hezkuntza departamentuan izandako zozketaren emaitza ere kontsultatu ahal izango da.

Hezkuntza departamentuak gaur eman ditu ezagutzera 2018-2019 ikasturterako izandako aurrematrikulazio datuak: guztira 5.886 eskari. Zifra 2015ean izandako 5.991 jaiotzekin dago lotuta; hala ere, harrezkero izan diren biztanlego mugimenduekin batera aztertu beharko da. Hezkuntza kontseilariak adierazi du, zenbaki orokorra jaitsi bada ere, Nafarroako gurasoen gehiengoak sare publikoaren alde egindako hautua nabarmendu du. 3 urtekoen aurrematrikulazioaren %62k publikoaren alde egin du eta %38k itunpekoa aukeratu duen; hortaz, aurreko ikasturteko datuekin alderatuz 1,3 puntuko jaitsiera izan du itunpeko sareak. “Publikoan izandako eskari-igoera gainera, eredu guztietan gertatu da: 1,5 puntu A ereduan; 1,3 atzerriko hizkuntza ikasteko programak dituzten A/G ereduetan; 0,5 puntu programarik gabeko A/G ereduan eta 0,2 D ereduan”, nabarmendu du kontseilariak.

Solanak azladu duenez, “%98 hautatutako lehenengo aukeran sartuko da. 69 eskaera bakarrik geratu dira lehen aukeratik kanpo”. Urtarrilaren 10eko 2/2017 ebazpenak jasotako aldaketei dagokionez, Roberto Perez Hezkuntza Zuzendari Orokorrak gaur 13:00etan Hezkuntza departamentuan egindako zozketan izandako emaitza aipatu du: González Hita abizenetik aurrera emango dira plazak, baremazioan berdinketan izan diren eta plazak baino eskari gehiago izan diren kasuetan. Gainera, “aurrematrikulazio aldiaren ondotik berdinketa kasuan libre dauden plazak banatzeko zozketa egin behar izan duten ikastetxeen kopuruak ez du aldaketa nabarmenik izan, hortaz ez du aparteko zailtasunik eragin. 10 ikastetxek behar izan dute zozketa egitea”, azaldu du Perezek.

Eremu ez euskalduneko D ereduko eskaintzari dagokionez, hizkuntz aniztasuna bultzatzea helburu duen akordio programatikoari jarraituz, eta euskararen hezkuntza zabaltzeko bidean, eremu ez euskaldunean D eredua eskaintzen duten ikastetxeei gehituko zaizkie datorren ikasturtean Barasoaineko Martin Azpilikueta eta Peraltako Juan Bautista Irurzun ikastetxeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!