Nafarroak kalamuaren kontsumoa erregulatzeko lege proposamena eramanen du Espainiako Kongresura

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 13a, 13:42

Espainiako estatuko kontsumitzaileei eta klubei "babes juridikoa" eskaini nahi die Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk, Ezkerrak eta PSNk aurkeztutako lege proposamenak. Kalamuaren Foru Legea atzera bota zuen Madrilek.

Kalamuaren inguruko lege erregulatzailea egiteko proposamena eramanen du Nafarroak Espainiako Diputatuen Kongresura, Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Duguren, Ezkerraren eta PSNren babesarekin, "segurtasun juridikoa" eta "osasun bermeak" ziurtatzeko. "Kontsumo propiorako hazkuntza, banakako kontsumoa eta elkarteetako kontsumoa" arautzeko xedez sortu dute legea.

Madrilen trabei aurre

Aurretik ere izan da gisa horretako lege bat Nafarroan, izan ere, 2014an, Herri Ekimen Legegile baten bitartez, foru legea egin zuen parlamentuak "arautu gabeko espazio legala" bete eta "segurtasun juridikoa" eskaintzeko, "bai kontsumitzaileen elkarteei, bai erabiltzaileei ere"; Madrilek, baina, beste hainbat legerekin egin duen gisan, atzera bota zuen foru lege hori, Nafarroako "eskumenetatik kanpo" zegola argudiatuta. Ingurumari horretan joko dute Kongresura. 

Populazioaren %10 inguru

Nafarroan, "dozenaka" kalamu elkarte daude, eta 45.000 kannabis kontsumitzaile, hau da, "biztanleriaren %8 eta %10 artean", Fermin Les Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoko kideak azaldu duenez. Horregatik, "kalean normala dena" legedian ere "normala" izan dadin aldarrikatu du.

Arautzeak "osasun arazoak eta arazo legalak" ekidenen dituelakoan daude, eta, gainera, Lesen arabera, "eragin positiboa" izanen luke ekonomian. Esaterako, "elkarte txiki batean", hiru langile inguru daude eta handi batean, "hamar bat". Legeak bidea eginez gero, esparru hori guztia arautzeko aukera legokeela azpimarratu dute bost alderdiek. 

Parlamentuko gehiengoa osatzen dute laukoak eta PSNk eta, beraz, Espainiako Kongresuraino iritsiko da lege proposamena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!