Ezkabako ihesaldian presoek egin zuten ibilbidea, prest

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 9a, 13:23

GR-225 Ibilbidea aurkeztu dute. Ezkabako presondegitik ihes egindako herritarrek egin zuten ibilbidea markatu dute. Informazio panelak ere jarri dituzte: ibilbidearen beraren azalpenekin eta Ezkaba mendian izandako gertakarien inguruan. 80 urte beteko dira ihesalditik eta Ezkaba Proiektuaren barruko ekimen bat gehiago da. 

GR-225 Ibilbidea aurkeztu dute gaur. Ezkaba Proiektuaren barruan, Ezkabako presondegitik ihes egin zutenen ibilbide bera egiteko proposamena da. Ihesaldiaren omenez egindako mendiko ibilbidea dela nabarmendu du Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko kontseilariak.

Maiatzaren 22an beteko dira 80 urte 795 presok ihes egin zutenetik presondegi hartatik. Gehienek, 586k ez zuten lortu helburua eta berehala atxilotu, torturatu eta asko fusilatu egin zituzten.

225 izeneko ibilbideak 53 kilometro luze ditu eta 4 etapatan bereiztu dute.

  1. Lehenengoan, proposamena, Ezkaba menditik Olabera joatea da, 14,5 kilometro eginda.
  2. Bigarren etapan, Olabetik Sangusera beste 13,5 kilometro eginda.
  3. Hirugarrenik Salgusetik Sorogainerako bidea osatzea litzateke 15,4 kilometro eginda.
  4. Laugarren etapan, Sorogainetik Urepelera iristea da xedea 9,8 kilometro eginez.

Gainerako mendietako ibilbideek bezala, informazio xaflak izanen dira ibilbidean barrena. Bidearen ezaugarriak azaltzeaz gainera Ezkaban gertatutakoa ere gogoratuko dute.

Ezkaba Proiektua, martxan

Ezkaba proiektuaren barruan, ekimen berri bat ere iragarri dute. Erkidegoen Arteko Sarea sortu berri dute, bederatzi erkidegok osatu dute jada eta lehenengo topaketak Iruñean eginen dituzte martxoaren 15 eta 16ean.

Baina, horretaz gainera, beste lau lan ildo ere baditu Ezkaba Proiektuak:

Lehenik eta behin, Ezkabatik ihes egindakoen arrastoak bilatzen jarraituko dute, deshobiratze lanak egiteko asmotan, Aranzadi elkartearen laguntzaz jada iaz abiatutako bidean. "Memoria elkarteekin bat" garatutako egitasmoa dela azaldu du Baraibarrek. Guztira 33 gorpuzkin topatu dituzte herri desberdinetan lurperatuak zeudenak.

Bigarrenik, gaur aurkeztu dutena, ihes egin zutenek segitutako bidea markatuko duen bidea GR225.

Hirugarrenik, botilen hilerrian gazteentzako nazioarteko lan eremua muntatuko dute, 131 presoen arrastoak gordetzen dituen kanposantuan. Udan dagoeneko izan zen ikasle talde bat.

Laugarrenik, presoen inguruko emakumeen elkartasun sareek izandako indarra gogoan, liburu bat kaleratu du Nafarroako Gobernuak, Amaia Kovachsen ikerketa ardatz hartuta Sareak Ehotzen izenekoa. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!