Kultur jarduera eta sormen artistikoa areagotzeko diru laguntzak %16'6 igo ditu udalak

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 9a, 08:17

Gainera, 5 programa propio berri abiatu dira kaleko jardueren eskaintza handitzeko eta artea zein kultura herritar guztiei helarazteko.

Iruñeko Udalak kulturako diru-laguntzak % 16,6 igo ditu azken bi urteetan, hiriko kultur jarduera eta sormen artistikoa areagotze aldera. Hori horrela, arte eta kultur proiektuetarako diru-laguntzen deialdiak, 377.000 euroko diru-zuzkidurarekin 2015ean, 439.500 euroko aurrekontua izan du 2017an, eta gainera hiru diru-laguntza ildotan banatu da, hartara ezaugarri eta aurrekontu guztietako proiektuetara heltze aldera.

Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek gaur goizean aurkeztuko dituzte, prentsaurrekoan, Kultura Alorreko jarduketa-ildo berriak, bereziki hirian sustatzen diren kultur ekimenak erraztera bideratuta, eta Udaleko programa propioekin osatuko direnak. Halaber, kudeaketan txertatutako hobekuntzak azaldu dituzte, entitate eskatzaileekiko komunikaziotik hasi eta ordaintzeko epeetaraino.

Adierazi dutenez, diru-laguntza deialdiak dira aipatu helburuak betetzeko Udalak dituen elkarlanerako biderik garrantzitsuenetarikoak. 2016an eta 2017an diru-laguntzak berrikusi dira, xede hartuta herritarren ekimenei bide ematea eta beste berri batzuk agertzea motibatu zein animatzea. Berrikuspen horren ondorioz diru-laguntzen zenbatekoa handitu eta beste gai batzuk ere aldatu dira.

Hala, arte eta kultur proiektuetarako diru-laguntzen deialdia 2015eko 377.000 eurotatik 400.000 eurora igo zen 2016an. 2017an beste aurrerapauso bat eman zen berrikuspen horretan, eta hainbat deialdi sortu ziren. Horien guztien zenbatekoak 439.500 euro jo du. Hori horrela, ohiko diru-laguntzen deialdia bitan banatu zen: bata irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzendua, urtean 70.000 eurotik gorako aurrekontua duten proiektu artistikoak egin ditzaten; eta bestea, kultura eta artea hedatzeko jardueretarako.

Hortaz, urteko proiektuek 266.500 diru-laguntza ildo bat izan zuten (241.500 euro, irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat; eta 25.000, Nafarroako Gobernuaren menpeko entitateentzat). Eta kultura eta artea hedatzeko beste jarduera batzuk –jaialdiak, errezitaldiak, zikloak, arte eszenikoetako topaketak zein lehiaketak, musika-ziklo nahiz -topaketak, lantegiak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, liburu bat zein irakurketa sustatzeko jarduerak, etab.– bere toki propioa izan zuten, 152.000 euroz hornitutako berariazko deialdi batekin. Horietatik 116.000 irabazi asmorik gabeko elkarteentzat izan ziren; eta 36.000, kultur enpresentzat.

Modu horretan erabilgarri zegoen zenbatekoaren banaketa arrazionalizatu da, eta aurrekontu urriagoko proiektuak bultzatu dira, non Udalaren laguntza ezinbestekoa baita jarduerak egiteko, proiektu artistikoen deialdikoa bezain altua ez bada ere. Hala, deialdi horri esker, 2017an honako jarduera hauek egin ahal izan dira: Festival Beltza Weekend (Gautxoriak Soul Club elkartea); Nafarroako Errondaila Topaketa; globalizazioari, lurraldeari eta kulturari buruko jardunaldiak, Nabarralde Fundazioak sustatuta; Karrikiri elkarteko antzerki-taldea; hitzaldiak, kontzertuak eta beste jarduera batzuk; Santas Pascuas jaialdia (Los Bolígrafos SL); eta Eguberrietako Antzerki Jaialdia, Yarleku konpainiaren eskutik. 2016an, beste hauek izan ziren ekimen berriak: Auzolan Kulturgunea Foroa (Ruido de Fondo kultur elkartea), Bideo-dantzaren Zinetika Nazioarteko Jaialdia (El trastero creativo), eta Anaitasuna Kultur, Kirol eta Aisialdi Elkarteak antolatutako mendi-zinemari buruzko emanaldiak.

Gainera, 2017an, deialdi berri bat abiatu zen, sortzaile artistikoen jarduera laguntzera bideratuta. Sormen artistikoa saritzeko deialdia, hain zuzen, zeinak 3.000 euroko saria eman baitie hautatutako zazpi proiektuetako bakoitzari.

Hobekuntzak kudeaketan

Bi diru-laguntza deialdietan elkarteendako interesgarriak diren bi izapide txertatu dira. Batetik, prozeduran onartua edo baztertua izanaren gaineko komunikazioa: instrukzio organoak aurre-ebaluazio txostena egin eta izapide-ebazpena emango du, eta horren berri ematen zaie entitate eskatzaileei. Hartara jakin dezakete beren eskaera aintzat hartu dela eta horrek ezarritako baldintza formalak betetzen dituela, eta onartua edo baztertua izan dela. Bestalde, banan-banan jakinarazten zaie entitatea esleipendunei diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena, eta eskatzaileek hiru egun naturaleko epea dute ebazpena onartzen dutela berresteko.

Aurreko deialdian bezala, eskaeren aurrez aurrezko defentsa egin daiteke. Eskaerak hobeki ezagutzeko xedez, boluntarioki hori egin nahi duten entitate eskatzaileek badute proiektuak aurrez aurre aurkeztu eta defendatzeko aukera. Aurkezpenak argia eta zehatza izan behar du, gehienez ere hamar minutuan egitekoa, eta gero balorazio-batzordeak egindako galdera-saio batekin osatu ahal izango da.

Beste berrikuntza batek zerikusia du deialdia ebazten den unean ordaintzen den zenbatekoarekin. Entitateak jarduera kultural eta artistikoendako diru-laguntzen azkeneko hiru deialdietan diru-laguntzarik jaso eta hori oso-osorik justifikatu badu, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 70 ordainduko zaio deialdia ebazten den unean. Jarduera egin eta gastuak justifikatu eta gero, gainerako % 30a ordainduko da. Gainontzeko kasuetan, diru-laguntzaren % 50 deialdia ebazten den unean bertan ordaintzen da, eta gainerako % 50a, deialdiaren xede den jarduera egin eta justifikatu eta gero. Aurreko deialdietan % 60a soilik aurreratzen zitzaien aurreko hiru deialdietan diru-laguntza jaso zuten entitateei.

Hitzarmenak musika-sustatzaileekin eta programa propioak

Iruñeko Udalak formatu handiko kontzertuak eta musika-jaialdiak sustatu nahi izan ditu, sustatzaileen eskura jarrita guztira Ziudadela eta zenbait azpiegitura (agertokiak, hesiak, komunak, etab.), zeinek 40.000 euro jotzen baitute. Proposamenak jasotzeko deialdi publikora hainbat ekimen aurkeztu ziren eta balorazio positiboa lortu dute. Hori horrela, 2018an gutxienez lau musika-jaialdi egingo dira Ziudadelan.

Orobat, eskaintza Kulturako Alorrak urtero egiten dituen programa propioekin osatzen da, betiere entitateek berek prestatzen dituzten jarduera-eskaintza biribiltzen saiatuta, diziplina guztiak barne hartuta, eta, batez ere, artea eta kultura herritarrengana hurbiltzeko asmoz, horretarako gehienetan kalean egin eta doakoak diren jarduerak antolatuta.

Programa propio berri horien ildoan, adibidez, Harresietako jaialdia egin da, kaleko arteak (dantza, antzerkia, zirkua) ardatz dituen jaialdi bat, Ziudadelan, Guadalupeko bastioian eta harresitutako beste zenbait txokotan egin dena, abuztuan. 2016an estreinatu zen eta 2017an finkatu, Ziudadelako agertoki natural horretara bertaratu ziren 20.000tik gora ikusleei esker. Izan ere, bigarren edizioan bereziki nabarmendu zen, ikusleek izandako erantzuna dela medio, Kalakan taldearen kontzertua, Iruñeko, Baionako eta Hondarribiko Udalek elkarrekin ekoiztutako lan baten ondorioz sortua; halaber, oso harrera ona izan zuen Bivouac konpainiak eskainitako amaiera-emanaldia; Mar a Mar proiektu europarrean txertatuta dagoena.

Jaialdiaren barrukoak dira lehendik ere egiten zen Harresiak dantzan eta lehenbiziko aldiz 2016an egin zen dantza garaikideko Dantza zoroan programa berria. Horrez gain, udan ere, Iruña Ilunabarrean egin zen, O-ko Andre Maria plazan, eta Auzokale, Civivox sareak lehenbiziko aldiz 2017an egindako zikloa, kultur jarduerak auzoetako plazetara eramate aldera.

Beste programa propioetako bat Bestelako argiak jaialdia da, zeinak, arreta ikus-entzunezko sorkuntzan jarrita, bideoarte-erakustaldi bat egiten baitu, nazioarteko hainbat artistaren piezen proiekzioen bitartez, hiriko erdialdeko zenbait hormatan, urteko azken hamar egunetan. 2017an, jaialdiaren barruan, bideo-mapping sorkuntza bat proiektatu zen Ziudadelako Arma aretoko fatxadan, eta zinema iraungikorreko lantegi bat egin zen Txantrean.

Iruñea NOLA elkartearekin eta Sanduzelaiko Kultur Koordinakundearekin elkarlanean, Ibaiertzean jaialdiak jarduera sorta zabala eskaini zuen: musika-ikuskizunak, lantegiak, zinema-emanaldiak eta hitzaldiak. Musikaren garrantzia nabarmentzea zen jaialdiaren jomuga, eraldaketa sozialak bultzatu eta sustatzen dituen komunitate-praktika dela azpimarratuta. Nafarroako etorbideko zubiaren azpiko gunea izan zen agertoki nagusia, eta bertan esku-hartze artistiko bat egin zen, auzoan espazio sinbolikoa den gune bat berreskuratze aldera. Aurten, 2018an, jarduketa-esparrua zabaldu eta hezkuntzaren arloa ere jorratuko da, eta Etxabakoitzen egingo da jaialdia.

Batasunaren Pribilegioaren ospakizunaren harira, Pim Pam Ville jaialdia abiatu zen, eta Burguen plaza aukeratu zen jaialdi berri horren agertoki gisa. Lehenengo edizioan tokiko, estatuko eta nazioarteko garaje-, pop-, folk-, punk-musika taldeek parte hartu zuten, Exnovios, Los Hermanos Cubero eta The Fuzztones, besteak beste. Iruñean eskaintzen den musika mota dibertsifikatzea eta ikusle gazteagoengana iristea; hori zen programaren helburuetako bat.

Halaber, 2017an kultura japoniarreko Yamaguchi Torii jaialdi berria prestatu zen, nahiz eta ekitaldiak 2018ko urtarrilaren erdialdean egin diren, horrela bat etorrita Nafarroako Anime Jaialdiarekin. Yamaguchi parkea kultur-unibertso japoniarra bihurtu zen, inguruan diren egoitza kultural guztiak erabilita eta xede hartuta ikusle berriak erakartzea, kultura japoniarrarekiko gero eta interes handiagoa sentitzen duten gazte eta nerabeak, hain zuzen. Literatura eta mangarekin lotutako jarduerak, arte martzialen erakustaldiak, dastatzeak, jolasak, karaokea eta beste zenbait proposamen egon ziren, bai eta animazio japoniarreko FAN jaialdiaren XV. edizioaren barruko beste hainbat jarduera ere.

Azkenik, aipatzekoa da beste jarduera bat, berria ez izanagatik ikuspegi berri bat txertatu duena. Erlijio Musikako Jaialdiaz ari gara, emanaldi kopurua gutxitu eta kalitatea hobetuta norabide berria hartu duen programa. Kalitatea bilatzeko lanei esker lortu da jaialdian izatea izen handiko zenbait talde, estatukoak zein nazioartekoak, eta harrera ona izan da ikusleen partetik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!