Etxea emanda zorra kitatzeko atzeraeraginezko legea aurkeztu du Plataformak Espainiako Kongresuan

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 8a, 13:45

Argazkia: Elkarretaratzea egin dute gaur goizean Carlos III. etorbideko Caixabanken aurrean.

Bide eman dio Espainiako Kongresuko Mahaiak bost puntu dituen Hipotekak Kalteturikoen Plataformak aurkeztutako Etxebizitza Legeari. Alokairuak erregulatzeko, pobrezia energetikoa amaitzeko eta zorrak kitatzeko galdegin du.

Behin etxea emanda, zorra bertan behera gera dadila eskatu du Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak gaur, Iruñean, Carlos III.aren etorbidean, Caixabanken aurrean, egun, hipotekaren parte bat ordainduta ere, eta etxea kendu eta gero ere, zorra bere horretan mantentzen baitiete bankuek kaleratutakoei.

Bide horretan, Hipotekak Kaltetutakoen Aldekoen Plataformak Etxebizitza Legearen testua idatzi du eta Espainiako Kongresura eraman dute Ahal Duguk, ERCk, Compromisek eta EH Bilduk; Kongresuko Mahaiak bide eman dio proposamenari. Honako hauek dira legeak barne biltzen dituen aldarrikapenak: zorra amaitzea behin etxea emanda eta neurri hau atzeraeraginezkoa izatea; alokairuaren prezioa erregulatzea; pobrezia energetikoaren kontra egitea; beste bizitzeko tokirik izan ezean kaleratzerik ez egitea; eta kaleratzea egitekotan, familiak bankuen pisu hutsetan geratzea.

Ezinezko bizitzak

Egoera horrek, herritarren bizitza "ezinezkoa" egiten duela salatu dute, eta hainbat adibide jarri dituzte: izan ere, lan eginez gero, dirua kentzen diete automatikoki eta, beraz, beltzean aritu behar izaten dute askok; "jatekoa ala hipoteka" aukeratzekotan egon direla ere esan dute, gizarteak "baztertuta" daudela...

Gauzak horrela, Josu Osta Plataformako kideak azaldu du zein garrantzitsua den zorra kentzea, are gehiago "kontuan izanda bankuek etxe horiek merkatuan jartzen dituela berriz".

2012tik datorren arazoa

"Familiek pairatutako drama" amai dadin da nahi dutena. 2012aren aurretik etxea galdu zutenak dira kaltetutakoak, izan ere, 2013tik aurrera etxea eman behar izan dutenek zorra negoziatzeko aukera izan dute, haiek ez bezala. "Bizitzarako bigarren aukera" izateko eskubidea nahi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!