Txupinazo Operazioa

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 7a, 13:43

> Operacion Triunfo telebista saioko irabazle Amaia Romeroren garaipenari etekina ateratzen ahalegintzen ari da UPN.
> Alderdi erregionalistak Sanferminen Mahaira eraman nahi du Romerok txupinazoa jaurtitzeko aukera.

OT zena TO bihurtu da. Operacion Triunfo telebista saioko irabazle Amaia Romeroren lepotik Txupinazo Operazioa abian jarri baitu UPNk: alderdi erregionalistako udal taldeak Romeroren hautagaitza Sanferminen Mahaira eraman nahi du,Twitter bidez iragarri duenez.

Sergio Sayas parlamentaria harago joan da, Joseba Asiron alkateari galdeginez erabakitzen utz diezaiela iruindarrei. Eskaera deigarria, aintzat hartuz UPN agintean izan zen bitartean, alkate erregionalistek haien kasa erabaki zutela txupinazoa nork jaurtiko zuen, herritarrei erabakian esku hartzeko inolako aukerarik eman gabe.

Are gehiago, Yolanda Barcinak alkate moduan birritan piztu zuen suziria. Frankismoa amaitu zenetik, hori egiten lehena izan zen. Eta, oraingoz azkena. Bestalde, Asironek ez du sekula txupinazoa inoiz bota, eta ez du eginen, ohore hori herritarren esku uztea erabaki dute eta.

Ingurumari horretan, Enrique Maya alkate erregionalista ohiak oso post berezia zabaldu zuen Facebook-en. Hartan, Amaia Romerorekin batera ageri zen, duela bost urte harturiko irudi batean! Twitterren baten batek idatzi zuenez, Enrique Amaia sinatzea besterik ez zitzaion falta izan.

Jakina, alderdi erregionalistarekin batera, zenbait hedabide norabide berean mugitzen hasi dira. Konparaziora, horietako batek, Navarra Televisionek, Amaia Romerori berari galdetu dio ea festen hasierako suziria piztea gustatuko litzaiokeen. Eta Romerok, beste behin ere, ikaragarria litzatekeela erantzun du.

Kapitalizatzen ahalegintzen ari badira ere, ideia ez da erregionalistena izan. Romerok txupinazoa pizteko aukera telebista saioko lehiakideen arteko solasaldi batean sortu zen. Agoneyk bota zion galdera abeslari iruindarrari: “Imajinatzen aurten Iruñeko txupinazoa zuk botatzen duzula?”. Eta erantzuna ez zen ezezko bat izan: “Ikaragarria izanen litzateke!”.

Sare sozialetan, mugimendu handia izan da #AmaiaChupinazo traolarekin. Eta xede horrekin twitter kontua ere sortu dute, @amaia_txupinazo hain zuzen ere. Ez du arrakasta handirik lortu, lerrook idazteko tenorean 94 jarraitzaile besterik ez baitu. Nahiz eta haren balizko jarraitzaileen taldea zabaltzeko ahalegin bistakoa egin duen. Hasieran, kontuaren bio-an, irakur zitekeen Amaia Nafarroako eta Espainiako erregina zela. Gero, Espainiaren aipamena kendu, eta euskarazko bi hitz gehtu zituzten: “Erabaki dugu!”. Nolanahi ere, telebista saioan zein sare sozialetan Amaia de España (Espainiako Amaia) deitu izan dute abeslari iruindarra.

Bestalde, UPNko hautetsiak ez ezik aldaketaren aldekoek ere zoriondu dute Amaia Romero. Joseba Asiron alkateak, Twitter bidez.

 Uxue Barkos lehendakariak eskutitz bat bidali dio Romerori zoriontzeko, eta kazetarien aitzinean esan du "ohore bat" dela musika "halako pasioz eta profesionaltasunez" bizi duen gaztea nafarra izatea.

Sareetan, beste hautagai bat ere proposatu dute: berriki zuzendaritza artistikoaren Goya saria jaso duen Mikel Resano iruindarra.

 

Saria eskertzeko tenorean, Resano beste inor baino luzeago mintzatu zen euskaraz, eta saria haren senarrari eskaini zion, alemanieraz. Profesional ona, homosexuala eta eleanitza.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!