Ansa Ahizpak & Ama taldeak 'ArtanTxuriketan' ikuskizuna eskainiko du gaur

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 7a, 07:44

María Jesús Zugarramurdik eta haren hiru alabek landa-eremuan transmititutako euskarazko kanta eta kontakizunez osatutako saioa eskainiko dute Kondestablen.

Kondestableko areto gotikoan ARTAnTXURIKETAN ikuskizuna izango da ikusgai, asteazkenean, Ansa Ahizpak & Ama taldearen eskutik, María Jesús Zugarramurdik (Maixux) eta haren hiru alabek –Arantxak, Ainhoak eta Maiderrek– osatzen duten taldea. Euskarazko ahozko tradizioari buruzko saioa eskainiko digute, haien familia-esparruan zein lotura duten udalerri nafar eta gipuzkoarretan bildutako kontakizun eta kanten bitartez. Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarrekin antolatzen duten euskarazko kultur programazioaren barneko ikuskizuna da, 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea da.

Euskararen ahozko transmisioa mendeetan zehar eman da, hala baserrietako familia-giro intimoetan nola herrietako bizimoduan eta landako lan-esparruan. Ikuskizun honetan, hain zuzen, baserriko arratsalde arrunt bateko giroa ekarri nahi da gogora, halakoa non familiak eta bizilagunek hizketa goxoan aritzen diren, sukaldean edo egongelan bilduta, artoa zuritzen duten bitartean. Kasu honetan, Leitza, Arano Goizueta eta Oiartzun aldeko kontakizun eta kantak izango dira protagonista.

Ikuskizunaren izenari dagokionez, artoa zuritzeko lanaren harira “ARTATXURIKETAN” izan beharko zuena ARTAnTXURIKETAN bilakatu da hitz-joko baten bitartez; izan ere, Goizuetako Artantxu baserria da amaren haurtzaroko bizilekua.

Familia kontu-kantalaria

Maixux Zugarramurdi eta haren hiru alabek osatzen dute Ansa Ahizpak & Ama taldea. Urteak daramatzate musikaren munduan lanean, musika ofizio ez ezik afizio ere bihurtu dutelarik. Musika-zaletasuna familia giroan zein bizi izan diren giroan jaso dute. Maider Ansa moderatzaile aritu da zenbait bertsolaritza txapelketatan, azken Txapelketa Nagusian, besteak beste. Musikaren arloan, Nafarroako Kantu Txapelketa irabazi zuen, 2005ean, bakarlari-modalitatean.  Horrez gain, Tximeleta taldeko abeslaria da. Ainhoa, bestalde, Historian lizentziaduna da, eta Euskal Kantuzaleen Elkartearendako aritu da lanean, besteak beste. Arantxa da ahizparik zaharrena, eta hainbat esparrutatik lotu zaio musikari.

Maixux Goizuetan sortua da; ama eta aiton-amonak Leitzakoak zituen, Oiartzungoa aita. Txikitatik, beraz, hiru herri horien eragina izan zuen. Leitzako senideak istorio-kontalari bikainak ziren, eta aita, oiartzuarra, bertso eta ipuinen “artxibo bizia”. Amona Joakinak primerako transmisio-lana egin zuen haren gurasoen zein senarraren “altxorrak” guregana bere horretan iris zitezen. Goitik behera kontu-kontalaria den familia batek erakutsiko digu saio honetan ahoz ahoz igaro den altxor hori.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!