Ana Ollo: "Euskara erabiltzen duten hedabideetako diru-laguntzetan ez dago anomaliarik"

Euskalerria Irratia 2018ko ots. 6a, 13:28

Ana Ollo kontseilaria parlamentuan izan zen egun bateko irudia.

Euskara erabiltzen duten komunikabideetara igorri zaien  diru-laguntzaz galdetu dio oraingoan, euskara inposatzearen mamuaren itzalpean UPNk Ana Ollo kontseilariari. "Ohiko diru laguntzak dira, publikoak, parlamentuak onartutakoak, irizpide objektiboak erabilita banatuak eta euskararen erabilera, sustapena eta zabaltzea bultzatzeko helburu dutenak". 

Euskara erabiltzen duten komunikabideetara igortzen zaien diru-laguntza izan da gaurkoan UPNren gezurrak haizatzeko arrazoia. Hasteko, Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko kontseilariari planteatutako galderan berean zegoen lehenengo akatsa. Ezohiko diru-laguntzen inguruan ari zen UPNko Juan Luis Sanchez de Munian, baina, ez da ezohiko laguntzarik izan.

Eta hain zuzen ere hortik abiatu da Olloren erantzuna. Errealitatea bihurritzea, katramilatzea leporatu dio UPNri. Mila aldiz gezur bera esanagatik ez dela egi bilakatzen gogorarazi dio. Euskararekin sortu nahi duten zalapartak ez du funtsik. Fobiak eta sinesmen ikaratsuak dira. Gobernua behin eta berriz kolpatu nahi izatea leporatu dio, eta kasu honetan, komunikabide, kazetari eta diru-laguntzak esleitzen dituzten teknikoak gutxietsita.

Ohiko diru laguntzak dira, Euskarabideak banatzen dituenak euskara hedabideen bitartez sustatu eta zabaltzeko asmoarekin. Irizpide objetiboak dituzte, deialdi publikoak dira eta 1992. Urtetik banatzen dira. UPNren gobernuak ere banatu zituen 21 urtez, nahiz eta gero, 2012tik 1015era euro bakar bat ere ez zuen bideratu. Hori da anomalia bakarra. Europako Batzordeak ere jasoa du: hizkuntza gutxituak sustatu behar dituztela gobernuek eta baliabidez eta tresnaz hornitu behar dituztela horretarako. Euskararen normalizaziorako hizkuntza politikaren barruko diru laguntzak dira horiek Publizitatean komunikabide guztientzako 900.000 euro bideratzen dira eta Euskarabideak euskara sustatzen dutenentzat 580.000 euro banatu ditu. Hedabideek dituzten ohiko gastuak ordaintzeko bideratzen dira. 

Gobernuaren hurbileko hedabideak laguntzen

UPNk ez du onartu leporatu zaizkionak. Esan du, Gobernuarengandik gertu dauden hedabideak sustatzeko laguntzak direla. Ildo beretik noski, alderdi popularra. Euskara politikoki erabiltzen dutenak gobernuan daudela esan du Ana Beltranek. Helburu bakarra dutelako.

Alderdi sozialista, berriz ere, epel. Uste du Gobernuak gehiegi gastatzen duela euskara tarteko denetan. 

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak uste dute bidezkoak direla diru laguntzak. Oro har, proiektu txikiak izaten dira euskara sustatzen duten komunikabideena. Tokian tokikoak gehienak. Euskara sustatzeaz gainera, jarduera ekonomikoa, soziala eta soziolinguistikoa ere betetzen dutenak hala mintzatu dira go  Gobernua babesten duten lau alderdiek bat egin dute, esanez, ez direla aparteko laguntzak eta hedabide horiek laguntzeko erabiltzen den ohiko diru laguntza publikoa dela. Eta Podemos-Ahal Duguko Laura Perezek UPN eta PPri eskatu diete bazter ditzatela behingoz euskarafobiak eta euskaraz bizi nahi dutenek eskubide hori ziurtatua izan dezaten lan egin dezala eskatu du, 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!