Otsailaren 1etik 7ra zabalik egonen da aurrematrikulazio epea, eta, ingurumari horretan, "Nafarroako familia guztiei" D ereduko eskola publikora jotzeko gonbita luzatu die Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako zuzendariak biltzen dituen NIZE elkarteak.
Errealitatetik gertu
"Gertukoak gara, bertakoak, etxe ondoan ditugun eskola horiek. Leku bakoitzeko errealitatea ezin hobe ezagutzen dituzten ikastetxeak eta bertako beharrei erantzun egokiena ematen dietenak", adierazi dute eskola publikoaren gertutasuna goratu nahian.
"Esfortzua, konfiantza, emozioak, elkarbizitza, eleaniztasuna, kalitatea, irudimena eta elkartasuna" bermatzen dituela ere gogorarazi du Mikel Larrazak Bernart Etxepare Txantreako ikastetxeko zuzendaria.
Gorakada eztabaidaezina
Matrikulazioari buruzko datuak eskaini dituzte: Duela hiru urte, sare publikoan euskarazko matrikulazioa %19koa zen, iaz, aldiz, %23koa; eta hori, sare publikoa kontuan hartuz gero, ikastolen datuak sartuz, 3 urteko haurren familien %30ak jotzen du D eredura. Larrazaren aburuz, "eredu fidagarria" dela uzten dute argi datuek.
Gianera ikasleek hiru hizkuntza ikasten dituztela gogorarazi dute, Nafarroako biak eta atzerriko bat.
"Ingurune hurbilean integrazioa eta gure kulturaren ezagutza bermatzen ditu. Honetik abiatuz, ikasleak mundu globalizatuan moldatzeko gai dira, eta, gainera, gainontzeko kultura guztiak erreespetatzen eta baloratzen dakite", adierazi dute Nizetik.