Iruñeko Udalak KoLaboratorioak programa abiatuko du, Administrazioaren eta gizarte-ehunaren arteko topaketan oinarritutako proiektua, parte-hartzearekin lotutako hainbat esparrutan erantzun kolaboratiboak bilatzeko. Eraikuntza kolektiboko guneak sortzea da asmoa, egungo erronkei erantzuteko, eta udalerriarendako emaitza berritzaileak lortzeko, elkarlanetik abiatuta. Programa bost esparrutan abiatuko da: lankidetza publiko-soziala; herritarren partaidetzako guneak; komunikazioa eta teknologia; Iruñeko gizarte-ehunaren azterketa; eta ebaluazioa, gardentasuna, trazabilitatea eta kontuak ematea.
Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zinegotzi ordezkari Manuel Millerak eta Alorreko zuzendari Axel Morenok ekimen hau aurkeztu dute prentsaurrekoan, zeinak azken finean bilatzen baitu gogoeta egin eta ikasteko topagune bat sustatzea, herritarren partaidetzako eta gizarte ekintzako egungo esperientzietatik abiatuta. Herritarrei, oro har, zuzentzen zaie, eta aipatutako KoLaboratorioak otsailetik maiatzera egitea da asmoa. Talde horietakoren batean edo gehiagotan parte hartu nahi dutenek otsailaren 6a baino lehen eman beharko dute izena programan. Aurrez aurre egin dezakete Zentron (Kondestable Civivoxa), 948 420266 telefonora deituta, informacion.participacion@pamplona.es helbidera idatzita edo online dagoen galdetegia beteta, participa.pamplona.es webgunean.
KoLaboratorioak ekimena Demokrazia Partizipatiboaren Iruñeko Tokiko Behatokiak – Herritarren Partaidetzako Foroak sustatu du, Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko udal-teknikariekin elkarlanean eta unibertsitate-ikertzaileen eta dinamizatzaile profesionalen talde baten laguntzarekin. Programari buruzko informazio guztia, dokumentazioa eta ondorioak, eta egindako topaketak eta dinamikak erabaki.pamplona.es zein participa.pamplona.es webguneetan kontsultatu ahal izango dira, baita Participa Pamplonako sare sozialetan ere, #KoLaboratorios hashtag edo traolarekin.
KoLaboratorio bakoitzaren deskribapena
Lankidetza Publiko-Soziala izeneko KoLaboratorioak hausnarketa egingo du Udalaren eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza arautu eta sendotzeko testuinguru egokienari buruz. Honako gai hauek landuko dira: diru-laguntzak eskatu eta emateko prozedura, Udalaren lokalen eta espazio publikoen lagapena gizarte-entitateei eta harreman-eredu publiko-sozialarekin lotutako bestelako alderdiak, hitzarmenak eta horien moduko ekimenak bultzatze aldera.
Herritarren Partaidetzako Guneei buruzko KoLaboratorioaren helburu nagusia da modu kolektiboan hausnartzea eta aberastea Iruñeko Udalak hirian sustatzen dituen partaidetzako guneen ezaugarriak eta funtzionamendua. Herritarren partaidetzako udal-organoak, lurraldekoak zein sektorialak (kontseiluak, foroak eta behatokiak), Iruñean egindako prozesu partizipatiboak, eta herri-galdeketak zein herritarren ekimenak aztertuko dituzte parte hartzen dutenek.
Komunikazioari eta teknologiari buruzko KoLaboratorioan komunikazio publikoko formula berriak landuko dira, Iruñeko Udalaren eta herritarren arteko lankidetzarako elkarguneak sortuta. Tartea egongo da, baita ere, hausnartzeko publiko-sozialaren arteko lankidetzatik abiatutako plataforma teknologikoen inguruan eta teknologia digitalen erabilera demokratikoaren inguruan.
Laugarren KoLaboratorioan Iruñeko auzoen gizarte-ekimen eta elkarte-mugimenduaren balioespena landuko da. Xedea da egungo hiriko gizarte-ehunaren “koadroa pintatzea”, eta topagune bat sortzea, bertan sentsibilitate eta jarduketa-esparru ezberdineko elkarteek aukera izan dezaten haien iritziak azaldu, erkatu eta eztabaidatzeko, eta kezkak partekatzeko. Parte hartzen dutenen esperientziak, beharrak, helburuak eta imajinarioa bilduko dira, eta funtsezkoak izango dira etorkizunean gizarte-ehuna sustatzeko plana egiteko.
Azken KoLaboratorioak – Ebaluazioa, Gardentasuna, Trazabilitatea eta kontuak ematea partaidetzaren inguruan– aurre egingo dio Udalak Herritarren Partaidetzari dagokionez egiten dituen ekimenak etengabean sistematizatu eta ebaluatzeko tresna bat garatzeari. Eragile politiko eta sozialei hurbiltzea proposatzen du, ikuspegi tekniko batetik abiatuta, irizpide- eta adierazle-giltzarriak identifikatzeko asmoz, eta Udalak partaidetzaz bezainbatean egiten dituen ekimenen kalitatea neurtu eta baloratzeko metodologien inguruko tresna-kutxa bat sortzea.
Araudi eta plan berriendako gomendioak
KoLaboratorioak Iruñeko gizarte-ehunarekin lotutako pertsonei eta herritar aktiboei zuzenduta daude, ezagutzak jaso edo partekatu nahi dituztenei, betiere partaidetza- eta lankidetza-estrategietatik abiatuta. Bost KoLaboratorioetako bakoitzean aurrez aurreko zenbait saio aurreikusi dira, sarrera librearekin (bat baino gehiagora joan daiteke); aurrez izena eman beharko da, eta saioen gutxieneko jarraitutasuna bermatuko da. KoLaboratorio bakoitzean 25 lagunek parte hartu ahal izango dute, gehienez ere.
KoLaboratorioetatik ateratako ondorioak gomendio gisa agertuko dira sektore publiko eta sozialak egindako lanari jarraipena ematea ahalbidetzen duten proposamenetan eta hausnarketa-materialetan. Emaitza horiek eragina izango dute Herritarren Partaidetzako Erregelamendu berrian eta berariazko bestelako arauetan (hala nola, ordenantzak), edota honako agiri hauek egiterakoan: Gizarte-ehuna eta herritar aktiboak sustatzeko Plana, Herritarren Partaidetzako Politika Publikoak ebaluatzeko Gida eta etorkizunean egingo den Alorreko Komunikazio Plana.