UGTk, CCOOek eta CENek ezezkoa eman diote ELAk eta LABek proposatutako lanbidearteko akordioari

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 26a, 12:51
Argazkia: Imanol Pascual ELA negoziazio kolektiboko arduraduna eta Imanol Carrera LABeko Nafarroako bozeramailea.

Langileei "lan baldintzak Nafarroan negoziatzeko eskubidea ukatzea" leporatu diete ELAk eta LABek, eta EAEn antzeko akordio bat lortu zutela gogorarazi dute.

UGTk, CCOOek eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioak lan-baldintzak Nafarroan negoziatzeko eskubidea ukatzen dutela salatu dute ELAk eta LABk, izan ere, iaz proposamen bat igorri zien, lanbidearteko akordio bat lortzeko, alegia Nafarroako sektore hitzarmena lehenesteko, Madrilen sinatutakoen gainetik. Ezezkoa eman dute hiruek, ordea. 

"Zapateroren Gobernuaren 2011ko lan-erreformak bide ematen die estatu-esparruko hitzarmenei negoziazio-gai jakin batzuk haientzat erreserbatzeko, eta sektoreko probintzia-hitzarmenetan ezarritakoa guztiz edo zati batez deuseztatzeko. Lan erreforma horretaz baliatzen ari dira UGT, CCOO eta Patronalak  estatu-hitzarmenak Madrildik ezartzeko", adierazi du Imanol Pascual ELA negoziazio kolektiboko arduradunak, ELAk eta LABek batera eskainitako prentsaurrekoan. 

Negoziazio kolektiboaren "estatalizazioa" dela eta Nafarroako langileen lan baldintzak "nabarmen okertzen" ari direla azpimarratu du, ildo beretik, Imanol Carrera Nafarroako LABeko bozeramaileak. Era berean, "Nafarroan erabakitzeko eskubidea bermatuko duen negoziazio kolektiboa" laudatu dute. 

EAEn, antzeko akordioa

Euskal Autonomia Eskidegoan, antzeko akordioa erdietsi zuten ELAk, LABek, UGTk, CCOOek eta Confebaskek, Nafarroan ez bezala. Nafarroan, “argudio juridikoak” izan dituzte ardatz hitzarmena ez adosteko, dena dela, ELAko eta LABeko ordezkarien aburuz, EAEko akordioak argi uzten du "arazo teknikorik" ez dela. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!