Ultzamako alkate ohiak izanen dira biogas planta ikertzen duen batzordean

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 26a, 08:28

>Patxi Perez Arregui (UPN) 2003tik 2012ra izan zen Ultzaman alkate.
>Patxi Tornaria 2012tik 2015era izan zen alkate talde independente batekin. 

Nafarroako Parlamentuan izanen da azalpenak ematen. Biogas planta ikertzen duen batzordea bilduko da gaur goizeko 9etatik aurrera eta bi alkate ohik emanen dituzte azalpenak. Lehendabizi, Perez Arregui izanen da eta gero, haren ondorengoa alkatetzen, Patxi Tornaria (talde independentearekin izan zen alkate). Ultzamako Udala izan zen biogas plantaren sustatzaile nagusia eta bi alkate ohi horiek ardura izan zutelakoan azalpenak eman beharko dituzte. 

Sei urtez izan zen funtzionamenduan biometanizazio planta. Baina, defizitarioa izan zen hasieratik ia. Eta urte horien ondoren ateak itxi behar izan zituen diru publikoaren zati bat,  hiru milioi euro xahututa. Kontuen Ganberak berak biogas plantaren kudeaketa ikuskatu ondoren emandako datuen artetik bat da hori. 

Patxi Perez Arregui Ultzamako alkate izateaz gainera Tokiko Administrazioko zuzendari nagusi ere izan zen UPN Gobernuan zen garaian. Javier Esparza alderdi horretako buru denaren eskuineko beso izan zen, garai hartan Landa Garapeneko kontseilari zena. 2016an gainera, UPNren gidaritza Esparzak hartu zuenetik Perez Arregui ere zuzendaritza taldean ari da eta ez hori bakarrik, Ultzamako udalean oposizioko taldeko zinegotzi ere bada talde independentean (UPNrengandik hurbil kokatua dagoen talde independentean). Perez Arregui Ultzamako alkate izan zen 2003. urtetik 2012. urtera.

Kontuen Ganberak irregulartasunak ikusi zituen

2017ko apirilean egin zuen publiko Kontuen Ganberak Ultzamako biometanizazio plantari buruzko ikuskaritza lana. Kritiko jokatu zuen biogas planta horretan egindako kudeaketarekin eta irregulartasunak ekintza batean baino gehiagotan antzeman zituzten: planta sortu aurretiko zenbait planteamendutan zalantzak agertu zituen gauzak egoki egin ote ziren aztertzerakoan; barne-enpresan azpikeriaz jokatzea finantziazo publiko bikoitza lortu ahal izateko, gutxienez 340.000 euro modu horretan lortzea ere nabarmendu zuen Kontuen Ganberak eta Fiskaltzara ere igorri zuena. Ministerio Publikoak erabaki zuen deus ere ez egitea, eta harata Nafarroako Gobernuak kereila jarri zuen arduradunen aurka, planta kudeatzeaz ardura zutenen aurka, alegia. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!