Nafarroaren langabezia tasa %9,3 da, Estatuko baxuena

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 25a, 18:04

Gaur ezagutu diren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera 1.000 langabetu gutxiago izan da 2017an. Denera 29.900 dira lanik gabeko pertsonak.  Estatuko tasa %16,55 da.

Langabeziaren datuak ezagutu ditugu gaur. Espainiako Estatistika Institutuak eman ditu 2017ko laugarren hiruhilekoari dagozkion datuak, Biztanleria Aktiboaren Inkestarenak.

Nafarroari dagokionez azpimarratzekoa da langabezia tasa %10etik jaitsi dela eta %9,63an kokatu zela iazko azken tarte horretan. 2017. urtean mila pertsona gutxiago izan dira langabezian. Horrek esan nahi du %3,15 gutxiago izan direla zerrenda horretan izen emanda 2016arekin alderatuta. Guztira urtea amaitutakoan 29.900 herritar zeuden langabezian eta 280.200, aldiz, lanean.

Laugarren hiruhilekoaren datuak dira horiek, eta hirugarrenarekin alderatuta ere datuak hobeak izan dira urtearen amaieran: 2.900 herritarrek lortu baitute lanpostu bat.

Generoari doakionez, 152.600 dira lanean ari diren gizonak eta 127.600 emakumeak, hau da, gizonak dira lanean ari diren %63,8 eta emakumeak, berriz, %54. Langabeziari begira jarrita, emakumeak dira langabeen %11, 16.900 emakume denera, eta gizonak %7, 13.000.

Datuak ezagutu berritan, Garapen Ekonomikorako presidenteordeak balorazioa egin du.

Joera positiboa antzematen du datu hauen atzean eta bereziki nabarmendu du sektore publiko zein pribatuak enplegua sortzeko duen konpromisoa.

Sortzen diren lanpostuak kualitatiboki eta kuantitatiboki kalitatezkoak izan daitezen lanean ari direla esan du. Langabezia tasa %10etik jaistea ere oso erakusle ona dela uste du.

Kezkagarriena Aierdirentzat, kasu honetan, genero desberdintasuna da. Alegia, oraindik ere emakumeek lan berdinarengatik gutxiago kobratzea eta langabezian emakume gehiago egotea. Oraindik ere hortaz, egiteko asko dagoela nabarmendu du eta konpromisoa hartu du Gobernuak irtenbideak emateko lanean segituko duela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!