375 urteko espetxe zigorra. Hori da Altsasuko zortzi gazteei ostatuko liskar baten ondorioz eskatzen dieten zigorra: Jokin, Adur eta Oihan kartzelan daude, are 400 egun baino gehiago daramatzate eta FIES erregimenean, gainera; gainontzekoak bostak -Iñaki Abad, Julen goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo- kalean daude, behin-behineko askatasunean, kautelazko neurriekin. Apirilean izanen da haien kontrako epaiketa, 16tik 28ra, eta, horregatik, "bidegabekeria" horren atarian, kalea hartu nahi dute Altsasuko Gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformak: manifestazioa antolatu dute, Iruñean, apirilaren 14rako, 17:30etan, Golem zinemetatik abiatuta.
Terrorismo delitua ez dela adierazi dute Itziar Perez Argomaniz Altsasukoak Aske plataformako eledunak eta Bel Pozuetak Altsasuko Gurasoak taldeko partaidea. Nafarroako Auzitegi Probintzialak 2017ko martxoaren 23ko autoan horixe bera esan zuela, nabarmendu dute, eta kasua Nafarroako auzitegi batek har dezala eskatu.
Bermerik gabeko prozesua
"Errugabetasun presuntzioa, epaile natural eta inpartzialaren eskubidea, defentsarako eskubidea..." urratu direla deritzote manifestazio deitzaileek: "Akusazioaren txostena Guardia Zibilak berak egin du, ez agente neutral batek, Guardia Zibila parta izanik. Komunikabideetan epaiketa paralelo bat pairatu dugu, herri oso baten errealitatea desitxuratu duteelarik. Legeen erabilera maltzur, hedakor eta abusuzkoaren aurrean gaude", adierazi du Perezek.
Epaiketa "gizarte demokratiko baten printzipioen kontrako" dela eta jokoan dagoena "zuzenbide estatua" da.