Hiri inklusibo bat lortzeko genero ikuspegia urbanismoari aplikatzeko beharra landu du NUPeko tesi batek

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 25a, 07:52

Ana Sancho Martínezen ikerketa lanak proposamenak biltzen ditu gizon-emakumeentzako hiri integratzaile eta inklusiboak diseinatzeko.

“Ciudades conciliadoras. Urbanismo y género” izenburua duen doktoretza-tesia defendatu du berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Ana María Sancho Martínezek. Tesiaren zuzendariak hauek izan dira: Carmen Innerarity Grau erakunde horretako Soziologia Saileko irakaslea eta María Elósegui Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna Zaragozako Unibertsitatean. Tesiak kalifikaziorik onena lortu du: bikain “cum laude”.

Ikerketa lanaren xedea da laburbiltzea zein diren NBE-Habitat nazioarteko erakundearen eta Europako Batzordearen Hiriko Emakumearen Europar Gutunaren gomendio nagusiak hiri integratzaileak diseinatzeko, gero aztertu ahal izateko zein neurritan jasotzen dituzten Espainiako hiri eta lurralde garapeneko plan estrategikoek, eta hala genero ikuspegia zeharkako moduan biltzeko eta gizon-emakumeentzat benetan inklusiboa izango den hiri bat diseinatzeko.

Egilearen iritzian tesiak “erakusten du hirigintza behar bezala kudeatzeko beharra, espazio publikoetarako sarbidean gizon-emakumeen berdintasunezko parte-hartze handiagoa lortzeko”. Halaber erantsi du “bai gizonek bai emakumeek bi espazioak partekatzen dituztela eta zereginak dituztela hala etxe barruan nola esparru publikoan, eta, horrenbestez, hiria kudeatzeko moduak ahalbidetu edo eragotzi dezakeela gizon-emakumeek gune publikora berdintasunezko sarbidea izatea”. Ikerketarako erabilitako bibliografia-iturriak zenbait zientzia esparrutakoak dira: soziologiatik hirigintzara, geografia, antropologia eta zientzia politikoak barne direla. Hori dela-eta mugan dagoen doktoretza-tesia da, zenbait diziplinatako ikuspegiak biltzen dituena.

Hirien bilakaera eta genero ikuspegiaren inklusioa

Tesiaren abiapuntua gogoeta bat da, hiri konfigurazioari eta gizon-emakumeek espazioarekin duten harremanari buruzkoa, eta gero hirien jatorriari eta bilakaerari erreparatzen dio.

Hala, ikerketak nabarmentzen du nola industria aurreko artisau hiria industria hiri bilakatu zen, eta zenbait aldaketa eragin zituela, hala nola hiri jardueren zatiketa, barreiatzea eta bereizketa. Gero, genero ikuspegia duten hirigileen idazkietan sakondu zuen, eta nola kritikatzen duten hirigintzaren neutraltasun faltsua. Aztergai ditu nola erabiltzen dituen hirigintzak espazioa, ekipamenduak, segurtasuna, etxebizitza eta abar. Gero erreparatzen die azken hogeita bost urteetan mendebaldeko gizarteetan gertatu diren aldaketa sozial nagusienetako batzuei, hala nola rolen banaketa hiri inguruneetan, eta familiek, enpresek eta politika publikoek bateratzeko erabilitako estrategiak, ikusteko zein neurritan ahalbidetzen duen bateratze hori hirigintza diseinuak.

Industria hiriarekin, ikerketaren egileak azaltzen duenez, mugikortasuneko lehenengo eredu modernoak agertzen dira, eta garraioa erabiltzeko beharra sortzen da hura ordenatzeko. Irisgarritasuna helburu bihurtzen da. Horregatik, tesiak aztergai ditu, halaber, gizon-emakumeek dituzten mugikortasun eredu desberdinak eta denboraren erabilerak. Alde horretatik, egileak nabarmendu du “denboraren kudeaketa hirian hiri konfigurazioaren emaitza dela, konfigurazioan produkzio espazioa eta erreprodukzio espazioa banatzeak espazioaren eta denboraren ikusmolde bat baitakar, genero ikuspegia integratzean gainditu beharrekoa”.

Hiri eta lurralde garapeneko plan estrategikoen analisia

Ikerketak aztergai du, halaber, hiri eta lurralde garapeneko plan estrategikoek biltzen ote dituzten NBE-Habitat nazioarteko erakundearen eta Europako Batzordearen Hiriko Emakumearen Europar Gutunaren genero gomendioak, zeinak gomendio hauetan laburbiltzen ahal baitira: emakumeen parte-hartzea sustatzea erabakiak hartzeko prozesuetan, hirien diseinuak beren behar zehatzak ase ditzan; berdintasuna etxebizitzarako sarbidean; segurtasun eta mugikortasun baldintzak betetzea; ekipamendu eta garraio publikoen hobekuntza sustatzea, eta tartean dauden eragileen berdintasun arloko prestakuntza areagotzea eta emakumeei ikusgarritasun handiagoa ematea.

Zehazki, zenbait hiri eta probintziatako hiri eta lurralde arloko plan estrategikoak aztertzen dira (zeinak tresna integratzaile gisa definitu baitaitezke, ekonomia, gizarte eta ingurumen alderdiak aintzat hartzean oinarritzen baitira, bai eta prozesu parte-hartzaileagoen diseinuan ere lurralde garapeneko baterako estrategiak prestatzeko): Bartzelona, Bilbo, Burgos, Donostia, Jaén (probintzia), Logroño, Málaga (probintzia), Santander, Gasteiz eta Zaragoza. Hortik abiatuz, egileak aipatzen duenez, ondorioztatzen da “ezinbestekoa dela amaitzea espazioen bereizketa, ordena politiko liberalaren isla gisa hirien eraikuntzaren oinarria izan dena, eta tokiko erakundeek gauzatu behar dituztela gomendio horiek hiri garapenerako dituzten planetan”.

Azken atalean, egileak aztergai du Bilboko kasuaren analisi espezifikoa, daukan interes bereziagatik, bere ibilbide profesionalean oinarrituta. Ondorioztatzen du hiri plangintzak hiri erantzunkideak sor ditzakeela genero ikuspegia ekartzen badu zenbait tresnatara, hala nola lurralde antolamenduaren gidalerroak (LAG), lurralde-plan partzialak (LPP) edo lurralde antolamenduaren plan orokorra (LAPO).

Ana María Sanchoren curriculum laburra

Ana Sancho Martínez (Bilbo, 1965) Filosofian lizentziaduna da (Nafarroako Unibertsitatea, 1988), eta 2011ko ekainean lortu zuen ikertzeko gaitasuna “Ciudad y perspectiva de género a raíz de Hábitat II” izeneko lanarekin. Aukera Berdintasuneko graduondo bat egin du (Alcalako Unibertsitatea, 2012) eta egun NBE-Habitat UNIren (University Network Initiative) Gender Hub-eko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko “Politika, Identitatea eta Kultura” ikerketa taldeko kidea da. 1992tik gaur arte, teknikari lan egin du Bilbao Metropoli-30 Bilbo Metropolitarraren Plan Estrategikorako elkartean.

Sanchok eskolak eman ditu Hiri Garapen Estrategikoaren Iberoamerikar Zentroko (CIDEU) Hiri Pentsamendu Estrategikoko espezializazio programan, eta Deustuko Unibertsitateak eta Monterreyko (Mexiko) Goi Mailako Ikasketen Institutu Teknologikoak batera antolatutako Hirien Kudeaketa ikastaroan. Halaber, eskolak eman ditu, besteak beste, erakunde hauek antolatutako udako ikastaroetan: Euskal Herriko Unibertsitatea, Menéndez Pelayo Unibertsitatea, Jaéngo Unibertsitatea, Txileko Pontifize Unibertsitate Katolikoa eta Monterreyko (Mexiko) Goi Mailako Ikasketen Institutu Teknologikoa.

Tesiarekin lotutako gaiei buruz, artikuluak argitaratu ditu zenbait aldizkaritan, hala nola “Investigaciones Feministas” (Unibertsitate Konplutentsea), edo “TRIA Territorio della Ricerca su Insediamenti e Ambiente” (Napoliko Unibertsitatea). Horretaz gainera, hizlari gisa parte hartu du AECPA Zientzia Politikoaren eta Administrazioarenaren Espainiako XII. Biltzarrean (Donostia, 2015eko uztaila) eta Soziologiako eta Zientzia Politikoko Euskal Elkartearen X. Biltzarrean (Bilbo, 2015eko iraila).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!