1.000 plaza eskainiko dira prestakuntza-ikastaroetan, langabetuei lehentasuna emanez

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 24a, 18:50

Nafar Lansare zerbitzuak antolatutako 71 prestakuntza-ikastaroko gehienak Iturrondoko zentroan emanen dira, lehen seihilekoan zehar.

Eskubide Sozialen Departamentuko parte den Nafar Lansare zerbitzuak 71 prestakuntza-ikastaroko eskaintza berria egin du, 1.000 plaza baino gehiagorekin. Ekintza gehienak Iturrondoko zentroan emango dira lehen seihilekoan zehar eta langabetuei zuzenduak daude batez ere.

Izena emateko epea zabalik dago jada 21 ikastarotan. Gainerako ikastaroen berri prestakuntza hasi baino 15 egun eta hilabete eta erdi arteko epean emango da.

Eskabideak www.formaccion.info webgunean edo Nafar Lansareko bulegoetan aurkez daitezke. Orrialde berean prestakuntza-ekintza bakoitzaren datei, iraupenari eta edukiei buruzko informazioa izango da eskuragarri.

Ikastaroak langabezian dauden pertsonei daude zuzenduak gehienbat, nahiz eta langileek ere %40ra arteko portzentajean eman ahal izango duten izena. 20 eta 200 ordu artekoa izango da prestakuntza-ikastaroen iraupena.

Ikastaroen artean soldadurako, karrozeriako, elektromekanikako edo iturgintzako 15 daude. Horietatik 10 Gazte Bermeko Sisteman izena emanda dauden langabetuei daude zuzenduta. Ikastaro horietan, lanbide bakoitzeko ezagutza propioez gain, gaitasun eta trebezia pertsonalak ere lantzen dira; gainera, bigarren seihilekoan zehar ere jarraituko dute ikastaroetako batzuk, Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko prestakuntza osatu arte.

Eskaintzaren barruan alfabetatze informatikoko 8 ikastaro ere izango dira, eta baita ekintzailetzarako 5 tailer ere, "Zure negozioa martxan jartzea bost saiotan" izenburupean.

Enplegua bilatzeko trebeziak sendotzera bideratutako 12 ekintza ere badaude (kontaktu-sarea, helburu profesionalaren definizioa, elkarrizketa, marka pertsonala eta sare sozialak, coachinga, autokonfiantza, aldaketetara moldatzea, etab.).

Zerbitzuen lan-sektorera bideratuta, kultura- eta turismo-kudeaketako hiru ikastaro eskainiko dira: ekitaldien eta esperientzien ekoizpena, metodologia arineko ekitaldiak eta kultura- eta turismo-sektoreko ahozko komunikazioa.

Horiez gain, kalitateari buruzko 5 ikastaro ere emango dira, eta baita gai desberdinak landuko dituzten beste batzuk ere, esaterako: "XXI. mendeko komertzialak – Aro Digitaleko Saltzaileak", ingelesa, elikagaien maneiua, edo kontularitzako zenbait ikastaro (Nominaplus edo finantza-kudeaketa).

Industria-esparruko profesional teknikoen profila duten pertsonei zuzenduta, "Proiektuen Kudeaketa PMBOK bidez edo metrologia industriala" ikastaroa emango da.

3D animazioko ikastaro aurreratua da beste ikastaro nabarmenenetako bat, aurretiaz Iturrondon prestatutako ikasleei zuzendua.

Eskaintza horren baitan, hasiak dira jada frantseseko eta ingeleseko ikastaroak Donezteben.

Eskaintza honek aurretiaz egindako 1.700 plaza eskaini zituen 110 prestakuntza-ekintzarekin egiten du bat, zeinen izen-ematea abenduan ireki zen. Eskaria laster handiagotuko da CENIFER energia berriztagarrien eta efizientzia energetikoaren prestakuntza-zentroan emango diren ikastaro berriekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!