Etxarri Aranazko Udalaren aginduz, Euskal Memoria Fundazioak 36ko gerrak, gerra osteko lehen urteek eta azken 60 urteetan gatazka politikoak eragindako sufrimenduaren mapa osatu du.
Hutsune handi bat bete nahi dute ikerketaren bidez. Azterketa lan tresna interesgarria izanen da etorkizuneko elkarbizitzarako, «ahalik eta objektibotasunik handienarekin begiratzen duelako iraganera. Eneka Maiza alkateak aurkeztu zuen atzo eta esan zuen ez dela lan amaitu bat, ez lan oso bat, lehen hurbilketa bat baino ez. Euskal Memoria fundazioko Iñaki Egaña historialaria arduratu da ikerketaz, eta urtarrilaren 30ean ezagutaraziko dizkie datu nagusiak herritarrei. Eneka Maizak nabarmendu du «lan aitzindaria» dela eta iraganaren ikuspegi orokorra ematen duela.
Parlamentuan eztabaida
Lan horren aurrean oso kritiko agertu da Nafarroako alderdi popularra. ETAren biktimak eta ETAko hiltzaileak leku berean jartzen dituela uste du, maila berean eta hori tamalgarria dela esan du Ana Beltran eledunak. Horregatik, Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko kontseilariaren agerraldia eskatua zuen azal zezan nolatan eman duen Gobernuak dirua halako lan bat egiteko.
Gaur izan da parlamentuan, batzordean kontseilaria. Lehenik, gezurtatu egin du Ana Beltranek esandako zenbait datu. Etxarri Aranazen ETAk hildako alkate ohia ez zuela dokumentuak biltzen zioen PPk, baina hori ez da hala.
1979an, berriz, ETAk Jesus Ulaiar 1969tik 1975era herriko alkate izandakoa hil zuen. Eta gertatutakoa eta ondorengoak jasoak daude Euskal Memoria Fundazioak egindako lanean. Bakearen, elkarbizitzaren eta konponbidearen bidean jarrera zorrotzagoa izan dezan eskatu dio, batez ere, hain delikatuak diren gaien aurrean. Gobernuak ez ditu biktimak maila berean jartzen eta kontextuak ere ez ditu bateratzen.
Etxarri Aranatzen egindako lan horretarako diru laguntza, beste entitate askoren artekoetatik, bat izan da. Egia, justizia eta aitortza eskaintzeko asmoarekin, memoria jasotzeko eta zabaltzeko bidean 90.000 euroko laguntza bideratu zen entitateen artean banatzeko. Zati bat, Etxarrik eraman zuen, baina baita beste askok ere. Laguntza horrekin, Euskal Memoria Fundazioak 36ko gerrak, gerra osteko lehen urteek eta 1960tik gatazka politikoak eragindako min guztiak aztertu ditu.
Onartezina da Ana Beltranentzat. ETAren indarkeria zuritzea leporatu dio kontseilariari. Bere dimisioa eskatuko duela ere ziurtatu dio. Etxarriko alkate ohia hil zuena biktimarekin maila berean agertzea iraingarria da Beltranentzat.
Alderdi guztiek eman dute iritzia. UPNrentzat ezin da biktimarik ahaztu, baina, ezin da maila berean jarri biktima haren hiltzailearekin. EH Bilduk esan du, ulergarria dela deseroso sentitzea txosten batekin, batzuk bakarrik biktima batzuk aitortzen dituztenean.