Ahal Duguko zuzendaritzaren kontrako bide legalak hartuko dituela iragarri du Laura Perez parlamentariak

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 22a, 14:00

Argazkia: Laura Perezek parlamentuan egindako agerraldia.

Ahal Duguko bozeramaile ohiak bere kontra abiatutako prozesua salatu, eta aldaketa arriskuan ez dagoela azpimarratu du.

Ahal Duguko zuzendaritzaren kontra bide legalak hartuko ditu Laura Perez bozeramaile ohiak, alderdiak haren militantzia "kautelazko neurri gisa" bertan behera utzi ostean, "karguaren jardunean egindako irregulartasunak medio". Urak bare ez badaude ere, lasaitasun mezua igorri du: "Aldaketa ez dago arriskuan".

Kritikotasuna ezbaian

"Alderdiarekiko eta laukoarekiko leialtasunez lan egin eta Ahal Dugurekiko jarrera kritikoak mantendu dituzten horien kontrako jazarpena da", adierazi du, salaketari erantzunez. "Urritegi" joan da haren kontra egindako akusazioa, izan ere, hezkuntzari buruzko bozkaketa baten "mesede eginen liokeen neurri bat" babestea leporatu dio Ahal Duguren barne salaketak: irakasle izateko masterra ez zuten horiek lanean jarraitzearen aldeko botoa eman zuen Perezek ekaineko bozketa batean, eta, bera ere irakaslea denez, "interes pertsonala" izatea leporatu diote orain. 

Salaketa faltsua

"Guztiz faltsua" da salaketa, Perez master hori egiten ari baitzen bozketa garaian, eta, beraz, bere egoerarengan ez luke ondoriorik bozketak. "Pertsonalki ez zidan inondik inora eragiten", ziurtatu du. 

Ahal Duguren hezkuntza zirkuluan adostutako jarrera defendatu baino ez zuela egin azpimarratu du eta ez duela ulertzen zergatik ateratzen duten orain duela sei hilabete izandako bozketa bat, ez eta nola "zuzendaritzak eta taldeak ez zuten ustezko bateraezintasuna orduan antzeman".

Karguan segiko du

Ez du parlameuta utziko. Hori argitu du Laura Perezek, karguan segiko du "herriaren mandatua" daukala uste baitu. Haren kontrako salaketa "barne gatazka bat" da, eta horren bueltan "defentsarako eskubidea" bermatu gabe garatu da, haren hitzetan. Zuzendaritzaren kontrako salaketa jartzeaz gain, "barne bide guztiak" agortuko ditu bere burua defendatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!