Turismoaren Azokak, Fiturrek gaur zabaldu ditu ateak Madrilen.10.000 enpresa, 165 herrialde eta iazko bisitari kopurua gainditzeko erronkarekin egin dute irekiera. Iaz, 244.000 bisitari izan ziren Fitur azokan.
Ordu batean inauguratu du Nafarroak bere stand-a. Horretarako, Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako presidenteordea izan da Madrilen, eta han, Nafarroarako Turismo Plan Estrategikoa aurkeztu du.
Turismoak hazi egin behar du Nafarroan eta ideia horrekin izanen da Foru Erkidegoaren txokoa Madrilen. Erakargarriagoa izan dadin erkidegoa, inoiz baino gehiago, Done Jakue bidearen aukerak baliatuko dituzte.
Iruñearen berezitasun eta nortasuna
Iruñeko Udalak ere aurkeztuko du hiriak berak eskaintzeko duena. Patri Perales alkateordeak nabarmendu duen lehendabiziko gauza izan da, Iruñearen irudi berria aurkeztuko dutela laster eta horren bidez, turismo jasangarri, orekatu eta kalitatezko baten alde eginen dutela.
Iruñeak abian duen turismorako plan estrategikoarekin segituko dute. Hiriak nortasun propioa duela erakutsiko dute. Madrilgo turismo azokari begira, bi proiektu berri aurkeztuko dituzte.
Alde batetik, Gida turistikoa eta Pamplona-Iruñea izeneko txartela aurkeztuko dituzte, eta bestetik, hirian irisgarritasunaren alde egindako seinalizazio berria ere aurkeztuko dute.
Laster aurkeztuko duten bestea, Donejaku Bidearen inguruan sortuko duten Interpretazio Zentro berria. Kale Nagusian zabalduko dute eta hiru xederekin: informazioa eman, interpretaziorako aukera eskaini eta esperientziaren gune bat ere sortuko dute.