Osasun ereduaren inguruan hausnartzeko, ‘Lorea’ proiektua aurkeztu du LAB sindikatuak. Helburu nagusia: Asistentziaren eta lanaren kalitatea ziurtatuko dituen Asistentzia-taldeen Ratioen Antolamendurako legea sortzea. Hau da, jakitea zenbat mediku, erizain, administrari, zaindari, garbitzaile edo mantenuko langile behar diren, espezialitate eta zerbitzu zehatzetan, eta hori legez arautzea. Horretaz aparte, osasun eredua ezbaian jarri nahi du, "pazientea erdigunean jarriz eta lehen mailako arreta indartuz".
"Prekarietarearekin, sistemaren hondamendiarekin eta murrizketekin" amaitu egin behar dela adierazi du Eider Casanova LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunak, eta ‘Lorea’ urrats bat dela, lan kargen "bidezko banaketa" zehaztu, "langileen egonkortasuna" bermatu, eta "behin behinekotasunarekin eta kontratu prekarioekin" bukatuko baitu.
'Lorea' langileekin batera
Gainera, Asistentzia-taldeen Ratioen Antolamendurako legea ezarriz gero, "kalitatea handitu, heriotza tasa txikitu eta plantillak fidelizatu" eginen lirateke. Ildo horretan, egungo egoeraren analisia egin du LABek. Hego euskal herriko osasun zerbitzuetan heriotza tasa handitu egin da krisi garaian eta asistentziaren kalitateak behera egin du, behin behinekotasun tasa altu mantendu bitartean -Osasunbidean %42koa da-.
Osasun zerbitzuetako langileekin landuko dute 'Lorea' proiektua, aurrena; eta, bigarren fasean, eragile soziopolitikoengana joko dute.