Banku publiko bat Nafarroak behar duenik ez du ematen. Hala jaso du behintzat Banka Publikoa sortzeko egin berri duten txosten batek. Gutxiengo batek, galdekatutako gutxiengo batek ikusten du beharrezko halako kutxa publiko bat berreskuratzea Nafarroan.
Hori bai, gehienek onartzen dutena da Nafarroak baduela ahalmen ekonomiko nahikoa banku publiko bat martxan jartzeko adina, eta ez dagoela muga juridikorik halako bat sortu ahal izateko eta, erabaki guztiz politikoa izanen litzateke banku publiko bat sortzearena edo ez sortzearena.
Era berean, Nafarroako Gobernuak agindutako ikerketa lan horrek esaten duen bestea da, galdekatutako adituen artetik gutxiengo batek eginen lukeela banku publiko bat eraikitzearen alde. Hasierako 18 milioi euroko kapitalaren beharra izateaz gainera, halako ekimen bat abian jartzeko eta gerora mantendu ahal izateko erkidego txiki batean, baliabide gehiegi erabiltzea ekarriko lukeela uste dute askok.
Finantziazio publikoa izateko aukera ekarriko lioke Nafarroari banku publiko batek, eta hala, entitate pribatuetan duten hegemoniarekin haustea ahalbidetuko luke.
Bi txosten dituzte eskuartean banka publikoaren inguruan. Lehena, Bizilan taldeak egina da. Bestea, txosten juridikoa litzateke Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fernando de la Hucha eta Rafael Larak egin dute.
Bizilan taldearen lanak, finantza munduko, banku komertzialetako, sindikatuetako, entitate sozialetako, enpresa elkarteetako eta adituetako 27 pertsona desberdinei egin dizkiete elkarrizketak. Horietatik atera duten ondorio argienetako bat da, gutxiengo batek uste duela beharrezkoa litzatekeela Nafarroan banka publikoa. Are gehiago, diote, ez dago finantza defizitik, baizik, egotekotan kreditu gehiegi jaulki dela uste dute. Banku Publikoaren alde egiten ez dutenen artean, gehitzen dutena da, bankuen mundu horretan lehia handia dela eta errentagarria izateko aukera oso gutxi daudela. Gainera, Nafarroako Kutxaren desagerketa oraindik ere oso gertu dagoen zerbait izanda, gizartean oraindik oso presente dago mila milioi euro desagertu zirela Nafarroako Kutxa irenstearekin batera. Merkatu finantziarioak dituen hutsuneak bete ahal izateko, beharrezkoa ikusten dutena da finantziazio bide berriak ikertu eta martxan jartzea.
Erabakia beti ere 27 aditu horien ustez, politikoa eta guztiz ideologikoa izanen litzatekeela uste dute. Hala, banku publikoa sortu ordez, sistema finantziario publikoa sortzea, kreditua lortzeko eta aurrezkiak izateko modu seguruago bat ziurtatu ahal izanen duena.
Beraz, ondorio nabarmenenak dira: galdetu zaien aditu gehienentzat ez dela beharrezkoa Banku Publiko bat sortzea Nafarroarako: errentagarritasun gutxi izanen lukeelako eta lehia handian ariko litzatekeelako. Hori, bankua sortzea edo ez, erabaki politiko eta ideologikoa litzatekeela ere argi dute. Mahai gainean jartzen duten alternatiba da, sistema finantziario publikoa sortzea, kreditua lortzeko eta aurrezkiak izateko modu seguruago bat ziurtatu ahal izanen duena.