NUPek proiektu pilotu bat abian jarri du Iruñerriko bi ikastetxetan, ikasleen gizentasunari aurrea hartzeko

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 16a, 07:55

Argazkia: Proiektu pilotuan parte hartzen duten NUPeko Osasun Zientzien Saileko ikertzaileak Ezkerretik eskuinera: María Medrano Echeverría, Idoia Labayen Goñi, Alicia Alonso Martínez, Lide Arenaza Etxeberria eta Maddi Osés Recald

Ekimen horrek ariketa fisiko mota bat eta nutrizio heziketa elkartzen ditu Noaingo San Miguel ikastetxe publikoko eta San Fermin Ikastolako Lehen Hezkuntzako 4. ikasmailako ikasleentzat.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko ikertzaile batzuek, Idoia Labayen Goñi buru dutela, proiektu pilotu bat abian jarri dute Iruñerriko bi ikastetxetan, gizentasunari eta patologia kardiobaskularrari aurrea hartzeko Lehen Hezkuntzako 4. ikasmailako ikasleetan (9 eta 10 urte). Ekimenaren xedea da aztertzea intentsitate handiko bitartekako ariketa fisikoa eta nutrizio heziketa elkartzen dituen eskolako esku hartzeko programa bat gai den Noaingo San Miguel ikastetxe publikoko eta Zizur Txikoko San Fermin Ikastolako adin horietako haurren osasuna hobetzeko.

Proiektu pilotu honetan parte hartzen duten NUPeko ikertzaileak espezialistak dira nutrizioan eta ariketa fisikoan. Hauek dira: Idoia Labayen Goñi, Mikel Izquierdo Redín, Alicia Alonso Martínez, Lide Arenaza Etxeberria, María Medrano Echeverría eta Maddi Osés Recalde.

“Proiektu horretan prestakuntza emango zaie bi ikastetxeetako gorputz heziketako irakasleei, tutoreei, nutrizionistei eta erizainei, aktiboki parte hartu eta lagundu dezaten —adierazi du Idoia Labayenek—. Horretaz gainera, dietetika ohiturekin eta bizimodu osasungarriekin lotutako hitzaldiak emango zaizkie haur parte-hartzaileen gurasoei eta tutoreei.

Gaixotasun kardiobaskularra haurtzarotik

Gehiegizko pisua eta gizentasuna haurtzaroan, egoera fisiko txarra eta arterietako presio handia lotuta daude helduaroan gaixotasun kronikoren bat izateko arrisku handiagoarekin, hala nola gaixotasun kardiobaskularra eta 2. motako mellitus diabetesa izatearekin. Alabaina, “konplikazio horien jatorria bizitzako lehen aldietan dago, eta gaixotasun kardiobaskularra eragiten dute lesioetako batzuk jada haurtzaroan agertzen dira”, azaldu du proiektu pilotu honen zuzendariak.

“Egun badago nahikoa froga zientifiko modua ematen diguna esateko ariketa fisikoa egitea onuragarria dela osasunerako eta bizitza luzatzeko —azaldu du Idoia Labayenek—. Bereziki, badirudi intentsitate handiko bitartekako ariketa fisikoa esaten zaion ariketa mota jakin bat, zeinaren siglak ingelesez HIIT baitira —high intensity interval training—, eraginkorragoa dela beste modalitate batzuk baino, osasun kardiobaskularra hobetzeko. HIITek intentsitate handiko ariketako aldi laburrak, 30 segundotik 2-4 minutura bitartekoak, bihotzaren maiztasun gorenaren % 76 baino gehiagokoak, atsedenaldiekin txandakatzen ditu, eta iraupen txikiagoko saioetan osasunerako ondorio onuragarriak lortzen ditu”.

Horretaz gainera, ohitura dietetikoak haurtzaroan ezartzen dira. Hortaz, “oso zaila da ohitura horiek helduaroan aldatzea”. “Eskola toki ezin hobea da ariketa fisikoa eta ohitura dietetiko onuragarriak sustatzeko. Alde horretatik, intentsitate handiko bitartekako ariketa fisikoa ezartzea eskolako gorputz heziketako saioetan eta ohitura dietetiko osasungarriak ikasteko diseinatutako lantegi eta jardueretan parte-hartzea aukera eraginkorra izan liteke ikasleen osasun kardiobaskularra hobetzeko”, ondorioztatu du Idoia Labayenek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!