Marisa de Simon: "Hizkuntza eskubideak bermatu behar dira, baina Nafarroako eremu bakoitzaren errealitatetik abiatuta"

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 15a, 09:09

Marisa de Simon parlamentuan.

Zerrenda bakarraren aurkako PSNren lege proposamena babestu du Izquierda-Ezkerrak parlamentuan. Berriak elkarrizketa egin dio alderdi horretako buru Marisa de Simoni. Dio, euskararen aurka ez daudela eta gauzak seriotasunez egitearen aldeko jarrera hartua dutela.

Zerrenda bakarraren aurkako jarrera dela-eta Berria egunkarian elkarrizketa egin diote Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simoni. Erabaki bat hartu zuten oposiziogileentzat eta hezkuntza publikoarentzat onena zela sinetsita, hala esan du De Simonek. Einezkoa izan zen Hezkuntza Departamentuarekin gaia eztabaidatzea eta beste irtenbide bat adostea bere aburuz. Zerrenda bakarraren inguruko proposamen zehatza igortzeko eskatu zioten Departamentuari behin baino gehiagotan, baina ez zuen halakorik egin De Simonen ustez. Balizko aukera eta asmo batzuk aipatzen zituela onartu du, baina, dena airean zegoela. Ikuspuntu juridikotik ere bermerik handiena bilatzen zuen Izquierda-Ezkerrak, inork auzitara jo eta lan eskaintza osoa kolokan jartzerik izan ez zezan. Eta bi azterketa egiteko aukerak berme gehiago eskaintzen duela uste dute. Berme osoarekin eta seriotasunez heldu behar zaio gaiari De Simonen esanetan. 2018ko oposizioa ebatzia dago, baina aukera izanen da 2019, 2020 edota 2021eko deialdien aurretik. Urte eta erdi dago zerrenda bakarraren eztabaidan sakontzeko eta kontzeptuak argitzeko.

Euskararen ofizialtasuna bermatzea da euren nahia ere

Aztertu beharreko kontua da Euskararen Ofizialtasuna eremu guztira zabaltzearena, nabarmendu du De Simonek. Nafarroan hizkuntza eremu bakarra ezartzeak hainbat ondorio ditu, eta Izquierda-Ezkerra prest dago horri heltzeko, baina eskualde bakoitzaren ezaugarriak eta egoera soziolinguistikoak aintzat hartuta, denontzako kafeak ez baitu balio, alderdiaren ustez. 

2011n agertu zuten jarrera berberari eusten diotela orain ere, hala esan du Izquierda-Ezkerrako parlamentariak. "Gure hauteskunde programan zurian beltz dago: hizkuntza eskubideak bermatu behar dira, baina Nafarroako eremu bakoitzaren errealitatetik abiatuta".

Euskararen ofizialtasuna bermatzea, bai, baina tokian tokiko testuinguru, administrazio, eremu eta esparru sozialak aintzat hartuta. Fin-fin landu beharreko kontua da, baina errealitate soziolinguistikoa eta pluraltasuna aintzat hartuz gero, ez genuke arazorik euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!