Udalak 'Autodefentsa eta ahalduntze feminista' emakumeentzat izeneko lantegia eskainiko du

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 11a, 07:59

Eskaintzen diren doako lau ikastaroetako edozeinetan izena emateko epea zabalik da, euskaraz zein gaztelaniaz.

Autodefentsa eta ahalduntze feminista berriz ere Civivox sareko udal-programazioaren barruan dago, Iruñeko Udalaren genero eta berdintasun proposamenen artean. Oraingo honetan doako lau lantegi eskainiko dira, zortzi ordukoak eta 16 lagunendako lekuarekin, autodefentsa feministan prestatzaile diren ADF taldeko kideen eskutik. Saioak otsailaren 9tik martxoaren 17ra bitarte izango dira, eta euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko dira.

Erasoei aurre egiteko defentsa pertsonala ez da proposatutako ikastaroen ardatz bakarra, emakume herritarren eskubide eta ardura guztiak ere azpimarratzen dira. Hau da, saioetan bakoitzaren ahalduntze prozesua ulertu eta abian jarriko da, baita ahalduntze prozesu kolektiboa ere, teknika kognitibo, emozional eta fisikoen bidez. Zentzu horretan 14 urtetik gorako nerabe eta emakumeei zuzentzen zaizkie, nahiz eta bitan banatu diren: bi ikastaro, 14 eta 18 urte artekoendako; eta beste bi, 18 urtetik gorakoendako.

Izena eman daiteke jada, Civivox sarean eta 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan (948420100 Iruñeaz kanpotik edo mugikorretik deitzen bada). Euskarazko ikastaro bakoitzaren zortzi orduak bi egunetan banatuko dira (ostirala eta larunbata): batetik otsailaren 9an eta 10ean, eta bestetik, 16an eta 17an, Mendillorriko Civivoxean. Gaztelaniazkoak egun bakarrean egingo dira, otsailaren 10ean bata eta 17an bestea, goizez eta arratsaldez, Zabalguneko Civivoxean. Ikastaroa doan da, eta parte-hartzaileek arropa erosoa, zerria, eta oharrak hartzeko materiala besterik ez dute eraman behar.

Autodefentsa eta ahalduntze feminista ikastaroaren lehen txanda ekimen pilotu bat izan zen, zeinaren bidez 25 emakumek prestakuntza jaso baitzuten, 2017ko urriaren eta azaroaren artean.

Desberdinkeriaren mekanismoak ulertzea

Sexu/generoan oinarritutako desberdinkeriaren funtzionamenduaren bektoreak ulertzeko hainbat edukitan barnako panoramika bat egingo da ikastaroan, eta rolak zein indarkeria sexista nola eraikitzen diren aztertuko da. Sexu-terroreari eta ikasitako babesik ezari buruz hitz egingo da; maitasun erromantikoaren eta menpekotasun emozionalari buruz; eta emakumeen aurkako indarkeriaren hainbat adierazpen identifikatzen ikasiko da, baita gorputza lurralde gisa ulertzearen kontzeptua ere. Parte hartzen duten emakumeek autodefentsarako teknika eraginkorrak eskuratzea eta autokonfiantza hobetzea da azken helburua, bai eta genero-indarkeriari lotutako delituei buruzko gizarte-kontzientziazioa areagotzea eta diskriminazioaren eta desberdinkeriaren beste ondorio batzuk ikusaraztea ere.

ADF taldea arduratuko da lantegiez, 2017ko uztailean hirian abiatutako ekimena. Taldea osatzen duten 12 pertsonek 244 orduko prestakuntza jaso zuten autodefentsa feministan, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako ikastaro batean. Prestakuntza horren helburua zen ikasleak trebatzea, haiek ere, aldi berean, gai horren prestatzaile izan zitezen.

Autodefentsa eta ahalduntze feminista Lantegiak: otsaila eta martxoa

Izen-emateak: edozein Civivoxetan eta 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan

Doan dira

16 leku daude saio bakoitzeko eta izen-ematearen ordenarekin bat esleituko dira

Iraupena: 8 ordu lantegi bakoitza

EUSKARAZ. Mendillorriko Civivoxa

  • Otsailak 9 (ostirala) eta 10 (larunbata). 14 – 18 urte
  • Otsailak 16 (ostirala) eta 17 (larunbata). 18 urtetik gorakoentzat

Ordutegia: ostiralean, 17:00etatik 21:00etara, eta larunbatean, 09:30etik 13:30era

GAZTELANIAZ. Zabalguneko Civivoxa

  • Martxoak 10, larunbata. 14 – 18 urte
  • Martxoak 17, larunbata. 18 urtetik gorakoentzat

Ordutegia: 09:30etik 13:30era, eta 17:00etatik 21:00etara

Ikastaro guztiak hemen kontsultatu daitezke.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!