3 gelako babes ofizialeko etxebizitza 2015ean baino 13.600 euro gutxiago kostako da aurten

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 9a, 20:25

2018. urterako salmentako gehieneko prezioak 2017an baino %1,28 baxuagoak izanen dira; legealdi honetan jada %7,8ko jaitsiera izan da.

Babestutako etxebizitzaren moduluaren prezioak behera egin du hirugarren urtez jarraian, eta %7,88ko jaitsiera pilatu du legegintzaldi honetan. Era horretan, 85 metro erabilgarriko pisu bat 2018an eskuratzeko, 2015ean baino 13.600 euro gutxiago ordainduko dira. Giza Eskubideen Departamentuak babestutako etxebizitzen 2018ko salmentako eta errentako gehieneko prezioak ezagutzera eman ditu. Alokairuari dagokionean, moduluaren prezioa 2017an baino 1,6 altuagoa izango da, nahiz eta legegintzaldian prezioa %5,5 eta %10,8 artean jaitsi izan.

Nafarroan, 2018. urterako, babestutako etxebizitzen eta horien eranskinen salmentako gehieneko prezioak ezarri aurretik herritarrek parte hartzeko prozesua amaitu ondoren, haztatutako modulurako proposaturiko eta kalkulatutako balio berria 1.150,60 eurokoa izan da, eta horrek esan nahi du %1,28 jaitsi dela 2017kotik (1.165,40 euro). Hirugarren urtez jarraian jaitsiera gertatu da; hots, %4,06 2016an, %2,54 2017an, eta %1,28 jaistea aurreikusten da 2018. urterako.

Herritarrentzako efektuak

3 gelako etxebizitzaren salmentako gehieneko prezio berria 2.000 euro baxuagoa izango da babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, eta 2.400 euro baino zertxobait gehiago jaitsiko da prezio tasatuko etxebizitzei dagokienean, 2017an indarrean ziren gehieneko egungo prezioen aurrean.

2015ean indarrean zen prezioarekin alderatuta, 2018an babes ofizialeko hiru gelako etxebizitza erosi behar duenarentzat, etxebizitzaren gehieneko prezioa 13.600 euro jaitsi da eta 15.700 euro prezio tasatuko etxebizitzaren kasuan.

Alokairuko prezioak

Babestutako etxebizitza-modulua jada ez zaie aplikatzen alokatzeko etxebizitzei, 2016ko abenduan onartutako 22/2016 Legean jasotako moduan, errentaren prezioa %8 eta %14 artean jaitsi ondoren, KPIren aldaketek eraentzen baitute.

Modu horretan, kalkulatzeko metodo berriarekin prezioak zenbatzeko lehen urte honetan, estatuko KPIren 2017ko urriko balioa hartu da, eta hilabete horretan KPIren urteko bariazio-tasa %1,6koa izan zen. Nafarroan, berriz, KPI orokorraren urteko bariazio-tasa %1,1ekoa izan zen, zehazki etxebizitza taldearentzat %1,8koa izan bazen ere (%2,2koa etxebizitza-taldearentzat estatuko indizean).

22/2016 Foru Legean ezarritako aurreko prezioei %1,6ko balioa aplikatuta, 2018an aplika daitezkeen gehieneko prezio berriak zehazten dira araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzen (ABBOE) errentamendu kontratu berrietarako, 10/2010 Foru Legearen arabera kalifikaturiko babes ofizialeko etxebizitzetarako (BOE) eta jabe partikularrek errentan emandako eta jabetza-erregimenean kalifikaturiko era guztietako babes-etxebizitzetarako.

2018. urteari begira, prezio horiek, metroko gehienez izango duten prezioa bezala agertuta, Iruñean eta Iruñerrian eta Tuteran, Lizarran eta Tafallan kokatutako etxebizitzentzat izango dira: 5,49 euro/etxebizitzaren metro bakoitzeko; 2,03 euro/trasteleku edo bestelako eranskinen metro bakoitzeko; eta horiei hilabetean gehienez 60,96 euroko zenbateko finkoa gehitu behar zaie, etxebizitzak garajea izanez gero.

Nafarroako gainerako herrietan, babestutako etxebizitzen alokairu-prezioa ondorengoa izango da 2018. urterako: 5,18 euro/etxebizitzaren metro bakoitzeko; 2,03 euro/trasteleku edo bestelako eranskinen metro bakoitzeko; eta gehienez 60,96 euroko zenbateko finkoa, garajea izanez gero.

Nabarmendu behar da, 2018an igoera izan arren, prezioak, adibidez, 2014koak baino askoz ere beherago aurkitzen direla, egungo metro erabilgarri bakoitzeko 5,49 euroren aurrean, orduko balioa 5,81 eurokoa zen-eta.

Kalkuluak eta onartzeko dagozkien administrazio-egintzen inguruko xehetasunak etxebizitza-arloko informazioa emateko web gunean kontsulta daitezke (www.vivienda.navarra.es), gaurkotasuna atalean.

Hartzen dituen etxebizitzak

Nafarroan, 2017/12/31n, babestutako 31.653 etxebizitza daude salmentarako eta alokairurako prezioen mugarekin; alegia, Nafarroako Gobernuak saltzeko edo alokairuan emateko urtero jartzen duen prezioa errespetatu behar dutenak.

Horietatik, guztira, salmentarako kalifikatutako 18.651 etxebizitzak indarrean dute muga hori 30 urteko denboraldirako, behin betiko kalifikazioa egiten denetik hasita (etxebizitzak bukatu zirenetik) eta, era berean, salmentarako kalifikatutako beste 8.085 etxebizitzak, zaharragoak izanik, muga hori dute soilik 20 urteko denboraldirako. Gainerako etxebizitzak, 4.917, errentan emateko zuzenean kalifikaturiko etxebizitzak dira.

Herrika

Errentamendurako dauden etxebizitzen erdia baino gehiago Iruñean aurkitzen dira: 2.656 etxebizitza. Iruñean eta Iruñerrian daude alokairurako 4 etxebizitzatatik 3.

Salmentarako kalifikatutako etxebizitzen kasuan, Iruñak babestutako 5.360 etxebizitza ditu, Eguesibarrek 5.117, Berriozarrek 1.420, Zizur Nagusiak 1.411 eta Arangurenek 1.203. Beste behin, Iruñean eta Iruñerrian biltzen dira babestutako 4 etxebizitzatatik ia 3 (guztira 19.404 etxebizitza, %72,57) eta Erriberan 3.379 etxebizitza; horietatik 1.470 Tuterakoak dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!