Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari den Ana Ollok eta Nafarroako Gobernuak Bruselan duen ordezkari den Mikel Irujok gaur goizean aurkeztu dituzte Nafarroan jada egon badauden lau Topagune Iraunkorrak. Informazio-egitura hauek Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiari lotutako lau eremuen inguruko topaguneak dira, non parte hartzen duten agenteek eskura izango duten informazio zehaztu eta egituratua, eta non marko europarreko ekimen anitzetan parte hartzeko aukera izango duten.
Gaur bertan aurkeztu den webgunea, Nafarroako Gobernuak Bruselan duen ordezkaritzak gidatua, Europako Ekintzen Planaren baitan dagoen proiektu bat da, sareei, ekitaldiei, politikei, legegintza-erreformei, funtsei eta EBeko programazioari buruzko informazio-neurriak ematen dituena.
Proiektua beste zenbait jarduerek ere osatzen dute: hamabostean behin igortzen den berripaperaren bitartez ematen den operadoreei buruzko informazioa, Europar Batasuneko Funtsen Gidaren hedatzea Nafarroako herri desberdinetara egindako bisiten bitartez, edo topagune bakoitzean urteroko bi ekimenen antolaketa, horietatik batek, gutxienez, nazioarteko dimentsioa daukana.
Berrikuntzarako Europako espazioak 200 ekimen eta ekintza inguru garatu ditu jada, denak ala denak jarduera eta informazio-iturri propioekin, zeinen jarraipena egitea nekeza suertatzen den. "Europar Batasunak sortzen duen informazioa bideratzea funtsezkoa da eta Topaguneak leku egokia dira informazio hori guztia artikulatzeko", kontseilariak zehaztu duenez. "Lan hori, egun, zaila suertatzen da, informazioa erraz sakabanatzen delako nagusiki, baina baita informazioa jasotzen duten erakundeen sakabanaketagatik ere". Hori dela eta "sortu ditugu espazio hauek, aipaturiko informazioa modu egituratu eta kanalizatuan artikulatzeko gai direnak, foro sektorial bakoitzean informazio horretan interesa duten erakundeak hautemanez".
Aurreikusitako Topaguneak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian ezarritako lehentasunezko arlo sozioekonomiko berak dira: automobilgintza eta mekatronika, elikatze-katea, energia berriztagarriak eta baliabideak eta osasuna.
2017ko balantzea
Ollo kontseilariak Ordezkaritzaren jarduerei buruzko balantze bat ere egin du prentsaurrekoan zehar. "2016an lehen aldiz izan zuen Nafarroak jardueren balantze zehaztua izateko aukera, eta Ordezkaritzaren eraginkortasuna monitorizatu eta egiaztatzeko aukera eman zigun horrek". 2017ko jardueren balantzearen baitan, urtarrila amaieran argitara emango dena, Eskualdeen Batzordeak Nafarroari eskatutako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiei buruzko txostena nabarmendu du besteak beste kontseilariak, eta ordezkariak berak hizlari gisa parte hartu duen 23 hitzaldiak ere azpimarratu ditu; gainera, Ekonomia Sozialaren Nafarroa Planak Europan izan duen sustapena eta Eskualdeen Batzordearen eta Europar Batzordearen baitan antolatutako batzar instituzionalen berri ere eman da.