2017an langabezia % 10,77 jaitsi da Nafarroan

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 4a, 12:38

Azken 12 urteetako jaitsierarik handiena izan da hori. Egun bakoitzeko 25 lanpostu sortu ziren. Abenduaren amaieran 35.732 langabe zeuden, % 10,52; Estatuan, berriz, % 16,38. 

Bosgarren urtez jarraian, langabe erroldatu gutxiagorekin itxi da urtea Nafarroan. Abenduaren amaieran, 35.732 langabe zeuden izena emanda Nafar Lansareren Agentzietan.

Abenduan langabezia igo bada ere ( 511 langabe gehiago, hau da, % 1,45 gehiago) 4.313 langabe gutxiago dago Foru Erkidegoan urtebetean (% 10,77 gutxiago).

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak datuak aurkezterakoan oso balorazio positiboa egin du esanez langabezia krisia hasi aurretik baino ere gehiago jaitsi dela, Estatu osoan baino askoz gehiago jaitsi ere.

Adierazi denez, 2017an, % 10,8 jaitsi da —2015ean, % 9,7 jaitsi zen; 2016an, % 7,2; 2006an, % 5,5; eta 2007ko abenduan, berriz, % 2,5 igo zen langabezia—. Hala, langabezia gehien jaisten den erkidegoetan hirugarrena da Nafarroa.

Bestalde, abenduan langabezia igotzeari dagokionez, adierazi du ez dela berri ona, baina adierazi du, halaber, beste faktore batzuk hartu behar direla kontuan analisia egiterakoan, urteko azken hilabeteari dagozkion datuak behar bezala ebaluatzeko. "Lehenik eta behin, argi dago urte-garaiak zerikusia izan duela —adierazi du lehendakariordeak.

Abendua beti izaten da hilabete txarra enpleguarentzat Nafarroan. Horren arrazoietako bat da zerbitzuen sektoreak pisu txikiagoa duela Estatuaren gainerakoaren aldean, eta, ondorioz, Gabonetako kanpainak oihartzun txikiagoa izaten duela".

Hori dela eta, baieztatu du espero zitekeela urte-amaieran langabezia igotzea, baina igoera hori azken urteetakoa eta krisiaren aurreko urteetakoa baino txikiagoa izan da.

Izan ere, 2015eko abenduan, % 2,85 igo zen, eta, 2016an, % 2,90; 2006ko abenduan, % 5,2 igo zen, eta, 2007an, % 3,9. 2017an, berriz, % 1,45 igo da.

Bigarrenik, Laparra lehendakariordeak azaldu duenez, urte-amaieran, hilabetearen zati handi batean jai denean, langabezia igotzea eragiten duen arrazoi nagusia enpleguari lotutako jarduerak dira.

 

Abenduan, 274.337 lagun daude Gizarte Segurantzara afiliatuta Nafarroan; beraz, duela urtebete baino 8.898 gehiago, eta azaroan baino 1.487 gutxiago.

Ehunekoetan adierazita, urtebetean % 3,35 igo da afiliazioa, eta, hilabetean, % 0,54 jaitsi da. Beraz, urtetik urtera, gero eta enplegu gehiago sortzen da, nahiz eta abendua hilabete bereziki txarra izan Nafarroan enplegua sortzeko. 25 lanpostu eguneko, alegia.

Afiliazioaren urteko igoera hori antzekoa izan da Estatuan (% 3,42; Nafarroan, berriz, % 3,35).

Hala ere, alderdi garrantzitsu gisa, kontuan hartu behar da Nafarroan askoz langabezia gutxiago dagoela (% 10,52; Estatuan, berriz, % 16,38); hau da, aldea ia sei puntukoa da.

 

Urteko langabezia jaitsiera handia Tuterako enplegu-agentzian erregistratu da: % 12,4 eta hurenez hurren hauek izan dira beste ebulegoen emaitzak:  Iruñean, % 11,3 (hiru agentzien batezbestekoa; Zabalgunea: % 11,6; Errotxapea: % 11,3; eta Yamaguchi: % 10,9); Altsasukoan, % 10,3; Agoizkoan, % 10,2; Lizarrakoan, % 9,7; Tafallako agentzian, % 8,8; Doneztebekoan, % 7,5; eta, azkenik, Lodosako agentzian, % 2. 

 

Langabeziaren ezaugarriak

Sexuaren arabera, 20.270 langabe emakumezkoak izan dira, eta zifra hori jaitsi egin da berriro ere (kasu honetan, emakumezko 294 langabe gutxiago hilabetean, hau da, % 1,4 gutxiago), eta 14.619 langabe gizonezkoak izan dira, hau da, % 5,5 gehiago (805 langabe gehiago aurreko hilaren aldean). Beraz, langabe-kopurua igo delako bakarrik igo da langabezia hilean.

Hala ere, nahiz eta azken hilabeteetan langabezia gehiago jaitsi den emakumezkoen artean, urteko aldakuntzari erreparatzen badiogu, krisiaren urterik larrienen ondoren, non banaketa antzekoa izan baitzen —"beheranzko berdintasuna" gertatu zen—, orain, berriro ere, modu desorekatuagoan dago banatuta langabezia.

Izan ere, gizonezko langabeen kopurua % 14,2 jaitsi da urtean; emakumezkoen kasuan, berriz, positiboa izan bada ere, % -7,9 jaitsi da. Hala, gaur egun, langabeen % 56,7 emakumezkoak dira; 2009. urtearen amaieran, berriz, % 49 ziren; beraz, gaur egun, ia hamar puntu gehiago.

Adin-taldeen arabera, langabezia jaitsi egin da hilabete batetik bestera lehenengo adin-tartean, hau da, 25 urtetik beherakoen artean; jaitsiera, beraz, % 4,3koa izan da (143 gazte langabe gutxiago).

Gainerako adin-tarteei dagokienez, aldakuntza hauek gertatu dira.

25 eta 34 urte arteko langabeen kopuruak % 1,7 egin du gora azaroarekiko (109 gehiago); 35 eta 44 urte arteko langabeen kopurua, berriz, % 3,4 igo da (294 gehiago). Bestalde, 45 eta 54 urte arteko pertsonen langabezia % 2,8 igo da hilabete batean (235 gehiago). Azkenik, 55 urtetik gorakoen artean, 16 langabe gehiago daude (% 0,2 gehiago).

Hala, 25 urtetik beherako gazteen artean, 3.195 langabe daude (langabe guztien % 8,9); 25 eta 34 urte artekoak langabe guztien % 18,6 dira (6.639); 35 eta 44 urte artekoak langabe guztien % 25 dira (8.936); eta 45 eta 54 urte artekoak, langabe guztien % 24,2 (8.648 lagun).

Azkenik, 55 urte edo hortik gorakoen artekoak langabe guztien % 23,3 dira, hau da, 8.314 lagun.

Urteko aldakuntzari dagokionez, erregistratutako langabezia, oro har, jaitsi egin da, baina maila desberdinean jaitsi da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!