"2018 urtea gakoa da: aldaketan sakontzeko urtea". Horrela adierazi du EH Bilduk aurtengo balantzea egin eta aurrera begira jartzeko prentsaurrekoan. Hala, 2017ari baikor so egin dio, "argi-ilunak" izan dituen arren, "aldaketa aurrera" baitoa. Heldu den urtera begira, erronka: zonifikazioarekin amaitzeko, euskararen lege berri bat nahi du EH Bilduk, eta Nafarroako parlamentuan legea aldatzeko batzordea sortzea proposatu du, "pertsona guztiek eskubide berberak" izan behar baitituzte, Bakartxo Ruiz parlamentariaren aburuz.
Heldu den urterako hiru lehentasun ezarri ditu EH Bilduk: lehenik eta behin, gardentasuna eta demokrazia -Nafarroako Kutxako eta Ultzamako ikerketa batzordeen emaitzak ezagutzeke daudela aipatu dute-; bigarrenik, justizia soziala eta pertsonen eskubideen arloa -emakumeen eta gizonen eskubide berdintasunerako legeak gogorarazi dituzte bereziki-; eta, hirugarrenik, lurralde antolaketa -tokiko administrazioaren erreforman "sakontzea" da xedea-.
2017a, argi-ilunekin
Aurtengo balantzea positiboa izan da, oro har, baina, dena dela, "argi-ilun" zenbait ere ikusi dituzte. Honako hauek izan dira aurrerapausoak: besteak beste, hirugarren aurrekontuak aprobatu dituztela, LGTBI pertsonen eskubideak bermatuko dituen legea, bermatutako errenta ziurtatzea eta hainbat zerbitzuren birpublifikazioa, tartean Osasunbideko sukaldeena.
Eta zailtasunei dagokienez, zerrenda bakarra da, EH Bilduren aburuz, "urteko albisterik txarrena", eskubideak "murriztu" egiten dituelako; gainontzekoan, Poliziaren Legea atzera bota izana eta Espainiak subirautzari egindako "erasoak" aipatu ditu.