Hitzarmen ekonomikoa sinatuta gutxiago ordainduko dio Nafarroak Madrili

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 28a, 09:18

Cristobal Montoro eta Mikel Aranburu.

>Atzo Madrilen Espainiako eta Nafarroako gobernuek 2015etik 2019ra bitarteko ekarpenaren kalkuluaren hitzarmena sinatu zuten.
>Bi administrazioek azken bi urteotako ekarpenak finkatu dituzte: 2015ekoa 510 milioi izanen da, eta 2016koa 497 milioi euro.
>Nafarroak urteotan gehiegi ordaindu diolako, orain Madrilek 215 milioi euro itzuliko dizkio. 

Atzo Madrilen Espainiako eta Nafarroako gobernuek 2015etik 2019ra bitarteko ekarpenaren kalkuluaren hitzarmena sinatu zuten. Bi administrazioek azken bi urteotako ekarpenak finkatu dituzte: 2015ekoa 510 milioi izanen da, eta 2016koa 497 milioi euro. Hala, Nafarroak azken bi urteetan gehiegi ordaindu zioenez estatuari, Madrilek orain 215 milioi euro itzuli beharko dizkio. Aurtengo kopuruari dagokionez, laugarren hiruhilekoko azken ordainketa egitea falta zaio foru ogasunari, baina bi aldeek behin-behinean 509 milioi euroko kopurua adostu dute; Ogasun Ministerioak urte hasieran erreklamatutako 627 milioi euroetatik oso urrun. Hala, aldaketaren gobernuak erdietsitako akordioarekin UPNren garaian Espainiari ordaintzen zaiona baino %23 gutxiago ordainduko zaio orain.

Atzo arratsaldeko seietan, Ogasun Ministerioaren egoitzan zuten hitzordua bi gobernuetako ordezkariek. Nafarroaren izenean, Foru Ogasun Departamentuko zuzendariekin batera, Mikel Aranburu Ogasun kontseilaria eta Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordea zeuden. Espainiako Gobernuaren izenean, Ogasun Ministerioko zuzendari nagusiak zeuden, eta denen buru Cristobal Montoro ministroa.

Nafarroako tesiekin bat eginda

Akordioa sinatuta, pozik agertu zen Mikel Aranburu. Haren ustez, «akordio ona da finantza egonkortasuna emanen diolako Nafarroako Foru Erkidegoari». Nafarroaren finantzaketarako tresna dela Hitzarmen Ekonomikoa, horixe gogorarazi zuen eta «jada tradizio historikoa» duela, 1841ean duelako jatorria. Hitzarmen hori adostearekin pozik dira Nafarroako Gobernuko kideak.

Montorok ere hartu zuen hitza. Esan zuen oso akordio ona dela bai nafarrentzat eta bai espainiarrentzat. Eerakundeen arteko finantza harremanak normalizatzen dituela ere uste du, eta administrazioen artean zentzurik ez duten gatazkak saihesten dituela.

Zer nolako berritasunak ekarriko ditu atzo sinatutako akordio horrek? Bada, Espainiako Gobernuak 2012an sektore elektrikoaren gaineko zerga ezarri zuen, eta, geroztik, Nafarroan haren bilketaz foru ogasuna arduratzen da. Dena den, urtero bildutako 30 milioi euroak estatuari itzuli behar dizkio. Orain bi administrazioek hitzartu dute ekarpenaren kalkuluan sartzea eta haren bidez itzultzea.

Era berean, erregaien gaineko zergaren inguruko doikuntzak dira beste berritasunetako bat. Orain arte, Nafarroan bildutakoaren kalkulu bat egiten zuten bi administrazioek, eta horren arabera zehazten zen zenbat ordaindu konpentsazio gisa. Hala, 2013tik teknologiari esker administrazio bakoitzari dagokion bilketa zehazteko modua dago.

Atzo arratsaldean ikusi genuen hitzarmen ekonomikoaren sinadura, eta gaur, Mikel Aranburuk berak, Ogasun kontseilariak eta Uxue Barkosek agerraldia eskainiko dute hitzarmenaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko asmoz. Agerraldia, goizeko hamar terdietan izanen da eta hortaz,Euskalerria irratiko eguerdiko albiste kontakizunean guk ere emanen dizkizuegu xehetasun gehiago. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!