Euskara administrazioan arautzeko foru dekretua da bi sindikatu horien kezka oraingoan. Euskaldunen eskubideak bermatzeko bidean emandako pausorik txikiena ere inposiziotzat jotzen dute hainbat alderdik eta sindikatuk, eta, bide hori hartuta Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika baldintzatzea lortzen ari dira, bai epaitegietara jota edo lege proposamenen bidez ere.
Atzo, UGT eta SPA sindikatuak izan ziren euskararen foru dekretuaren kontra jo zutenak, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietako Salan helegitea aurkeztuta. Gainera, errekurtsoaren gaineko ebazpena heldu arte, dekretuaren aplikazioa «behin behinean» eteteko ere eskatu zieten.
Zerrenda bakarrarekin eta Euskararen Legearen moldaketa partzialarekin gertatu bezala, elebakarren diskriminazio gisa aurkeztu zituzten sindikatu bi horiek euskaldunen eskubideak bermatzeko neurriak: «Nafarroako herritar gehienak diskriminatzen dituzten hizkuntza irizpideak inposatu nahi dituzte, gutxiengo txiki bati mesede egiteko», azaldu zuen UGTko Administrazio arloko arduradun Jesus Elizaldek.
Zehazki, administrazioan euskarazko arreta bermatzeko beharrezkoak diren lanpostuak zehazteak «berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak» urratzen dituela uste du UGTko ordezkariak, elebakarrek administrazio publikoan lan egiteko duten «oinarrizko eskubidea» trabatzen duelako.
Hezkuntzan, Osasunbidean eta nukleo administrazioko lanpostuetan hizkuntza eskakizunak ezartzea ere ez dute begi onez ikusi sindikatu horiek, UGTk eta SPAk. Txalotu egin zuten bakarrenetakoa izan zen hezkuntzako zerrenda bakarra baliogabetzeko PSNren lege proposamena aurrera atera izana, erabaki hori gehiengo sindikalaren aurkakoa izan arren.