'Euskarabentura', Euskal Herria zeharkatuko duen gazte espedizioa

Euskalerria Irratia 2017ko abe. 28a, 07:53

Argazkia: Iker Goñi eta Irati Labaien 'Euskarabidea' espedizioaren aurkezpenean, Katakraken.

Euskararen erabilera sustatzeko helburuz, eta Donejakueko bideari jarraituz, Euskal Herriko probintzia guztiak ezagutuko dituzte 120 gaztek, 2018ko uztailean 'Euskarabidea' espedizioari esker.

Euskal Herria zeharkatuko du 'Euskarabentura' espedizioak, uztailean: 16 eta 17 urteko 120 gaztek hilabete pasako dute zazpi herrialdeak ezagutzen, Mauletik abiatu eta, hiriburu guztiak bisitatzeaz ez ezik, gizateriaren ondare diren txokoak ikusiko dituzte, Donejakue bideei segituz.

Kezka bati tiraka hasi ziren 'Euskarabentura'-ko antolatzaileak, euskararen ezagutzak gora egin badu ere, erabilpenak ez duelako bide berbera segitu; ondorioz, "erabilera sustatzeko" martxa antolatzea bururatu zitzaien. Bururatu eta martxan jarri. 2018ko uztailean izanen da-eta.

Euskararen erabilera bultzatzeaz gain, bestelako helburuak ere badauzkate: "euskaldun gazteen sarea sortzea"; Euskal Heriaren "ezagutzan sakontzea" eta baloreak lantzea -"genero berdintasuna, turismo arduratsua, ekologia eta elkarbizitza"-; Iker Goñi antolatzaileak azaldu duenez.

Nola parte hartu?

Parte hartu nahi duten gazteek motibazio gutuna eta lan bat bidali beharko dituzte. Lanak hiru gai hauetako baten ingurukoa izan behar du: euskara eta parte hartzailearen herria; euskara eta emakumeak; edo euskara eta itsasoa. Formatuari dagokionez, bost onartuko dituzte: lan historikoa, literarioa, plastikoa, musikala edo ikus-entzunezkoa.

Izen ematea eta lanak bidaltzeko epea martxoaren 18an amaituko da, eta apirilaren 16an jakinaraziko dute zeintzuk izan diren onartutakoak. 2001ean eta 2002an jaiotakoek parte hartzen ahalko dute, eta, izena emateko, euskaraz jakitea da betebehar bakarra.

Euskarabentura.eus webgunean eskuratu daiteke informazio gehiago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!